1980ko hamarkada amaitzear zelarik Londresen entzundako gertakizun apokrifoa: Margaret Thatcher museo ezagun batera doa bisita ofizialean. Bere ordezkariak aurrean duten artelan zaharberritua miresten ari diren bitartean, Thatcherrek alboko egile-izenburu etiketan ipintzen du arreta osoa. Artelanei kasu handirik egin gabe eman du ekitaldia. Galdera bakarra dauka burdinazko andereak: «Zer-nolako plastifikazio prozesua dute museoko etiketek?». Thatcherrek kimika ikasi zuen Oxfordeko Unibertsitatean. Seguruenik, kontatu dena ez da egia. Baina, fikzioa balitz ere, egia galanta azaleratzen du gisa bisualean: Thatcherren ideologian teknologiaren —eta ez zientziaren— utilitarismoa zen dinamoa, eta, horren alboan, artea eta humanitateak hutsaren hurrengo ziren.
Katakrakek argitaratu berri duen Kultura, aurkakotasuna eta boterea bilduman —Stuart Hallen testu hautatuak dira, Ibai Atutxak itzuliak—, atal bat Thatcherri dagokio: Gramsci eta gu. Thatcherismoa ulertzeko, Gramsci arretaz irakurtzea da Hallen gomendioa. Eta gaur egun gauza bera egin beharko genuke; Stuart Hallen analisiarekin bat egin, eta haren bidez pentsatu. Thatcherren iraultzaren azterketa fina eskaintzen baitigu, eta orain normaltzat jotzen ditugun gizarte harremanak aztertzeko tresna baita, horrenbestez.
Ikusi gehiago
Thatcherrek zioen ez dagoela gizarterik, komunitatearen kontzeptua jada hil dela eta, haren ordez, gizabanakoen interes indibidualistak besterik ez direla existitzen. Thatcherren garaitik, utilitarismoa izan da unibertsitatearen gainbehera Erresuma Batuan. Dagoeneko, Samuel Becketten Hobeto huts egin lelo ezagunak ez du lekurik unibertsitate garaikidean eta, itxura denez, jarduera guztiek emaitza jakinak ekarri behar dituzte. Azken finean, esperimentazioak ez du pisu handirik egungo akademian, emaitza prozesuaren aurretik jartzen baita. Barne eta kanpo lehiakortasun basatiak kolonizatu du pentsamendua, zeina han eta hemen Thatcherren ondorengo den. Horrexegatik da hain garrantzitsu Stuart Hallen ekarpena arretaz irakurtzea, egiteko beste modu batzuk iradokitzen baititu.
Subjektibo ala objektibo
2013an, John Akonfrah zinemagile afrikar-britainiarrak The Stuart Hall Project dokumental fina aurkeztu zuen. Stuart Hallen bizitza artxibo irudien bidez kontatzen du, Miles Davis jazz musikariaren kantek filmaren hezurdura osatu ahala. Hallek betidanik aipatu zuen Miles Davisen garrantzia; alde batetik, 19 urte zituenean lehendabizikoz entzun zuenetik bere bizitzaren soinu banda bihurtu zelako, eta, bestetik, musikariaren esperimentazioak bere teorizazioan eragin zuelako.
Izan ere, subjektibotasunaren eta objektibotasunaren arteko harremanean sakontzen du Hallek 2018an argitaraturiko autobiografian, Familiar Stranger: A Life Between Two Islands (Ezezagun ezaguna: bi irlaren arteko bizitza bat). Hall Kingstonen jaio zen 1932an, eta Londresen hil zen 2014an. Bizitzaren eta ideien arteko harilkatzea aztertzen du Hallek.
Liburua esperimentu moduan aurkezten du: bere aburuz, ideiarik abstraktuenak ere izatera bideratu dituzten baldintza subjektiboek osatzen dituzte. Dena dela, horrek ez dakar bere irakurketa indibidualista izatea. Oso modu finean, Hallek Raymond Williamsen sentimenduen egituraren kontzeptua baliatzen du bere teoria garatzeko. Kontrastean, bata bestearen alboan, argiago ikus daitezke kultur eredu bakoitzaren ezaugarriak. Adibide gisa, Williamsek belaunaldi berekoa ez den batek —belaunaldi bakoitzak hizkuntza propioa du— edota kanpotar batek emanen liokeen gainbegiratua ematen dio kulturari, eta, hala, kapaz da bertakoek euren kulturan nabaritzen ez dituzten ñabardurak ikusteko. Deskribatutako eredu horri sentimenduaren egitura deitzen dio. Nolabait, hein batean, sentimenduaren egitura garai bateko kultura da.
Autobiografian aurki daitekeen esperimentazioan, subjektibotasunaren eraikuntza argitzearren, arrazen arteko hierarkia aztertzen du autoreak, azterketa haurtzarotik beretik hasita, eta Jamaikaren kasuari erreparatuz. Hall enpresa kolonialean parte hartzen zuen familia batean jaio zen, bera zen familian azal beltzena zuena. Gurasoen konplizitatea aztertzen du: zeinak, langile klase beltzena baino gehiago, klase «zuriagoaren» ikuspegia defendatzen zuen. Kontraesankorra irudi lezake, baina, zioenez, kolonialismoari zor zion zeukan hezkuntza maila Hallek, bigarren hezkuntza bukaeran jaso zuen bekaren bidez joan ahal izan baitzen Oxfordera. Haurtzaroa eta nerabezaroa kolonialismoarekin lotzen zituen horregatik, eta atzerriko bizitza, Erresuma Batuan izandakoa, postkolonialismoarekin.
Stuart Hallek ez ditu bere pribilegioak ezkutatzen. Hala ere, pribilegio horiek kontraesanez josirik ikusten ditu. Stuart Hall izen eta abizen eskoziar petoak dira, baina gorputz jamaikar arrazializatuak darama izendapena
Edward Saidek Out of Place (Lekuz kanpo)autobiografian egiten duen bezala, Stuart Hallek ez ditu bere pribilegioak ezkutatzen. Hala ere, pribilegio horiek kontraesanez josirik ikusten ditu. Stuart Hall izen eta abizen eskoziar petoak dira, baina gorputz jamaikar arrazializatuak darama izendapena. Jamaikan lekuz kanpo sentitzen da dagoeneko, eta Britania Handian ikasten hasten denean Oxford txit zurian beltz izateak bere kontzientzia piztuko du. Bi irletan lekuz kanpo izateak arraza eta kultura aztertzeko begirada emango dio Halli. Kulturen arteko talka hori dago kultur ikasketen hastapenetan.
Gurera ekarririk, kritika garaikidean ekarpenak egin dituztenen artean kanpora joateak egin duen eraldaketa ere ikus dezakegu. Ekar ditzagun gogora, askotariko ikuspegitakoak izanik ere, Joseba Zulaika, Joseba Gabilondo, Jule Goikoetxea edota Ibai Atutxak atzerrian izan dituzten ibilbideak. Hallek talkarekin lotzen ditu bidaiak, eta horren ondorioz garatzen diren tresna teorikoak eraldatzaileak izan daitezke.
Arraza giltzarri da autobiografian. Haurtzaroan, hori da familiaren tabu nagusia, eta helduaroan aktibista moduan landuko du. Karibea kultur aniztasunaren aurrekari gisa azaltzen du Hallek, ez baitago jatorri jakinik. Etxearen kontzeptua problematizatzen du etengabe. Nora itzuli ez dagoenean jatorri bakarra? Pasarterik ederrenak jatorriaren ezintasunari dagozkio. Esate baterako, James Baldwin idazle iparramerikarrari gertatutakoa kontatzen du. Baldwinek mendebaldeko indiar bat topatzen du 60ko hamarkadan Londreseko Britaniar Museoan, eta hark zera galdetzen dio: «Nongoa zara?». Idazleak honako hau erantzuten dio: «Harlemgo ospitalean jaio nintzen». Eta mendebaldeko indiarrak berriz ere galdetzen dio: «Baina non jaio zinen hori baino lehen?». Ezinezko galdera hori erantzuten ahalegintzen den palinpsesto historiko eta kultural sentibera da Stuart Hallen autobiografia.