«Su-etena amaitu da»

U.K.Bill taldeak 'Maite / Gorroto' diskoa kaleratu du, eta emanaldiei ekingo die, 14 hilabete jo gabe egon ostean

U.K.Billen hirugarren diskoa da Maite / Gorroto . ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Gogo biziz eta ilusioz aurkeztu dute Añorgako U.K.Bill taldeko kideek hirugarren diskoa. Maite / Gorroto izena jarri diote: «Eguneroko bizimoduan, zure lanpostua maita eta gorrota dezakezu, pertsona bat asko maita dezakezu eta hurrengo egunean ez... Gauzak bizi-biziak direnean, muga oso fina izan daiteke», Oier Txoperena gitarristaren arabera. Rafa Cabezak «gitarra jotzen du eta ahotsa jartzen» du, Iker Iparragirre baxu jotzailea da eta Unai Corral bateria jotzailea.

Hamasei egun eman dituzte Garate estudioan, Andoainen (Gipuzkoa) grabatzen, Martxel Arkarazo teknikariaren gidaritzapean. Izan ere, hori da disko honen berrikuntzetariko bat, taldekideen esanetan: «Nabari da aldea, aurreko diskoak guk grabatu izan ditugulako eta oraingoan kanpoko iritzi bat eduki nahi izan dugu». Horrek soinu aldetik hobekuntza eta garapena ekarri die, Arkarazo taldeko beste bat izan da eta: «Grabaketa baino hilabete eta erdi lehenago etorri zen, abesti guztiak entzun zituen, eta aldaketak proposatu zizkigun». Kalitatean nabaritzen dela uste dute U.K.Bill-ekoek.

Urte luzea izan da joan den hau, lokalean abestiak atera eta atera eman dutena. Hamasei kantu izan dituzte esku artean, eta 11 aukeratu dituzte. Horietatik, «zer motatako diskoa, indartsuagoa edota erritmo biziagokoa nahi dugun erabaki ahal izan dugu». Erritmo pausatuagoaren aldeko apustua egin dute, eta hitzak ere, «krisia dela-eta akaso, ezkorragoak dira». Halere, «ez dira betiko leloak falta, ezta rock-and-rolla eta gaueko istorioak ere».

Diskoa plazaratuta, jotzea baino ez dute buruan: «Su-etena amaitu da». Etzi Donostiako Doka antzokian joko du U.K.Bill taldeak. «Kontzertu berezia izango da, abesti gehiago joko ditugu, lagunarteko kontzertua izango da eta». Domekan Zizur Txikian izango dira, Nafarroa Oinez-en, eta Durangoko Azokan ere joko dute zuzenean. «Kontrataziorako zeharo zabalik gaude, nahi baduzue zuen taberna edo gaztetxean jotzeko prest».

Beharginak dira taldekideak, eta onartu dute izugarrizko etekina ateratzen diotela beharraren ostean bi orduz entseatzeari. «Ez da gure ogibidea, ez daukagu etekin ekonomikorik. Baina zortzi urte daramatzagu talde gisa, eta nahi duguna egiteko askatasuna daukagu. Plazer handiz, gainera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.