Musika

Su Ta Gar eta Biznaga izango dira Aiara Fest jaialdiko lehen eguneko kartelburuak

Maiatzaren 29an hasiko da jaialdia, ostiralarekin, eta bi egun iraungo du. Larunbatean La Pegatina eta Dubioza Kolektiv izango dira protagonista nagusiak. Hamasei talde ariko dira guztira.

Su Ta Gar taldea 2024an, Atarrabian. IÑIGO URIZ / FOKU
Su Ta Gar taldea 2024an, Atarrabian. IÑIGO URIZ / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
2026ko apirilaren 17a
16:49
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurtengo Aiara Fest jaialdiko antolaketa lanak azken txanpara iritsi dira. Joan den urtearen hondarrean 2026ko kartela zer taldek osatuko duten aurkeztu ostean, egunez eguneko programazioa nolakoa izango den argitu dute orain. Bigarren aldia du jaialdiak, eta maiatzaren 29an eta 30ean egingo dute, Amurrioko Refor gunean (Araba).

Maiatzaren 29an, ostirala, Su Ta Gar eta Biznaga taldeak izango dira protagonista nagusiak. Haiekin batera, Sanguijuelas del Guadiana, Süne, Sobrezero, Mirua, Niña Coyote eta Chico Tornado eta Sr. Lobezno igoko dira oholtzara.

Maiatzaren 30ean, larunbata, eskaintza zabalagoa izango du festibalak, antolatzaileen hitzetan: «Dantzaren eta estiloen arteko elkarrizketak ardaztuko du eguna». La Pegatina eta Dubioza Kolektiv izango dira kartelburuak, eta haiekin batera Janus Lester, Javi Medina, Merina Gris, El Jose, GWA Ya eta Sr. Lobezno arituko dira.

Antolatzaileek lehen jaialdian finkatutako oinarriak berretsi dituzte aurtengoan ere, hala nola «euskararekiko konpromisoa, hurbiltasuna, lurraldearekiko lotura, aniztasun artistikoa eta jasangarritasunean oinarritutako eredua».

Jaialdi osoko sarrerak salgai daude webgunean, eta aurki hortxe izango dira egunez egunekoak ere, antolatzaileek adierazi dutenez.

Jaialdi «eklektikoa»

2026ko jaialdiko kartela osatzean «zuzeneko indartsuak» eskaintzen dituzten taldeak hobetsi dituzte, eta «kutsu sozial eta emozional handikoak» izateari ere garrantzia eman diote. Halaber, rocka, punka, indiea, joera urbanoak eta «sustraietara» jotzen duten taldeak proposatzea izan dute gogoan, egitarau «zabal eta eklektikoa» osatze aldera. Bestalde, «naturaz inguraturiko kalitatezko musika esperientzia» gisa definitu dute jaialdia, eta «pilaketarik gabeko eta ondo zaindutako giroa» izango dela ziurtatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA