Literatura

'Su txiki bat': memoria ariketa bat, umoretik jorratuta

Lorea Azpeitiak 'Su txiki bat. ETAko emakumeak fikziozko irudi estereotipatuetatik at' saiakera kaleratu du, Susaren Lisipe bildumako liburu berria. 2024an egindako tesia hartu du abiapuntutzat egileak.

Lorea Azpeitia, gaur Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Lorea Azpeitia, gaur Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2026ko azaroaren 3a
17:06
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Mundu berri bat» zabaldu zitzaion Lorea Azpeitia ikerlari eta EHUko irakasleari, 2017an Susaren Lisipe bildumako lehen liburua irakurri zuenean. Borroka armatua eta kartzela izan zen lan hori; Oihana Etxebarrietak eta Zuriñe Rodriguezek ondu zutena. Nolabait esanda, hutsune bat betetzen zela iruditu zitzaion, ordura arteko kontakizun hegemonikoari begirada feministatik heltzeko aukera zegoela ikusi baitzuen. Orain, lehen irakurketa hartatik ia hamarkada batera, Lisipe bildumako liburu berriaren egilea da Azpeitia, Su txiki bat. ETAko emakumeak fikziozko irudi estereotipatuetatik at saiakera plazaratu berri baitu.

Itzulpegintza eta Interpretazioko gradua egin zuen Azpeitiak, eta, ondoren, Euskal literatura eta kritika feminista doktoregoa. Gatazka armatuaren memoria literarioa ikertu, eta horren inguruko doktorego tesia egin zuen 2024an. Hain zuzen, tesi hori izan du abiapuntu egileak Su txiki bat idazteko. «ETAko emakumeen genero irudikapena ardatz hartuta, euskal gatazka armatuaren oroimenaren eraikuntzaren inguruan hausnartu dut», azaldu du. Izan ere, bere ustetan, zenbait eragilek memoria kolektiboan duten eragina bistan jartzeko erabiltzen dute literatura, eta horri lotutako emakumeen gaineko iruditeria estereotipatua sortzen dute. 1950eko hamarkadan hasi eta 2010eko hamarkadara arte, modu kronologikoan, iruditeria hori aztertu du saiakeran.

«[Euskal gatazkaren inguruan] Kalean ikusten nuena, eta literaturan jasotzen zena oso desberdina zen. Ez nintzen eroso sentitzen»

LOREA AZPEITIA Idazlea eta ikerlaria

2007ko urriaren 3an Espainiako Poliziak Azpeitiaren oso gertuko lagun baten aita atxilotu zuen. «Hor sartu zen gatazka nire bizitzan, kontziente nintzela behintzat», oroitu du; 13 urte zituen. Urteek aurrera egin, eta euskal literaturaren inguruan ikertzen hasi zenean, konturatu zen euskal gatazkaren inguruko literatura egon bazegoela, baina ez zen harekin oso identifikatuta sentitzen: «Kalean ikusten nuena, eta literaturan jasotzen zena oso desberdina zen. Ez nintzen eroso sentitzen». Doktorego tesia egiterako garaian beste dimentsio bat hartu zuen gai horrek, feminismotik heldu baitzuen.

Tonuaren bila

Tesirako material andana bildu zuen Azpeitiak, baina Su txiki bat-ek tonu propioa izatea nahi zuen, eta kosta egin zitzaion hori topatzea; «ez nuen tesia erreproduzitu nahi». Denboraren poderioz, bi liburuk eman zioten erantzuna: Jule Goikoetxearen Politeismo bastarta-k (Susa, 2024), eta Emmanuel Carrereren Yoga-k (Anagrama, 2021). Bien ala bien tonu ironiko eta jostaria bere egiten saiatu zen egilea, eta honako ariketa egin zuen: Goikoetxearen pasarte bat irakurri, Carrereren beste bat, eta jada idatzita zuena berridatzi. «Liburu pertsonalagoa egin nezakeela konturatu nintzen. Liburuan nire oroimena konpartituta, denak zentzua zuen».

Lisipe bildumako editorea da Goikoetxea, eta Azpeitiaren saiakeran umore asko dagoela azaldu du: «Oso ironikoa da, erritmo handia du». Adibide bat jarri du jarraian, Aieteko Konferentziaren inguruko pasartea da: «Imajina ezazue Aieteko Jauregian egiten ari den Nazioarteko Bake Konferentzian gaudela. Une historiko inportante baten aurrean gaude (...). Argazki ofizialaren ordua da. Sei pertsona daude. Lau gizon zuri, gizon beltz bat eta emakume bat. Halako batean oihu batzuk entzuten dira (...). Lisipe eta bere kideak dira. 'Non daude feministak!' eta 'Hau ez da gure bakea!' egiten dute aldarri». «Hau da tonua, esku fina izan du fikzioa sartzeko», aipatu du editoreak.

Kattalin Minerrek idatzi du liburuko hitzaurrea, eta gatazkari lotutako gaiei umorez heltzeko beharraz hitz egin du: «Ematen du horrek pisua kendu ahal diola irakurketari, eta justu kontrakoa da». Bestalde, orain artean gai horren inguruan nork hitz egin eta nola hitz egin posizio politikoari lotuta egon dela aipatu du, eta, bere ustez, Azpeitiak dikotomia hori haustea lortu du. «Gaiari ez dio begirada partziala ematen. Behar genuen hori eman digu orain arteko begirada osatzeko». 

Minerren ustetan, Su txiki bat-en muina beste alor batzuetara ere zabaldu daiteke: «Ariketa interesgarria da beste edozein errelato sozial nola eraiki den ikusteko».

lisipek 10 urte

Aurten beteko dira 10 urte Lisipeko lehen liburua kaleratu zenetik. Hori dela eta, Azpeitiaren lanaren aurkezpena berezia dela aipatu du Goikoetxeak. Editoreak esan du pozik daudela, bildumaren helburuak lortu direla uste duelako: «Euskal pentsamenduaren bilduma feminista egitea lortu dugu». Horrez gain, irakurleek bilduman duten garrantzia ere aipatu du, «jende aktibista eta feminista da».
Gaiak mahai gainean jartzea, eta jada eskainitako gaien inguruko lan gehiago sortzeko aukera eman du Lisipek. Halaxe gertatu da Azpeitiarekin; bere saiakeran behin eta berriz egiten dio erreferentzia bildumako lehen liburuari. «Karanbola bat da» aipatu du editoreak.
Egileak, bestalde, Lisiperi «asko zor» diola kontatu du, pentsamendu feminista «artikulatzen» lagundu diolako. «Ale bakoitza oso determinantea izan da».
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA