Literatura

Susmoei tiraka idatzitako ipuin liburu bat kaleratu du Ane Zubeldiak

'Datorren udan ez gara hemen biziko' liburua plazaratu du Elkar argitaletxearekin. Sei ipuinez osatuta dago, eta kontakizun konbentzionalak eta esperimentalak nahasten ditu. 2024ko Igartza sariaren emaitza da.

Ane Zubeldia idazlea gaur, Donostian, liburua esku artean duela. GORKA RUBIO / FOKU
Ane Zubeldia idazlea gaur, Donostian, liburua esku artean duela. GORKA RUBIO / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2026ko apirilaren 29a
16:38
Entzun 00:00:00 00:00:00

2024an aurkeztu zuen Ane Zubeldia idazle eta itzultzaileak Igartza sarirako bere proposamena; zehazki, aldi horretako irabazlea izan zen. Ordutik bi urte pasa diren honetan, Datorren udan ez gara hemen biziko ipuin liburua kaleratu du idazleak, Elkar argitaletxearekin. Zubeldiaren esanetan, badira 2024an aurkeztutako idazki horretatik aldatu ez diren bi gauza. Lehena: izenburua bera, bere horretan mantendu baitu. Bigarrena: liburuak izango zuen izaera. Halaxe definitu zuen, hasieran, etorkizuneko lan hori: «Liburu hunkigarri bat idatzi nahiko nuke. Pertsonaia samur nahiz krudelez, xalo nahiz adiez betetako liburu bat».

Sei ipuinez osatutako lana da. Zubeldia: «Susmo batzuk nituen, eta susmo horiei tiratzeko gogoa izan dut». Bide horretan, lizentzia batzuk hartu ditu idazleak. Adibidez, liburuaren hasieran dauden ipuinak konbentzionalagoak dira, baina, aurrera egin ahala, kontakizun esperimentalagoekin topo egingo du irakurleak. Ipuin esperimentalen artean daude, esaterako, eguneroko baten moduan idatzita dagoen bat eta poema baten gisan idatzita dagoen beste bat. Hain zuzen, idazleak aitortu du asko edan duela poesiatik —haren aurreko lana, Kontra, poema liburu bat da, eta Espainiako Kritikaren Saria jaso zuen—. Nahiz eta ipuinek egitura desberdina eman, istorio bakoitzari ondoen zetorkion forma aukeratzen saiatu da idazlea; «transmititu nahi nuena transmititzeko modurik onena bilatzen».

«Gogoa nuen liburu sentsorial bat idazteko, zentzumenek irakurlea asko interpelatuko zutena»

ANE ZUBELDIA Idazlea

Ipuin guztiek dute gai bat komun: efimerotasuna. Irati Zubia filosofoa izan da Datorren udan ez gara hemen biziko-ren lehen irakurleetako bat, eta halaxe azaldu ditu lanaren nondik norakoak: «Pertsonaiak zerbaiti heldu nahian baina behatzen artetik ihes egiten diela imajinatu ditut». Eta, zerk egiten die ihes? Haren hitzetan, bizitzak berak, bizitzako etapa batek, harreman batek, memoriak, baita munduak ere. 

Zubiaren ustez, liburuak asko du gorputzetik, usainek, paisaiek, sentsazioek eta testurek garrantzia berezia dute-eta. Kontakizunetako tokietako batzuk Bilbo, Burgos, Tarragona eta Zuberoa dira, esaterako. Liburua idatzi bitartean, paisaiek bere idazteko maneran duten garrantziaz jabetu da Zubeldia: «Nire biografia pertsonala dira». Pertsonaiak non dauden azaltzea garrantzitsua iruditu zaio egileari, baina baita haiek zer usaintzen duten, eta gorputzean zer sentitzen duten ere. «Gogoa nuen liburu sentsorial bat idazteko, zentzumenek irakurlea asko interpelatuko zutena», gaineratu du.

«Txakur idazlea»

Iñigo Astiz BERRIAko kazetari eta idazleari behin entzundako kontzeptu baten inguruan hitz egin du Zubiak. Azaldu duenez, bi motatako idazleak bereizi zituen Astizek: batetik, detektibe lana egiten dutenak, euren buruan eskema zurruna dutenak eta eskema horri jarraitzen diotenak; eta, bestetik, «txakur idazleak», zerbaiti usnaka edo zerbaiten bila egongo balira bezala idazten dutenak. Zubeldia bigarren taldekoa da, filosofoaren ustez. Gainera, irakurlea bera ere «txakur irakurle» bilakatzea lortu duela uste du: «Piezei segika irudi osoagoak eraikitzen dira». Kontakizunetan aurrera egin ahala informazio gehiago lortuko du irakurleak, gauza bakoitza neurrian kontatuta; Zubia: «Gauzak ez ditu esplikatzen, baizik eta kontatu. Horrek zuretik osatzeko aukera ematen du».

Datorren udan ez gara hemen biziko idaztea prozesu luzea izan dela kontatu du egileak, baina hainbat gauzez jabetzeko balio izan dio bideak. Sortzeko orduan bere burua pertsona kaotikotzat zuen, baina oraingoan konturatu da zer zaion benetan baliagarri: «Buruan idazten joatea». Memorian gordetzen zituen ideia zein bestelakoak papertxoetan apuntatzen joan da Zubeldia, eta collage erraldoi bat osatzen. Horrela, gauzak argi izan ez dituenean, collage hori izan du laguntza gisa.

Bada idazleak deskubritu duen beste gauza bat ere: «Konpromiso handia dut literaturarekin». Liburua idaztean, espero ez zuen arren, asko gozatu duela aipatu du. Bestalde, idaztea mundua zaintzeko modu bat ere badela iruditzen zaio Zubeldiari: «Mundua zarataz beteta dagoenean, hitz zehatzak erabiltzen saiatzea bada zaintzeko modu bat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA