Sustraietan eta folklorean jarriko du arreta Labo XL arte eszenikoen jaialdiak

Gaurtik igandera bitarte egingo dute festibalaren zazpigarren aldia, Donostian. 21 ikuskizun eskainiko dituzte, eta horietatik 15 lehen aldiz ikusi ahal izango dira Euskal Herrian.

'Y.Park' ikuskizunaren irudi bat. BERRIA
'Y.Park' ikuskizunaren irudi bat. BERRIA
Amaia Jimenez Larrea.
2025eko azaroaren 13a
15:21
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gorputza eta mugimendua ardatz dituzten lanen aterpea da Labo jaialdia. Duela zazpi urte hasi ziren antolatzen, Donostian, sorkuntza prozesuak ezagutzera emateko, ikuskizunak programatzeko, eta, funtsean, arte eszenikoak publikoari gerturatzeko asmoz. Gaur hasi da aurtengo aldia, eta igandera arte, makina bat proposamen egongo dira jendearen eskura: dantza, antzerkia, zirkua, bai eta musika ere. Donostiako bi lekutan egingo dituzte jarduerak: Tabakaleran eta Gazteszenan.

Euskal Herriko zein nazioarteko artistek hartuko dute parte; orotara 23 konpainia izango dira. 21 ikuskizun programatu dituzte, horietatik erdiak baino gehiago —15, hain zuzen— Euskal Herrian lehen aldiz ikusi ahal izango dira. Aurten, arlo garaikidea landuta ere, tradizioari, sustraiei eta folkloreari garrantzia ematen dioten proiektuetan jarri dute begirada antolatzaileek. 

Labok hiru egonaldi artistiko antolatzen ditu —Aideko egonaldia, Eki programa eta Iturri egonaldia—, eta egonaldi horietan sortzen ari diren lanen erakustaldiak egingo dituzte. Komorebi produkzioak taldearen Zuloa, Olaia&Giles konpainiaren Festa Formal, eta Fran Siera konpainiaren BenQuerer izango dira proiektu horiek. 

Estreinaldiak

Hainbat euskal konpainiak ikuskizun berriak lehen aldiz taularatuko dituzte festibalean. Dab konpainiak, esaterako, Tinieblak estreinatuko du larunbatean, antzinako erlijio errituak eta euskal dantzak uztartzen dituena. Zuk Performing Arts-ek Y.Park dantza garaikideko lana eskainiko du; askatasun bila dabilen emakume batean oinarritua dagoen ikuskizuna. Bestalde, Hendaiako (Lapurdi) Ibawa kolektiboaren Gaua ikusi ahal izango da igandean. Isilaraziak, zapalduak eta zigortuak izan diren emakume euskaldunen aztarnari erreparatu diote kolektiboko kideek proiekturako.

Emanaldiak ez ezik, beste ekitaldi batzuk ere antolatu dituzte. Adibidez, bihar 11:00etatik aurrera negozio mahaiak antolatu dituzte Tabakaleran bertan. Konpainientzako espazio bat izango da, haiek hainbat kultur programatzailerekin harremanak egiteko eta euren kezkak plazaratzeko aukera izateko. Hitzaldiak eta tailerrak ere izango dira. 

Jardueretan parte hartzeko beharrezkoa izango da sarrerak erostea. Abonamenduak, eguneko sarrerak eta sarrera arruntak daude eskuragai, Laboren webgunean sartuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.