Datorren astelehenetik ostegunera, bost koreografok Tabakalera Dantzan ziklorako prestatu dituzten sei emanaldi eskainiko dituzte Donostian, zentroaren eraikinean. Donostiako Musika Hamabostaldiko egitasmo horren helburuak hauek dira: dantza garaikidearen esparruan sorkuntza sustatzea, eta diziplina artistiko hori hedatzeko plataforma izatea. Zikloaren komisario Olatz de Andresek esan du aurtengo zikloa osatzen duten sorkariak «bereziak» direla, eta hausnarketa sustatzen dutela: «Emanaldiak aproposak dira geure buruari galdetzeko zerk mugitzen gaituen eta, publikoa garenean, esperientzia artistikoak nola eraldatzen gaituen».
Abuztuaren 11n Laida Aldazek emango dio hasiera zikloari. Bi emanaldi egingo ditu Tabakalerako plazan, 17:30ean lehena eta 19:30ean bigarrena. In perspective / Tabakalera izendatu ditu saioak, eta, haietan, dantza eta arkitektura uztartuko ditu. Astelehenetan itxita egon ohi da eraikina, eta, oraingoan, Aldazen bi emanaldiak direla eta, sarrera dutenek eraikin osoa eurentzat izango dute. Aldazek azaldu duenez, bere emanaldi guztiak ezberdinak dira, «gune bakoitzaren arkitekturatik abiatuta» sortzen baititu obrak. Publikoa emanaldian oinez ibiliko da eraikinean zehar, eta «ikus-entzule bakoitzak jasoko duena ezberdina da, bakoitzaren hautua baita nondik ibili eta nora begiratu», egileak esan duenez. Espazio txikietan aritzera ohituta egonik, oraingoan eraikin osoa izango duenez, sei dantzarik osatu ohi duten taldeari beste sei dantza ikasle gehitu dizkio. Juan Mari Urriza musikaria ere arituko da bi saioetan.
«Ikus-entzule bakoitzak jasoko duena ezberdina da, bakoitzaren hautua baita nondik ibili eta nora begiratu»LAIDA ALDAZ Koreografoa
Asteartean ere bi emanaldi egingo dituzte, baina, kasu horretan, sortzaile batek ondu du bakoitza: La Cerda konpainiak El Baile de la Zurda izenekoa, eta Melania Olcinak, berriz, Tactus. La Cerda konpainiak Bartzelonan du egoitza, baina jatorri latinoamerikarrekoa da. «Laburra baina gozagarria» izango da eskainiko duen pieza, De Andresen esanetan. Latinoamerikan ohikoak diren dantza maratoien errepresentazio garaikidea izango dela ere aurreratu du. Olcinarena, berriz, poetikoagoa eta sentsorialagoa izango da. Sara Agueda harpa jolea izango du oholtzakide. Eskainiko duten ikuskizunaren izenak aditzera ematen duen modura, ukipenari buruzko saio b at izango da. Harparen harien keinuek eta bibrazioek, dantzarekin batera, soinuaren eta fisikaren arteko mugak lausotuko dituela aurreratu dute.
Urtero antolatu izan duten sorkuntza egonaldia da zikloaren oinarrietako bat. Dagoeneko ibilbide bat egina duen sortzaile bati eskaintzen zaio egonaldia egiteko aukera, eta askatasun osoa ematen zaio bere proposamena gauza dezan. Aurtengoan, Idoia Zabaletak (Gasteiz, 1970) dagoeneko lantalde batekin hasia zuen lan prozesuari jarraipena eman dio Tabakaleran. Lantaldekide ditu Idurre Azkue, Jone Amezaga, Jone San Martin eta DJ Bihotza. Orta edo nor-bat dantzan_pista de baile pieza izan da emaitza, eta abuztuaren 13an emango dute, eraikinaren patioan. Emanaldiak poema bat du oinarrian, Isadora Duncan dantzan ikusi zuenean Gertrude Steinek idatzi zuena. Danele Sarriugartek eta Ane Garciak itzuli zuten olerkia, eta bi orduz errezitatuko dute dantzariek, koreografia bat dantzatzen duten bitartean. Zabaletak argi utzi du bere lantaldearen helburua: «Tekno jai bat ospatu nahi dugu: etorriko diren guztiak dantzan ipiniko ditugu».
«Tekno jai bat ospatu nahi dugu: etorriko diren guztiak dantzan ipiniko ditugu»IDOIA ZABALETAKoreografoa
Zikloa Jesus Rubiok eta Luz Pradok itxiko dute, ostegunean, Estudios elementales emanaldiarekin. Rubio dantzaria da, eta Prado biolin jolea. Dantzatzearen eta musika instrumentu bat jotzearen inguruko elkarrizketa bat proposatuko dute; musikaren, dantzaren eta hitzen bidezko elkarrizketa bat. Mekanismo «oso errazetatik» abiatuta —gorputzarekin eta biolinaren arkuarekin mugimendu sinpleak eginez—, geroz eta konplexuagoa bilakatzen den «bidaia bat» marraztuko dute.
Patrick Alfaya Hamabostaldiaren zuzendariak adierazi du asmoa dutela dantzak jaialdian geroz eta presentzia handiagoa izan dezan urtetik urtera.
EGITARAUA
- Abuztuaren 11n. Laida Aldazen 'In perspective / Tabakalera', Plazan.
- Abuztuaren 12an. La Cerda konpainiaren 'El Baile de la Zurda', Plazan.
- Abuztuaren 12an. Melania Olcina eta Sara Aguedaren 'Tactus', Prisman.
- Abuztuaren 13an. Idoia Zabaletaren 'Orta edo nor-bat dantzan_pista de baile', Patioan. Idurre Azkue, Jone Amezaga, Jone San Martin eta Bihotza dj-arekin.
- Abuztuaren 14an. Jesus Rubio eta Luz Pradoren 'Estudios Elementales', Prisman.