Ez aurrera eta ez atzera zegoen egoera, Donostia 2016 proiektua osatzen duten hiru instituzioen arteko desadostasunak medio —Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala—. Azkenerako, ordea, badirudi topatu dutela elkargunea, eta horren gorpuztea da Fernando Bernues; bera izango da proiektuko kultura zuzendaria, eta orain arteko buruak, Eva Salaberriak, bulegoko zuzendari kudeatzaile lanetan jarraituko du. Kargua hartu berritan azaldu duenez, «indarrak batzeko unea» da orain, eta ikusi izan balu erabateko babesik ez zuela, ez zukeen postua onartuko.
Antzerki mundutik dator Bernues, baina haren profilak ematen du gehiagorako ere. 1961eko abenduaren 1ean jaio zen Donostian, eta Danimarkan zein Suedian ibilia da antzerki heziketa jasotzen. Duela 29 urte sortu zuen Tanttaka antzerki konpainia, Mireia Gabilondo eta Kike Diaz de Radarekin batera, eta haiekin zuzendu zuen bere lehen obra, Hau bai nahastea deiturikoa.
Geroztik, hainbat antzerki lan zuzendu ditu, tartean El florido pensil entzutetsua —Frankismo garaiko hezkuntzari buruz Andres Sopeñak idatziriko liburuaren egokitzapena—, El pianista del océano —hori ere egokitzapena, Alessandro Bariccoren eleberriarena, hain justu ere—, Paradero desconocido —Kressmann Taylorren istorio baten eszenaratzea—, eta No me hagas daño. Antzerki lanetan erakusten duen ausardia eta kalitatea eskertu nahi izan zioten 2004an Antzerkiaren Lagunen Elkartekoek eta Txema Zubia saria eman zioten.
Euskal Telebistarako telesail batzuk zuzendu ditu, Maité eta Ertzainak, esaterako. Zineman ere aritua da: Mireia Gabilondorekin batera zuzendu ditu Kutxidazu bidea, Ixabel eta Mugaldekoak filmak.
Pertsonaia. Fernando Bernues
Teatro mundutik Donostia 2016ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu