Literatura

'Terraza debekatua': harem batean bizitzeak dakartzan «debekuak»

Fatima Mernissiren 'Dreams of Trespass' nobela euskaratu du Edurne Lazkanok. Erein eta Igela argitaletxeek elkarlanean eman dute argitara, eta, besteak beste, EIZIE euskal itzultzaileen elkartearen eta Eusko Jaurlaritzaren babesa izan du.

Edurne Lazkano 'Terraza debekatua' liburua ondoan duela, gaur, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Edurne Lazkano 'Terraza debekatua' liburua ondoan duela, gaur, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
Donostia
2025eko abenduaren 2a
17:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Fezko harem batean jaio zen Fatima Mernissi, Marokon, 1940. urtean. «Haren familiako emakumeak ezin dira etxetik irten; muga bat da haientzat. Fatimak beste harem bat topatu du: amona Yasminarena. Inguru hori ezberdina dela ikusi du: han ez dago harresirik. Iruditzen zaio emakumeak libreagoak direla bertan, eta ez dutela mugarik etxean bertan zerbait egin nahi badute». Edurne Lazkano itzultzailea mintzo da; Mernissiren Dreams of Trespass nobela euskaratu du: Terraza debekatua (Erein eta Igela). EIZIEren babesa izan du liburuak.

2015. urtean zendu zen Mernissi, eta bere ibilbidean saiakera mordoa idatzi zituen. Denetariko gaiak uztartu zituen horietan guztietan; besteak beste, honako hauek zerrendatu ditu Inazio Mujikak, Erein argitaletxeko editoreak: «Emakumeen ahalduntzea, tradizioaren berrirakurketa kritikoa eta Islamaren interpretazio feminista». Hainbat lan argitaratu zituen arren, Terraza debekatua idazlearen nobela «bakar» gisa kontsideratzen da.

Fatimaren haurtzaroko «kontakizun fikzionatu» gisa definitu du eleberria editoreak. Hala esanda, pentsa daiteke oroitzapen liburu baten itxura duela. Mujikak azaldu duenez, beti egon izan da eztabaida —eleberria edo oroitzapen liburu bat ote den—, baina argitu du bien arteko «nahasketa bat» dela. «Liburua ez da harem baten erretratua: identitateari buruzko hausnarketa sakon bat da». Hala azaldu du Mujikak. Emakumeek bizi zituzten «muga fisiko» eta «sinbolikoak» kontatzen ditu. Hauek zerrendatu ditu: «Debekuak, ohiturak, askatasun goseak, eguneroko bizitza, elkartasuna eta ahizpatasuna, eta gatazkak». 

Ana Lopez Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendariak Mujikaren zerrendara beste hainbat gako hitz gehitu nahi izan ditu, «kultura sustapenetik lerrokatuta daudenak». Literatura unibertsalaren «balioa» azpimarratu du nagusiki, baina baita itzulpengintzaren «boterea» ere: «Beste herrialdeetako unibertso batzuk ezagutzeko aukera ematen du. Gurera ekartzen dugu, eta gure hizkuntzan egiten dugu. Oso garrantzitsua da hori literatura eta herri bateko kultura sortzeko». Mernissi eta halako erreferenteak bilatzeari garrantzia eman dio, eta talentuari eta sormenari ere leku bat egin nahi izan die: «Bi hitz horiek, batzuetan, idazle edo sortzaile batekin lotzen ditugu, baina itzultzaile baten barnean ere badaude». 

Fernando Rey, Edurne Lazkano, Inazio Mujika eta Ana Lopez liburuaren aurkezpenean, gaur, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Fernando Rey, Edurne Lazkano, Inazio Mujika eta Ana Lopez liburuaren aurkezpenean, gaur, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Harema, «kartzelaren sinonimo»

Mernissik «ehunka» elkarrizketa egin zituen bere liburuari buruz, eta horietan guztietan bazegoen kazetariek behin eta berriz egiten zioten galdera bat: «Benetan jaio al zara harem batean?». Xehetasun gehiago eman ditu itzultzaileak, eta galdera hori bota ostean, Mernissik kazetarien ezpainetan «irribarre» bat ikusten zuela esan du: «Fatimak hauxe pentsatzen zuen: 'Nola zitekeen irribarre egitea kartzelaren sinonimo zen hura entzun orduko?'». Izan ere, haren amona Yasminarentzat, harema «instituzio krudela» zen, «eskubide guztiak kentzen zizkiona». 

Izenburua nola euskaratu pentsatzen ibili zen Lazkano, eta hainbat modutara itzulita zegoela ikusi zuen. Edonola ere, argi zuen kartzelaren ideiari egin nahi ziola erreferentzia. «Terrazak ere badu garrantzia eta indarra liburuan: emakumeak ezin ziren haremeko atetik irten; terrazatik, ostera, bai. Debekatutako hartatik alde egiteko bide bat da terraza». 

Literatura Unibertsala bildumako 192. liburua da Mernissirenaeta, EIZIE euskal itzultzaileen elkartearen lehiaketan, epaimahaiak Lazkanori eman zion eleberri hori itzultzeko lana. Elkarteko lehendakaria da Fernando Rey, eta nabarmendu du proiektua «oso garrantzitsua» dela, «euskara aberasten duelako, itzulpengintza aipatzen duelako, kalitatea ziurtatzen duelako, eta literatura unibertsala eskola delako». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.