Artea

Testuren aukerak, isilpeko desirak eta kasete zaharren lilurak bistara Uharte zentroko erakusketa berrian

Ekoiztu kultur bekaren babesean garatutako hiru proiektu jarri dituzte ikusgai Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan. Ada Garruesen, Elvira Ongilen eta Acid Loverz Rock bikote artistikoaren lanak dira.

Elvira Ongilen lana, Uharte Arte Garaikidearen Zentroko bigarren solairuan ikusgai. IÑIGO URIZ / FOKU
Elvira Ongilen lana, Uharte Arte Garaikidearen Zentroko bigarren solairuan ikusgai. IÑIGO URIZ / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Uharte
2026ko otsailaren 11
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lanerako espazioa eta erremintak, 3.000 euroko laguntza ekonomikoa eta erreferentziazko bi pertsona, nahi izatera laguntza eska diezaieten edo, bestela, sikiera nahi bezain hurbil izan ditzaten beren prozesu artistikoei behatuko dieten bi begirada zoli. Horiek dira Ekoiztu kultur beka erdiesten duten artistek eskura izaten dituztenak. Uharteko Arte Garaikidearen Zentroak sustatzen du programa, eta urtean bitan egiten dituzte deialdia eta hautaketa, hiruna proiekturi babesa emateko aldiro. Gutxi-asko, sei hilabetean behin ailegatzen da ikerketa eta produkzio lanak ikusgai jartzeko tenorea ere, eta, hain justu, berriki sorrarazi dute eszenaratze hori atzera, zentroaren bigarren solairuan. Zehazki, 2025eko lehenbiziko seihilekoan garatutako lanak bildu dituzte mostran. Honako artista hauen lanak dira: Ada Garrues, Elvira Ongil eta Acid Loverz Rock bikote artistikoa —Mattin Etxegarai eta Alessandro Martins—. Lorea Alfaro eta Aimar Arriola izan dituzte laguntzaile.

Erakusketa martxoaren 27ra arte izanen da zabalik. Dena dela, bekaren gerizpean landutako proiektuen kasuan, azken emaitza bainoago, inportanteena prozesua bera delako aldarria irmo defendatu dute obrak ikusgai jarrita dituzten artista guztiek. Are, iradoki dutenez, prozesuak non hasten eta bukatzen diren zehaztea bera ere nekeza litzateke kasurik gehienetan; alde batean zein bestean eten puntuak irudikatuz litzateke ibilbideen erradiografia fidelen.

Acid Loverz Rock bikoteko partaide Etxegaraik ideia hori bera nabarmendu du Dub Cueva bat beren azken lanak oinarrian daukana esplikatzeko, eta argi ohartarazi: «Hemen ez dago azken produkturik; prozesua dago». Materialki ere, propio ekarri dute printzipio hori erakusketara, hain justu: mostratik metro gutxi batzuetara, estudioan lanerako erabilitako tresneria eta materiala «bere horretan» jaitsi dute jendeari erakusteko. «Estudioa bera hona jaitsi dugu, hau da duguna», bota du, natural, irribarrez. «Ez ote garen gehiegi erakusten ari...». 

Mattin Etxegarai, Alessandro Martins kidearekin egindako instalazioan. I. URIZ / FOKU
Mattin Etxegarai, Alessandro Martins kidearekin egindako instalazioan. I. URIZ / FOKU

Etxegarai zein Martins, biak aritzen dira DJ, eta egin duten proposamen artistikoa jardun horrekin lotu-lotua dago. Batik bat horregatik, begiz hautemateko modukoa ez ezik «entzun beharrekoa» ere bada obra; are gehiago, instalazioan bertan paratutako tresnekin DJ saio bat egitea dute azken buruko bokazioa. Besteak beste, TB-3 makina, erritmo kaxa bat, spring reverb-erako gailua eta Iruñeko Nicolette tabernak emandako dozenaka kasete dituzte jasota —Luis Marianoren eta Enrike Zelaia akordeoilariaren albumak eta Sabrina Salernoren Boys eta Hot girl kantuak daude horien artean—. Instalazioko pieza horietan guztietan, artistek analogikoarekiko sentitzen duten lilura gelditu da agerian, Etxegaraik onartu duenez. «Ukimenari ematen dion aukeragatik ere bada hori: bereziki gustatzen zaigu egiten ari garen hori ukigarria delako sentipena. Eta, botoia sakatu, eta klak, horrek berak ere egin dezala soinua; keinuak ere garrantzia du». 

Pretentsiorik ezak eta gozamenak sorkuntza prozesuan izandako pisua ere propio utzi nahi izan du agerian Acid Loverz Rock bikoteak. Etxegarai: «Nahaste-borrastea da, bai». Musikari loturiko dozenaka objektuen artean, ardo botila mordo bat eta ardo gorriaren arrastoak dauzkaten hainbat baso ere paratu dituzte instalazioan. Eta marrazkiak: arkatzez zirrimarratutako Doraemonen silueta antzeman daiteke horietako batean. 

Oihalezko pasabideak

Ada Garrues artistak plazaratutako lanak Ya desperté, sé bueno, besos (Esnatu naiz jadanik, zintzoa izan, musuak) izena du. Aretoan zabal-zabal eta zintzilik, kasik airean pausatuta baleude bezala jarritako oihal handi batzuekin osatu du instalazioa, batez ere. Artistak aspaldi ditu begiz joak horizontaltasuna eta paisaiak; hala erakutsi zuen 2024aren hondarrean Baluarteko Harresi aretoan ikusgai jarri zuen Going Places obran ere, eta bide horretan harago joaz garatu du orain lan berriena.

«Hartzen ditudan erreferentziek naturarekin dute ikustekoa orain ere; bestalde, obrak espaziora egokitzen eta hura nire mesedetan erabiltzen ahalegintzen naiz, eta bereziki erakartzen nau oihalen materialtasunak, ez dut nahi ehunak soilik oinarri gisara erabil daitezen. Oihal hori nola aldatu den sumatu dadin nahi dut: loditu ote den, zimurtu ote den, edo, adibidez, gogortu...», hasi du azalpena. Nobedadea, baina, oihalekin «pasabideak» sortu izanak ekarri du. Oihalek, zintzilik direnez gero, horma modukoak osatu dituzte haren instalazioan, eta, dioenez, horrek oihalen artean batera edo bestera mugitzera bultzatzen du bisitaria, hura «kontenplazio hutsera» mugatu gabe. «Eta pertsonen eta oihalen arteko enkontruak ere interesatzen zaizkit», erantsi du. 

Ada Garruesen 'Ya desperté, sé bueno, besos' obra, Uharten.
Ada Garruesen Ya desperté, sé bueno, besos obra, Uharten. I. URIZ / FOKU

Garruesek baliatu dituen oihal gehienak kotoizkoak eta poliesterrezkoak dira. Gehienbat tinta erabili du horiek pintatzeko, eta margo akrilikoa ere bai zenbait kasutan. Gainera, aurreko proiektuetan ez bezala, mantak ere ekarri ditu instalaziora; «amatxiren etxekoak», zehazki. «Uste dut manufakturatutako objektuak ekartzea badela modu bat nolabait eskulturara hurbiltzeko, eta, aldi berean, neure buruari ikusarazteko ez dudala zertan nik dena hutsetik sortu». 

Espekulazioaren oihartzunak 

Neurri handi batean, «isiluneetan gordetako bizipenak» deszifratzea da Elvira Ongilen Hablar más de treinta minutos con ella (Harekin 30 minutuz baino gehiagoz hitz egitea) proiektuaren muina: «Lehendik ere horrekin tematua nengoen; adibidez, ezezagun baten argazki zahar eta analogiko batek, mutua izanik ere, proiektatzen duena deszifratu nahiarekin». Horretan sakontzea izan du orain helburu, eta, atzera ere, bateko eta besteko artxiboetako materiala izan du baliabide nagusietako bat. Izatez, artxiboari aitortzen dion ahalmenean egin du azpimarra, ohi duenez: «Artxiboa ulertzen dut gaur eguneraino ailegatu zaigun eta gaur egungoarekin erlazionatu daitekeen zerbait bezala; ez da iraganaren gordailu zurrun bat». 

Funtsean, ezagutzen ez zituen pertsonen argazki, gutun, askotariko idazki eta oroigarriak bildu, haien gainean «espekulatu», eta haietan guztietan hautematen zituen isiluneetan jarri du arreta Ongilek. Emakumeen eta gorputz queer-en objektuak dira bildutako guzti-guztiak, propio, «haietako askoren bizitzak erdiz erdi izanen baitziren isiltasunak zeharkatuta, edo, ezinbestean, haientzako moduko gordelekuak aurkitu behar izanen zituztelako libre izateko, eta, adibidez, desirak espresatzeko». Bere nerabezaroko zenbait objektu ere txertatu ditu lanean, gainera.

Ongilek aretoaren ertz ilun batean paratu du bere proiektua: ikus-entzunezko lanak —argazkiak, bideoak eta soinuzko obrak—, testuak eta pieza eskultorikoak jaso ditu proposamenean azkenerako. Besteak beste, hainbatetan eta askotariko maneratan inprimatutako eta grabatutako artxiboko irudiak daude ikusgai; erretratuak dira haietako asko. Bestalde, bideo proiekzioak dira elementu nagusietako bat bilduman, eta, zer proiektatu ez ezik, non proiektatu erabakitzea ere funtsezkoa izan da artistaren prozesuan, dioenez. Materialarekiko lilura bistakoa da haren kasuan ere. Tolesez betetako zetazko oihal bat, arrosa baten hostoak, ohol zeharrargi bat; halakoetan ere irudikatu ditu isiltasunen oihartzunak Ongilek. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.