Bilboko BBK Live jaialdiaren programazioaren aurrerapena egin du gaur goizean Last Tour ekoiztetxeak, eta iragarri du bertan 2019ko ekitaldian joko duen artista multzoaren parte handi bat. Aurretik iragarria zegoen Weezer izango dela jalaidiko kartelburuetako bat, eta gaur beste hamaika artista gehitu dizkiote.
Izenen artean The Strokes New Yorkeko taldearen izena nabarmentzen da, ezbairik gabe. Julian Casablancas abeslari eta gitarristaren taldea 2000ko hamarkadako lehenengo urteetan rock-and-rollak izan zuen biziberritzearen arduradunetako bat izan zen Is This it? diskoarekin (2001), eta gerora orduan lortutako oihartzuna eskuratu ez badu ere, oraindik ere erreferentzia saihestezina da gitarretan oinarrituta rockarentzat. Comedown Machine (2013) diskoak jarraitzen du izaten bere azken lan luzea.
[youtube]https://youtu.be/TOypSnKFHrE[/youtube]
Radioheadek atseden hartzen duen bitartean, Thom Yorke abeslaria bere bakarkako proiektuarekin izangoda Bilbon. Tomowwow's Modern Boxes deitzen da bere azkeneko kantu diskoa, 2014koa —nahiz eta zinemarako beste hainbat lan egin dituen; horien artean azkena Suspiria filmeko musika—, eta horretan oinarrituko da BBK Lliven emango duen kontzertua. Suede, bere aldetik, 1990eko pop-rock britainiarraren ikonoetako bat izan zen, baina bere azkeneko diskoak (The Blue Hour, 2018) erakutsi du oraindik sasoian dagoela Brett Andersonen taldea.
[youtube]https://youtu.be/pEJfWrfN15k[/youtube]
Pop eta rock anglosaxoia izan ohi da BBK Liveren ardatza, baina 2019an bestelako musikek ere izango dute lekua jaialdian. Esparru horretan nabarmentzen da Rosaliaren izena, abeslari kataluniarra flamenkoaren eta musika urbanoaren mundu mailako izar bilakatu baita oso denbora gutxian. Baina trapak, reggaetoiak eta hip hopak beste ordezkari batzuk ere izango dituzte jaialdian: Vince Staples, Brockhampton, Princess Nokia, Nathy Peluso, Ms Nina eta Mueveloreina.
Punk-garage doinuak ekarriko dituzte, bakoitza bere ñabardurekin, Idles, Slaves, Shame, Viagra Boys eta Sleaford Mods taldeek, eta pop elektronikoa Hot Chop, Nils Frahmek eta The Blazek. Jaialdian izango dira, era berean, John Grant, The Voidz —Julian Casablancasen proiektu paraleloa—, Sut Copy, Khruangbin eta Jonathan Bree.
Euskal musikariei dagokienez, Olatz Salvador, EraBatera, Belatz eta Serrulla izango dira, besteak beste, BBK Liven.
[youtube]https://youtu.be/gM-BCLPtGgA[/youtube]