Thriller ekologista kirasdun bat

Bilbo Handiko Galindo araztegian aurkitutako gorpu baten kasua argitzen saiatuko da Aitor Oñateren 'Robinen neba-arrebak' nobela berriko protagonista. Gainpopulazioaz eta baliabide naturalen agortzeaz larrituta dauden ekintzaile batzuekin egingo du talka.

Aitor Oñate idazlea, Donostiako Parte Zaharrean. JON URBE / FOKU
Aitor Oñate idazlea, Donostiako Parte Zaharrean. ANDONI CANELLADA / FOKU
itziar ugarte irizar
Donostia
2026ko martxoaren 7a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela urtebete eskas, umorez idatzitako satira politiko gisa aurkeztu zuen Lohizulo nobela Aitor Oñatek (Bilbo, 1977). Politikagintza eta delinkuentzia uztartu zituen bertan, eta hiru pertsonaiaren arteko tenka proposatu —Marrolo gaizkile buruzagiarena, Aingeru Ajuria alkate demokristauarena eta Aitziber Ertzilla lider ezkertiarrarena—. Bilbo inguruan kokatu zuen istorioa, agertoki paralelo moduko bat eraikita, eta ondu berri duen nobela berrian, berriz, «errealitateari» gehiago itsatsi, eta «Bilboko kaka guztiak biltzen diren instalazioetara» jo du idazleak. Zehazki, Galindoko araztegira. Heriotza bat gertatu da han; ur putzuetan pilatutako gasen ondorioz gazte bat hilda agertu da, eta Nagore Saminagak berandu barik sumatuko du istripua zirudiena egiaz ez dela istripua izan. Hura da Oñateren Robinen neba-arrebak nobela berriko protagonista, eta haren bidez azalduko dira liburuan beste hamaika ezpal, baliabide naturalen agortzeak eragindako larritasuna, zenbait dilema moral eta kontraesanez enpo eginda dagoen pertsonaia bat, besteak beste.

Elkarrek argitaratu du liburua, eta, Xabier Mendiguren editorearen esanetan, nobela beltz baten hiru ezaugarri garrantzitsu «bete-betean» betetzen ditu lanak: ondo askatzen den trama landu bat, testuinguru politiko, sozial eta ekonomiko emankor bat, eta pertsonaia interesgarri bat. Egileak thriller gisa definitu du istorioa, «planteamendu nahiko klasikoa» duena, baina, aldi berean, «generoari buelta bat» emateko intentzioz landu duena.

«Nagorek badu autoritate moral bat, eta besteei inposatu nahi die. Hark justifikatzen du arauak norbaitek betearazi behar dituela, eta sakrifizio gisa hartzen du hori; ez da inoren gustukoa, baina norbaitek egin behar du»

AITOR OÑATE Idazlea

Kontakizunaren ardatzean ikerketa kasua badago ere, haren bueltan agertuko diren bestelako elementu batzuk nabarmendu ditu Oñatek. Araztegian aurkitutako gorpuaren ingurukoak argitzen saiatu ahala, talde ekologista batekin gurutzatuko da Nagore Saminaga —«baliabide naturalen agortzearekin eta gainpopulazioarekin oso tematuta dagoen talde ekologista batekin»—, eta hor azaleratuko da liburuaren alderdi «ideologikoa», egilearen esanetan. Kontatu duenez, bolada batez dezente aritu zen baliabide naturalen agortzeaz irakurtzen, petrolioaren agortzeaz bereziki, eta geratu zitzaizkion zalantza eta galderetan du ernamuina nobelak.

Izenburuak ere harekin du zerikusia, hain justu. Paul Robin pentsalari anarkistari zor dio, zeinak gainpopulazioaz eta ugalketa kontrolatzeko moduez idatzi zuen, besteak beste.

Konspirazioa eta hitzen jolasa

Protagonistari egin dio beste azpimarra nagusia Oñatek. Iraganean, polizia izan zen Nagore Saminaga, baina zerbait «traumatikoa» gertatu, eta istripu kimikoak ikertzen dituen agentzia batean egiten du lan orain. «Mimoz eraikitako pertsonaia da», esan du Mendigurenek, «ertz eta koska asko dituena». Eta haren kontraesanak nabarmendu ditu idazleak ere: «Skinhead estetika du, oso kalekoa da, baina delinkuentziaren eta errebeldiaren mundua gorrotatzen du; bikotekidearekin bizi da, baina askatasuna maite du; bakartia da, baina jendea behar du; badu adikziorako joera ere...».

Esku artera helduko zaion kasuak «barne oreka» hankaz gora jarriko dio, eta zenbait gairi buruz gogoetatzeko parada ere emango dio horrek irakurleari. Ardura pertsonalaz, esaterako. «Ohituta gaude gure ekintzen edo gertaeren errua gizarteari, besteei, egoztera, eta horri ardura pertsonala kontrajartzen zaio», azaldu du. Eta liburuan «autoritate legitimoari» buruzko hausnarketa bat ere badatorrela aurreratu du: «Nagore ja ez da polizia, baina badu autoritate moral bat, eta besteei inposatu nahi die. Hark justifikatzen du arauak norbaitek betearazi behar dituela, eta sakrifizio gisa hartzen du hori; ez da inoren gustukoa, baina norbaitek egin behar du».

Lohizulo-n egin bezala, hainbat hitz eta esamolde asmatu ditu idazleak nobela berrian ere —alferrenta, esaterako, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren parekide modura—, eta horien bidez indartu du, besteak beste, protagonistak sistemaren aurka egiten duten orotariko ekintzaileei dien ezinikusia. «Maite dut hori, hitzekin jolastea», aitortu du Oñatek.

Umoreari ere egin dio leku liburuan, eta nobela «giro konspiratzaile» batez busti nahi izan duela adierazi du. Hala azalduko dira, bada, Oskar eta Justin izeneko bi irrati kazetari «negazionista», liburuaren beraren eta ondoko kapitulu askoren hasieran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA