Komikia

Thrillerrez mozorrotutako drama sozial bat Bizkaiko meatzeetan

Neska gazteak bahitu eta hiltzen dituen gaizkile bat atzemateko saioa aitzakiatzat hartuta, XX. mende hasierako Bizkaiko kontraste sozialak irudikatzen dira ‘Odol guztiak burdin gustua du’ komikian. Gregorio Muro ‘Harriet’ eta Carlos Varela dira egileak.

'Odol guztiak burdin gustua du' komikiaren lehen orriko zenbait bineta. HARRIET EDICIONES
'Odol guztiak burdin gustua du' komikiaren lehen orriko zenbait bineta. HARRIET EDICIONES
Inigo Astiz
2026ko abuztuaren 25a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

1898. urtea da, Gallartako meatze herrian (Bizkaia), eta Emilita izeneko haurraren gorpua topatu berri dute ikatz zaku batean bilduta. Luze gabe, ikazkina deitutako gaizkile bati egotziko dizkiote halako krimenak herritarrek, baina Pablito izeneko pertsonaia ez da erabat konforme geratuko azalpen abstraktu horrekin. Hari ere arreba desagertu zitzaion umetan, eta ez du bakerik izango bahitzailea edo hiltzailea topatu arte, eta haren ikerketek, azkenerako, sare lohi oso bat utziko dute bistara, Labe Garaien argitan bizi zen gizartearen estratu guztiak zeharkatuko dituen sare bat, hain justu. Istorio hori kontatzen du Odol guztiak burdin gustua du komikiak. Gregorio Muro Harriet gidoigileak eta Carlos Varela marrazkigileak sortu dute ehun orritik gorako lana, eta Harriet argitaletxeak eman du argitara, Miel Anjel Elustondok euskaratuta.

«Nire ustez, drama sozial bat da komikia, baina thrillerrez mozorrotu dut», azaldu du Harrietek. «Thrillerrak balio dit kontatu nahi dudan beste istorio hori kontatu ahal izateko, eta, hain zuzen ere, historia soziala da nik kontatu nahi dudana».

«Thrillerrak balio dit kontatu nahi dudan beste istorio hori kontatu ahal izateko, eta, hain zuzen ere, historia soziala da nik kontatu nahi dudana»

GREGORIO MURO 'HARRIET' Komikigilea

Izan ere, asmakizun hutsa dira ikazkinaren krimenak, eta fikziozkoak dira komikian kontatzen diren gainerako gertakariak ere, baina, aldiz, erabat erreala da istorioa girotzeko baliatu duten testuinguru historiko, geografiko eta soziala, eta egileek dokumentazio lan handia egin dute horretarako. Benetakoa izan zen komikian aipatzen den 1911ko ikazkinen greba, benetakoa 1914ko abenduaren 21eko Bilboko Arriaga antzokiko sutea, benetakoa hura abiatu zuen leherketa, eta benetakoa, baita ere, Arriagako sutea itzaltzeko ahaleginetan tranbiaren kablea moztu eta elektrizitate kolpearen ondorioz ia-ia lurrera amildu zen suhiltzailearen detailea ere.

Eta gidoiak ez ezik, komikiko irudiek ere badute zehaztasun maila hori. Horretarako, XX. mende hasierako Bizkaiko benetako irudiak izan dituzte oinarri, eta, hala, zehaztasun historikoz landu dute xehetasun bakoitza. Lehen-lehen orrian, esaterako, detaile osoz irudikatuta dago 1989ko Gallarta (Bizkaia): lehen planoan langileentzako solairu bakarreko etxeak ikus daitezke, eta atzealdean, meategiko materiala garraiatzeko kablea. Baina, horrez gainera, meategirako dinamita sortzeko prozesua ere zorrotz irudikatuta dago.

Espresionista eta zehatza

«Carlosek [Varelak] lan itzela egin du», poztu da Harriet. Baina ez du irudien zehaztasun mailagatik bakarrik esan. «Carlosek urte asko eman ditu animazioaren munduan, eta esan dezakegu haren marrazketa estiloa ez dela errealista. Pertsonaien aurpegiak, adibidez, oso adierazkorrak dira, eta haren joera espresionista izan ohi da. Baina sekulako lana egin du, estiloa apurtu gabe, marrazketa hori atzealde oso errealistekin uztartzeko. Sekulakoa da hori».

Fikziozko pertsonaien bidez egiten du aurrera komikiko kontakizunak, baina tartean badira pertsonaia historiko batzuk ere. Enrique Areiltza Arregi medikua da haietako bat. Harrietek onartu duenez, gainera, hark eman zion komikiko gidoia abiatzeko aitzakia. «Kontakizunaren itsasargia da».

Komikigintzan lan asko argitaratu dituen arren, Harrietek ikus-entzunezko munduan egin du bere ibilbide profesionalaren parterik nagusiena, eta, 2014an, erretiroa hurbil zuela ohartuta, berriz ere komikigintzari heltzeko erronka jarri zion bere buruari. Ordurako, 25 urte zeramatzan komikigintza bertan behera utzita, eta lehendik ezagutzen zituen marrazkilariekin harremanetan jartzen hasi zen orduan. Tartean, Carlos Varelarekin.

(ID_17871520627625) Odol guztiak burdin gustua du. Gregorio Muro Harriet eta Carlos
Gregorio Muro Harriet eta Carlos Varelaren Odol guztiak burdin gustua du komikiko irudi bat. HARRIET

Ipurbeltz aldizkarirako egindako lanetan ezagutu zuten elkar bi egileek, eta horrek eman zien berriz ere lankidetzan hasteko bidea. Angulemako jaialdian aurkezteko thriller bat abiatzen saiatu ziren orduan, baina ez zuten aurrera egiteko biderik topatu.

Proiektu hura bideratzen saiatzen zebiltzala, ordea, Bizkaiko Meatzaldeari buruzko istorio bat egitea gustatuko litzaiokeela esan zion Varelak Harrieti, eta hainbat liburu ere utzi zizkion gaia lantzen hasteko. Orduan izan zuen Harrietek Areiltza doktorearen berri. «Areiltza doktorearen gizatasunak erabat txundituta utzi ninduen», azaldu du. Eta ezaugarri horiekin ageri da komikian ere. Dirudunen artean bizi zen, baina dirua biltzen aritzen zen behartsuen bizimodua eramangarriago egiteko proiektuetarako. «Erabat transbertsala zen: lagun zituen bai Sabino Arana baita Miguel de Unamuno ere».

Pertsonaia historikoekiko errespetua

Liburuaren amaieran Areiltzari buruzko erretratu biografiko bat ere txertatu dute, eta, bertan zehazten denez, haren eskutitzetatik hartutako esaldiak dira komikian pertsonaiaren ahotan irakur daitezkeenak. Hitzez hitz. Baina Harrietek argi zeukan ez zuela Areiltzari buruzko komikirik egin nahi. Eta, azaldu duenez, neurri batean etikoak ere badira horretarako motiboak.

«Beti lantzen ditut pertsonaia historikoak, baina sekula ere ez dira protagonistak izaten; ez dut asmorik existitu den norbaiti buruzko gauzak asmatzen ibiltzeko»

GREGORIO MURO 'HARRIET' Komikigilea

«Sekula ez dut hori egin», ebatzi du. «Beti lantzen ditut pertsonaia historikoak, baina sekula ere ez dira protagonistak izaten. Alde batetik, haien biografiarekiko errespetuagatik. Azken batean, komiki bat sortzeko fabulatu egiten dut, eta horretarako gauzak asmatu behar ditut, eta ez dut asmorik existitu den norbaiti buruzko gauzak asmatzen ibiltzeko». 

Harrietek 2022an jaso zuen berriz ere Varelaren deia. Irakasle lanean erretiroa hartua zuela esan zion marrazkilariak gidoigileari, eta ba ote zuen esku artean elkarrekin lantzeko moduko zerbait. Eta baietz Harrietek. Ordurako bideratuta baitzeukan Varelak hainbat urte lehenago aipatutako proiektu hura. «Duela hamar urte baino gehiago hasi zen hau», azaldu du Harrietek, «eta prozesuan gauza asko findu ditugu. Elementu gehiago zeuden lehen, esaterako, eta, lanean hasi ahala, haietako asko kendu egin ditugu, kontatu nahi dugunaren sintesiarekin gelditzeko».

Eta, hain justu, testuinguru historiko jakin horretan garatutako fikziozko istorio bat da sintesi hori. Hark thrillerrez mozorrotutako drama sozial deituriko horixe.

Hurrengoa, Bermeon

Komikian argi ikusten dira garaiko klase gatazkak, baina, arlo horri dagokionez ere, Harrietek izkin egin nahi izan dio gaia lehen lerroan eta begi bistan jartzeari. «Irakurleak entretenitu egin nahi ditut, baina gogoeta egitera ere bultzatu nahi izaten ditut», azaldu du. «Eta gai horiek oso murtxikatuta emanez gero, uste dut gutxiago komunikatzen duzula. Kontakizun militante bat eginez gero, aurrez ere jadanik zurekin ados zeudenengana bakarrik iristen zara. Horregatik, nahiago izan dut kontakizuna beste ikuspuntu batetik landu, nahiz eta badagoen, noski, gatazka hori ere».

Duela hilabete batzuk jarri zuten liburua dendetan salgai, eta, Harrietek dioenez, oso ongi mugitzen ari da bai gazteleraz, bai, apalago, euskaraz ere. Iragarri duenez, gainera, bidean dira frantsesezko eta portugesezko argitalpenak. Are gehiago: aitortu duenez, hurrengo komikia ere badute jadanik martxan Valerak eta Harrietek. 1910eko hamarkadan girotuta egongo da hori ere, eta Bermeoko 1912ko itsas hondamendia izango du ardatz. Galarrena izango da izenburua, eta hurrengo urtean argitaratu nahiko lukete. Harriet argitaletxeak kaleratuko du hura ere, bai jatorrizkoa, gazteleraz, bai eta euskarara itzulitakoa ere.

«Beldurrezko western fantastiko bat» eta «fresko sozial bat»

Urte hasieratik hona hiru komiki eman ditu argitara Harriet argitaletxeak euskaraz. Gregorio Muro Harriet-ek eta Carlos Varelak sortutako Odol guztiak burdin gustua du da hiru lan horietako bat, eta Skinwalker eta Metalaren gustua dira beste biak. Horiek ere jatorriz erdaraz argitaratuak, eta euskarara itzulitakoak.
Gabriel Katz eta Steven Dhond dira Skinwalker lanaren egileak, eta 1870ean girotutako «beldurrezko western fantastiko bat» da lana. Hala deskribatu du Gregorio Muro Harriet argitaletxeko arduradunak, behintzat. 
Bruno Duhamelena da Metalaren gustua izeneko komikia, eta lan hori «Frantzia hustuari buruzko fresko sozial bat» dela azaldu du Harrietek. Komikigilearen maila nabarmendu du, eta, zehaztu duenez, kontakizun berari bi ikuspegitatik heltzen dio liburuan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA