Bilboko Guggenheim museoak House of Gestures izeneko performance berezia hartuko du ekainean. Dom Perignon xanpain etxearekin elkarlanean sortutako pieza da, Olivier Saillardek sortu eta zuzendu du, eta Tilda Swinton aktore britainiarrak interpretatuko du. Bi emanaldi hartuko ditu museoaren atrioak: ekainaren 5ean eta 6an, 20:45ean. Doakoak dira ikuskizunerako sarrerak, eta eskuragarri daude Guggenheim museoaren webgunean.
Guggenheimek ikuskizunaren hainbat xehetasun eman ditu ohar bidez. Jakinarazi duenez, House of Gestures hitzik gabeko perfomance bat izango da, eta arte garaikidea, gorputzaren adierazkortasuna eta espazio arkitektonikoa uztartuko ditu. Swintonen gorputza izango da narrazioaren ardatza, eta keinuek, mugimenduek eta jantzien presentziak protagonismo osoa hartuko dute, oroitzapenak eta egoerak iradokita. Aktorea arropaz aldatuko da publikoaren aurrean, eta jantzi bakoitzak istorio posible bat zabalduko du: batzuetan, errealitateari lotuta; beste batzuetan, guztiz alegiazkoa.
Museoaren atrioa ere elementu garrantzitsua izango da piezaren barruan. Frank Gehryk diseinatutako gunea ez da dekoratu soil bat izango; kontrara, obraren parte aktibo bihurtuko da, argiaren, eskalaren eta mugimenduaren bidez. Antolatzaileen arabera, arkitektura bera izango da performancearen «arnasa».
Performancea eta xanpaina
Dom Perignonek 2025ean abiarazi zuen Creation is an eternal journey programaren barruan dago proposamen artistikoa. Azken bi hamarkadetan, enpresak lankidetza artistiko ugari garatu ditu nazioarteko sortzaileekin. Besteak beste, Karl Lagerfeldek 1998ko uztarako kutxa berezi bat diseinatu zuen; David Lynchek 2003ko edizio berezian parte hartu zuen; Lenny Kravitzek urrezko metalgintza elementuak txertatu zizkion 2008ko bildumari; eta Jean-Michel Basquiaten lanak ere erabili izan dira marka bereko edizio berezietan.Â
Tilda Swintonek azaldu duenez, performancearen eta xanpain botila handi baten artean badago lotura sakon bat. Aktorearen hitzetan, kasu bietan «espazio libre bat» sortzea da helburua, non zerbait «zintzoa» eta «originala» gerta daitekeen.Â
Swintonen ibilbide artistikoak lotura estua izan du beti performancearekin eta gorputzaren erabilera poetikoarekin. Haren lan ezagunenetako bat The Maybe izan zen: 1995ean aurkeztu zuen pieza lehen aldiz, eta aktorea kristalezko erakusleiho batean lo ageri zen, publikoaren begiradapean, azalpenik eman gabe. Esperientzia hura hainbat urte geroago berriz aurkeztu zen MOMAn, eta arte garaikidearen historian erreferentzia bihurtu zen.