Erabakiak baino ez dira falta. Sail Ofizialean Urrezko Maskorra lortzeko lehiatu diren hamasei filmak jada eman dituzte Donostiako Kursaalean. Genero, molde eta estilo askotako lanak ikusi dituzte epaimahaiko kideek, eta atzotik dabiltza eztabaidatzen. Baina aurten inoiz baino beranduago jakinaraziko dituzte sarituen izenak. Gaur iluntzean, 20:30etik aurrera Kursaaleko auditoriumean egingo den galan egingo dute sari banaketa, eta ez dituzte izenak arratsaldean jakinaraziko, orain artean gehienetan egin bezala. Azken unera arte itxaron beharko da, beraz.
Maila gorabeheratsua izan du Donostiako 59. Zinemaldiko Sail Ofizialak. Kritika gogorrak jaso dituzten filmak gutxi izan dira, baina baita laudorio handiak jaso dituztenak ere. Faborito argirik gabe iritsiko da iluntzeko gala, beraz. Hala ere, kritikariek eta ikusleek nabarmendu dute izenik. Hirokazu Kore-edarena da bat. Urrezko Maskorraren bila laugarrenez itzuli da Donostiara zinemagile japoniarra, Kiseki lan samurrarekin. Madame Bovary oinarri hartu duten bi filmak ere —Terence Daviesen The Deep Blue Sea eta Arturo Ripsteinen Las razones del corazón— hautagaien artean daude askorentzat. Baita Enrique Urbizuren No habrá paz para los malvados ere, Jose Coronadoren lanagatik zilarrezkoa jasotzeko aukera handiagoa duela dirudien arren. Woody Harrelsonen izena ere (Rampart) sari horretarako hautagaien artean sartu dute beste askok. Emakumezko aktoreen artean, berriz, Rachel Weisz (The Deep Blue Sea), Maria Leon (La voz dormida) eta Arcelia Ramirez (Las razones del corazón) nabarmentzen dira kiniela gehienetan.
Baina nork daki. Askoren iragarpenak hautsi, eta aukera arriskatuagoren bat egin dezake Frances McDormand buru duen epaimahaiak, jakina baita jaialdi gehienetan ikusleen eta epaimahaikideen iritziek ez dutela zertan bat etorri.
Gala iritsi aurretik, baina, Intouchables erakutsiko dute gaur goizean, lehiaz kanpo. Eric Toledanok eta Olivier Nakachek zuzendu duten komedia horrek itxiko du Donostiako 59. Zinemaldia.
Donostiako 59. Zinemaldia
Tituluaren zain, azken unera arte
Faborito argirik ez dago Urrezko Maskorrari begira, baina Kore-eda, Davies, Urbizu eta Ripsteinen lanak dira gehien aipatu direnakGaur iluntzeko galan jakinaraziko dituzte sarituen izenak, eta ez lehenago, ohi bezala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu