Kritika. Antzerkia

Toki batetik bestera

Uppercut Danseteatre konpainiaren 'Samba' pieza. BADI BERBER
Uppercut Danseteatre konpainiaren 'Samba' pieza. BADI BERBER
2026ko martxoaren 19a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

'samba'

'Konpainiak: Uppercut Danseteater. Ideia, koreografia: Stephanie Thomasen. Musika: Alexander Skjold Henriksen. Eszenografia: Johan Kolkjaer. Dramaturgia: Betina Rex. Argiak: Peter Bodholdt Lokke. Dantzariak: Adam Tocuyo, Linn Fletcher, Mark Philip, Carol Rodrigues, Alexander Skjold. Lekua: Tabakalera, Donostia. Eguna: Martxoaren 15a. 

Egian gaude. Tabakalerako patioa ezin hobea geratu zaio Samba dantza ikuskizunari. Tamainan egindako traje bat bezain. Dispositibo eszenikoaren eramangarritasunak primeran egiten du bat espazioarekin; erdian kokaturik, eta argien ezinbesteko laguntzarekin, lau zutabeko tramankulu metalikoak mugatzen digu eszenatokia. Ezker-eskuin, sokaz eta egurrez eginiko pasarela bat dago. Eta bertan, ekitaldia hasi baino lehen, txerri-maskara bat daraman pertsonaia bat, eserita. Tonalitate sepia-gorrixka airean, zoruan, eta, halaber, dantzarien jantzietan. Ikusleok arizaleak inguratzen ditugu zirkulu itxi batean. 

Titulutik bertatik hasita —eta txerriaren presentziari gure imajinarioan darion kutsuak zein Afrikako hainbat xendretako lur koloreko paleta kontuan izanda—, candomblé moduko zeremonia bat ikusiko genuela antzeman dugu, eta ez geunden oso oker. Danimarkako Uppercut Danseteater taldeak Mendebaldeko dantza-tradizio zuriari ihes eginda eusten dio gorputz espresiotik asko duen dantza egiteko manerari. Gainera, Alexander Skjold Henriksenek zuzenean jotzen du perkusioa. Artista hori, nabarmendu beharra dago, dantzarien zerrendan ez dago aipaturik, baina horrela beharko luke justizia teatralaren izenean.

Ikusgarriak aurrera egin bitartean, nolabaiteko erritual odoltsu bat ikusteko beldurra uxatu zaigu. Une zoragarriak, fotogenikoak, umoretsuak, atseginak dantzatu dizkigute. Adimentsua izan da txerriek eta gizakiok komun dauzkagunei buruzko parlamentua; azken horrek argitu digu espezie biak garela larderiatsuak, mehatxuzkoak. Nork izan nahi du txerria? Musukoak aurpegi bat lehenik eta beste bat ondoren estali du, eta, horrela, jantzia zuenak hartu du protagonismoa aldiro, beste bati pasatu artean. Baina, hala eta guztiz ere, Samba ez da soloz ezta duetoz albainduriko koreografia bat, baizik eta guztiz korala suertatzen den pieza. Salvador da Bahia etorri zaigu burura, hango capoeiristak, zirkuko ekilibristak, saltinbankiak; baina, betiere, forma leunez, lirikotasunaren barruan, gerlarien epikotasunik gabe. Nago publikoak ikusi nahiko lukeela Samba-k osatzen duen trilogiaren jarraipena, hain atera da pozik.   

'EL BROTE'

Zuzendaritza eta dramaturgia: Emiliano Dionisi. Antzezlea: Roberto Peloni. Eszenografia: Micaela Sleigh. Argiak: Agnese Lozupone. Soinua: Martin Rodriguez. Lekua: Antzoki Zaharra, Donostia. Eguna: Martxoaren 15a. 

Orain, berriz, Antzoki Zaharrean gaude. Oholtzan, Roberto Peloni aktore argentinarrak bere maisutasuna erakutsiko digu errelato zoro baten bitartez. El brote txantxa teatral oso serioa da, primeran exekutatua eta mundu guztiaren gustukoa izan daitekeena. Aktoreak azaldu digu errepertorio klasikoko konpainia baten partaidea dela. Hasieran, taldekideak The Tempest antzezlanean dihardutela, haien izaerak eta akatsak aletuko dizkigu bere bakarrizketan. Horrela, bere rolean sartu-irtenak egingo ditu besteak imitatzeko, energetikoki eta klasikotasunari dagokion ahots hanpatuarekin. Ordu eta erdiko iraupeneko obran ezagutuko ditugu haren eta gainontzekoen miseria profesionalak, beraien arteko kritika maltzurrak, ego kaxkar eta zikoitzak. Peloni behin eta berriro biderkatuko da. Antigona antzeztu zutenekoarekin jarraituko du, erritmo bizian. Konpainiaren garapenaren gorabeherak umorez ikusaraziko dizkigu, harik eta oholtzan nozitu zuen krisiak taldeari arrakasta ekarri ziola aitortzen digun arte.  

Kriseilu gisako argiek laguntzen didate buruan darabilkidan ideia osatzen: El brote aktoreei egindako omenaldia dugu. Eta ederki funtzionatzen du, arizalearen luzimendurako zein publikoaren gozamenerako. Aspaldian ez dut nik hainbeste ikusle zutik ikusi Antzoki Zaharrean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA