Musika

Tom Waitsek eta Massive Attackek ‘Boots on the Ground’ abestia ondu dute autoritarismoa salatzeko

Film labur bat ere plazaratu dute kantarekin batera. AEBetako aduanak eta migrazioa kontrolatzeko Donald Trumpek sortutako zerbitzuaren gehiegikeriak eta zibilen hilketak ageri dira bertan.

'Boots on the Ground' filmaren irudi bat.
'Boots on the Ground' filmaren irudi bat. BERRIA
garbine ubeda goikoetxea
2026ko apirilaren 17a
16:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela hamar urte eman zuen argitara bere azken disko laburra Massive Attack taldeak, eta, orain, Tom Waits musikariak idatzitako hitzak oinarri dituen kanta batekin apurtu du isiltasuna. AEBetako poliziaren indarkeria eta munduko autoritarismoa salatzea izan da xede. Boots On The Ground da abestia (Botak lurrean), eta hari laguntzeko film labur bat ere ondu dute elkarrekin. Waitsek berak ere urteak daramatza diskorik argitaratu gabe. 2011koa da bere azken lan luzea, Bad as Me, eta orduz geroztik bertsio solte pare bat baino ez ditu grabatu. Hain zuzen ere, azken urteetan zineman egin du lan bereziki.

Abestia ez da sortu berria, aspaldi bidali baitzizkien hitzak Waitsek, baina orain kaleratu dute, eta gaurkotasun osoa du. Halaxe azaldu du Waitsek, agiri baten bidez: «Behinola, Massive Attack taldearekin kolaboratzeko gonbita jaso nuen. Boots on the Ground bidali nien, baina orduan ez plazaratzeak edo atzeratu izanak ez ninduen inoiz kezkatu. Gaurko egunak, gizateriaren aldi guztiek bezala, bermatu egiten du abestiak modan izaten jarraituko duela. Gizakiaren eromena egundoko euli festa da». Hitzak sortzeaz gain, abestiaren konposizioan ere parte hartu du Waitsek —berea da kantuko ahots nagusia ere—, eta alboan izan ditu Kathleen Brennan bikotekidea eta Casey semea. Brennanek konposizioan lagundu dio, eta Caseyk, bateria joz.

Robert Del Naja eta Daddy G. Massive Attackeko kideek, berriz, egungo egoera politiko nahasiarekin lotu dute abestia: «Kaos giro betean plazaratu da Boots on the Ground. Polizia indarren militarizazioa eta autoritarismoa politika neofaxistekin ari dira bat egiten Mendebalde osoan». Lau minutu inguruko iraupena du abestiak, eta Pias diskoetxeak eman du argitara.

Filma Thefinalye argazkilariaren irudiekin eginda dago, eta une lazgarriak biltzen ditu: besteak beste, haurrak negarrez, jende xumea preso hartuta, tratu txarrak, etxegabetuak kale bazterretan edota Trumpen argazkia sutan; baita pertsona zibilen hilketak ere, tartean George Floydena. Aduanen eta migrazioaren kontrolerako Donald Trumpek sortutako zerbitzuak hil zuen 2020an, Minneapolisen (AEB). 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA