Zinema

Topaketetan oinarritu dute aurtengo Fipadoc dokumental jaialdia

Urtarrilaren 23tik 31ra bitarte eginen dute Fipadoc dokumental jaialdia, Miarritzen. Aurten, 35 herrialdetako 150 dokumental aurkeztuko dituzte. Iazko ildoa segitu dute, «zinezko istorioak» kontatzen dituzten ikus-entzunezkoak ekarraraziko baitituzte.

Fipadoc jaialdiaren aurkezpena, gaur goizean, Miarritzen. GUILLAUME FAUVEAU
Fipadoc jaialdiaren aurkezpena, gaur goizean, Miarritzen. GUILLAUME FAUVEAU
Xalbat Alzugaray
Miarritze
2026ko urtarrilaren 14a
16:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Munduaren egungo egoera kontatu nahi dute Fipadoc jaialdian. Beraz, iaz bezalaxe, «zinezko» istorioei behatu nahi die dokumental jaialdiak aurten ere. Hala erran du Fipadoc-eko lehendakari Anne Georgetek Miarritzeko Herriko Etxean (Lapurdi) egin prentsaurrekoan. Iazko apustuak funtzionatu duenez, aurten ere egoera eta istorio errealak kontatzeko apustua egin dute urtarrilaren 23tik eta 31ra bitarte. Hamahiru sailetan banatu dituzte Miarritzen aurkeztuko dituzten 150 ikus-entzunezkoak. Horietarik gehienak dokumentalak dira; 25 film labur inguru eta hogei bat esperientzia digital ere jasotzen ditu jaialdiak, denak gertaera errealei lotuak.

Aurten, topaketei garrantzi «handia» eman diete. Elkarrizketa sakonak eta aktualitatea biziarazten dituzten lau gai «esanguratsu» hautatu dituzte topaketen antolatzeko. Hala, Gazari buruzko Who Is Still Alive dokumentala proiektatu ondoan, solasaldia eginen dute Nicolas Wadimoff film egileak, Jean Pierre Filiu historialariak eta Phil Chetwynd AFP agentziako informazio zerbitzuko zuzendariak. Bertzalde, kulturak Ukrainako gerlan ukan duen lekuaz gogoetatzeko, War On Art emanen dute. Ondotik, mintzaldia eginen dute Andrei Kourkov idazlearekin eta Constantin Sigov filosofoarekin.

Gatazkez gain, publikoari laborarien egungo egoeraren berri emateko, Marianne Kerfridenen Véto de campagne proiektatuko dute, eta, azkenik, The Six Billion Dollar Man emanen dute. Proiekzioaren ondotik, informatzeko eskubidearen inguruan eztabaida egingo dute filmaren egile Eugene Jareckin, Le Monde egunkariko kazetari Sylvie Kauffmannekin eta Amnesty International erakundeko lehendakari Anne Savinel-Barrasekin.

Iberiar penintsulari so

Espainiako eta Portugalgo 27 ikus-entzunezko zabalduko dituzte aurtengo jaialdian. Horien artean, Jose Luis Guerinen Historias del buen valle aipatu dute. Zinemaldian sariztatua izan zen ikus-entzunezkoa, eta Bartzelonako periferian dagoen Vallbonako hainbat familiaren istorioak kontatzen ditu.

Euskal Herriko sei ikus-entzunezko proiektatuko dituzte Fipadocen. Haietarik hiru Espainiari dedikatu lekuan sartu dituzte, nahiz eta Euskal Herriari lotu gaiak jorratzen dituzten. Horiek horrela, Carlos Iglesiasen eta Xabier Zabalaren Akelarre: marearen kontra, Arantxa Agirreren Ciento volando eta Maite Ibañezen Memoria eraikiz: escritura, compromiso y memoria emanen dituzte Espainiako filmen atalean.

Hortik kanpo, Jon Arregiren Tetsu, txispa, hoshi proiektatuko dute. Tetsuro Maeda Tokioko sukaldariaren istorioa kontatzen du Arregik bertan. Japonian abiatu eta Euskal Herrian bukatzen da kontakizuna, Maedaren Txispa ostatuak erdietsi Michelin izarraren harira. Georgetek markagarritzat jo du, bertzalde, Oreka au-delà du possible filma. Michel Garciak egina da, eta Maxime Cabanne kirolariaren lekukotasuna ageri da bertan. Cabannek auto istripua izan ondoko hamalau urteak segitu ditu film egileak, eta kontatu du istripuaz gero Cabannek nola berregin duen bizia.

Gorputzak eta dantza

Euskal Herriko azken ekoizpena, berriz, dantzaz ari da. Raphael Gianelli-Merlanok Thierry Malandain dantzari eta koreografoa segitu du bere azken balletaren prestaketa denboran. Georgeten hitzetan, «gorputzaren ahultasuna, transmisioa eta sortzeko gogoa» ageri dira Malandain, quand l’amour prend corps dokumentalean.

Dantzaz jarduteko betiere, bertze sei pieza jinaraziko dituzte. Bertzeak bertze, Farruquito: A Flamenco Dynasty dokumentalak flamenkoaren mundua plazaratzen du, baina Danse avec les dieux piezak, berriz, Kanbodiako ballet bat aipatzen du. Donn, le danseur du XXe siècle ikus-entzunezkoak, halaber, Jorge Donn dantzari argentinarraren barrunbeetan murgilduko du Fipadoc-eko publikoa.

Abiatze gaualdia

Urtarrilaren 23an hasiko da Fipadoc, ofizialki 20:00etan, Miarritzeko Gare du Midi areto nagusian. Valentin Paoliren La baleine et le musicien dokumentalarekin abiatuko dute jaialdia. Miarritzeko Gare du Midin, Bellevuen, Le Royalen eta Kasinoan ikusten ahalko dira dokumental guziak. Proiekzio batzuk Miarritzetik kanpo eginen dira, Lapurdin gaindi, hala nola Baionako Atalanten, Donibane Lohizuneko Le Selecten, Getariako Getari Enean eta Kanboko l'Aiglon zinema gelan.

Egitarau osoa fipadoc.com webgunean ikus daiteke. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.