Totemak eta komunitate hurbila

Euskal Kulturgintzaren Transmisioa graduondokoak tokian tokiko ekinbideei erreparatuko die aurten

Andoni Egaña, Euskal Kulturgintzaren Transmisioa graduondoko saio batean, duela lau urte. RAUL BOGAJO /  ARGAZKI PRESS.
Irune Berro Urrizelki.
2012ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Ezagutza biltzeko, sortzeko eta transmititzeko xedez ekingo dioteMondragon Unibertsitateko Huhezi Humanitate eta Hezkuntza Zientzietako Fakultatean, Eskoriatzan (Gipuzkoa), Euskal Kulturgintzaren Transmisioa graduondokoaren laugarren eekitaldiari. Izena emateko epea bihar zen amaitzekoa, baina luzatzea erabaki dute, ikasle gehiago animatuko diren esperantzaz.

Aurreko hiru ekitaldietan bildutako uztaren berri, Huheziko kideek eurek emango dute. «Xabier Aierdi, Mario Zubiaga eta beste askoren jokaldirik onenak Sorguneak taldekook laburbilduko ditugu», azaldu du Julen Arexolaleibak, Euskal Kulturgintzaren Transmisioa graduondokoaren koordinatzaileak. «Ikasgelan zein nork bere bidetik sakontzen jarraitzeko bideak zabalduko ditugu», nabarmendu du.

Lorea Agirrek, Andoni Eizagirrek, Nekane Goikoetxeak, Jon Sarasuak, Iñaki Urruzolak eta Arexolaleibak berak osatzen dute batzorde pedagogikoa eta Sorguneak taldea. Izan ere, graduondokoan jasotakoa aberasteko ikertegia da Sorguneak. Era berean, abian jartzen dituzten ikerketetan ageri diren desafioak graduondoko ikasleekin partekatzen dituzte, «iritziak jaso eta ekarpenak egiten jarraitzeko».

Bada beste berrikuntzarik aurten. Gogoeta iragan hurbilaz, irakaspenak atalean, azken 50 urteetako irakurketak plazaratuko dituzte, abertzaletasunaren baitako hainbat eremu eta ikuspegitatik, euskal komunitatea erdigunean jarrita betiere.

Euskal kulturaren barruan, arloan-arloan transmisioa, hedapena eta jakintza zein parametrotan gertatzen ari diren aztertuko dute diziplina askotako hizlariek, orobat, Euskal kulturgintzaren ekosistemak sailean. Bertsozale Elkarteak hiru ardatz horietan egindako lana adibidetzat hartuko dute, kantagintzan, literaturan eta gainerako arloetan zein aurrerabide egin daitezkeen denen artean aztertzeko.

Araba eta Barakaldo

Horretaz gain, Euskal kulturgintzaren berogailuak gertuko komunitatean goiburupean, Euskal Herriaren luze-zabalean arrakastaz loratzen eta sendotzen ari diren estilo askotariko kultur ekinbideak izango dituzte aztergai.Esate baterako, Arabako Kuadrilla arteko Bertso Txapelketaren nondik norakoak izango ditu hizpide Oihane Pereak; eta Barakaldon 50 urteko bidea egin duen Laguntasun dantza taldeaz ariko da Joseba Altube, taldeko presidentea. Izan ere, atal honetan gune soziolinguistiko erdaldunduenetan ere ernatzen diren dinamikei erreparatu nahi diete gertutik. Arexolaleibak azaldu duenez, proiektu bakoitzaren ezaugarriak aletuko dituzte protagonistek eurek, «gero zein gako errepikatzen diren aztertzeko». Eta arrakastaren eta harrera onaren arrazoiak zein diren ulertzeko. Baita tokian tokiko eztabaiden, gogoeta guneen eta erronken berri izateko ere.

«Totemak» izango dira, halaber, graduondoko beste zutabeetako bat. Euskal kulturgintzako izen handiak gai librean ariko dira. Bernardo Atxaga eta Anari Alberdiren gogoetak jasoko dituzte, besteak beste, Testigantzak atalean.

Graduondoan jorratuko dituzten gaiak «termino horietan» plazara ekartzea «aurrerabidea» dela pentsatzen du Arexolaleibak. «Ateratzen diren ondorioek praktikotasunean zer eragin izango duten ikuskizun dago, baina ikerketa lerro berriak zabal ditzakete».

Horregatik, ez da antolatzaileen asmoa ikasleei eragile baten inguruko iritzi bilduma bat ematea.Ekarpen bat egin dezaketen hizlariak biltzen ahalegintzen dira, «kulturgintzaren aurrerabidean mezu baikorra emango dutenak», esan du Arexolaleibak. Orobat, aditu, aritu eta ikasleen arteko hartu-emanaren berri ematen jarraituko dute euskal hedabideetan, «herri jakintza» nahi baitute, «eta jakintza herriarentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.