“Talka egiten duten bi tren bezala”. Irudi horrekin deskribatu du Agus Barandiaran Korrontzi taldeko trikitilariak Mikel Unzurrunzaga Dj Makala musikariarekin elkarlanean sortu duen proiektu berria. Euskal doinu tradizionalak eta musika elektronikoak uztartu dituzte bi sortzaileek, eta Topa-k deitu dute emaitza. Barandiaran askotan ibili da nazioarteko folk jaialdietan Korrontzi taldearekin, eta halakoetan ere gero eta maizago topatzen zituen elementu elektronikoak integratzen zituzten musikariak. Euskal Herrian halako proposamenik ez zegoela ohartu, eta orduan sortu zitzaion ideia. “Ikusi genuen bazegoela esparru bat bete gabe zegoena”. Hamar abesti biltzen dituen diskoa kaleratu dute orain Elkar argitaletxearekin, eta musika, bideoak eta dantza batzen dituen zuzenekoa prestatu dute.
Sortu ere, sustrai musika programatzen duen jaialdi horietako baterako sortu zuten taldea Barandiaranek eta Makalak: Finlandiako Womex jaialdi entzutetsurako, zehazki. Urtero jaso ohi dituzten hamaika proposamenen artean, Korrontzi eta Makalarena hautatu zuten antolatzaileek, eta duela hilabete batzuk eman zuten bertan beren lehen emanaldia han. Pozik gelditu ziren izandako emaitzarekin, eta esperientzia horren ondorio da diskoa.
Nazioarteko jaialdi horietara iristea dute orain buruan. Eta hain zuzen ere, horregatik jarri dute Womex jaialdirako hautatu zituztela adierazten duen zigilua azalean, zinemagintzan jaialdi garrantzitsuen aipamena kartelera eramaten duten pelikulekin egin ohi den bezala. Eta jadanik hasi dira eskariak jasotzen. Aurreratu dutenez, Malasyako The Rainforest World Music Festival jaialdian arituko dira datorren uztailean, adibidez, eta Euskal Herrian jotzeko asmoa ere azaldu dute, nahiz eta ez duten oraindik datarik itxi.
Alaitasuna eta omenaldiak
Bi elementu aipatu ditu Makalak bere musikaren zutabe nagusitzat: alaitasuna, batetik, eta munduko bazter guztietako musika omentzea, bestetik. Aurrez landuak zituen Jamaikako musika, Brasilgoa, musika latinoa eta baita runba katalana ere, baina orain arte ez zion keinu handiegirik egin euskal musika tradizionalari. “Euskal musika tradizionalari buruzko XXI. mendeko ikuspegi bat eskaintzen du diskoak”, laburtu du musikariak.
Ez da bi musikariek elkarrekin kolaboratzen duten lehen aldia ere. 2015ean Korrontziren Sardo K abestiaren remix bat egin zuen Makalak. Ordutik egon dira elkarrekin zerbait egiteko gogoz. Taldeak jadanik publiko egina zuen abesti bat erabili zuen ordukoan bertsioa egiteko oinarritzat disko jartzaileak, eta antzerakoa izan da prozesua oraingoan ere. “Remix kontzeptua” baliatu duela esan du Makalak. “Jadanik existitzen diren kantak erabili ditut”. Eta, beraz, Korrontzik aurrez kaleratutako abestiak daude disko berriko bertsioen oinarrian, baina haien atal batzuk bakarrik baliatu ditu nahasketetarako, eta beste doinu eta erritmo batzuk txertatu dizkie gero.
[youtube]https://youtu.be/HPx_mjmOuh8[/youtube]
“Ez da existitzen dantzarik gabeko trikiti musikarik”. Hasieratik ikusi zuen Barandiaranek musikarekin batera emanaldian dantza ere txertatzeko beharra, eta hala sartu ziren taldera Izaskun eta Alaitz Oraa dantzari, pandero jotzaile eta abeslariak. Korrontzirekin dantzan arituak ziren lehenago biak, eta dantza tradizionaletan bestelako mugimenduak ere txertatzen ikusiak zituelako hautatu zituztela dio Barandiaranek. “Euskal musika tradizionalaz gain, dj bat ere badago, eta badira afrikar musika pasarte batzuk ere, adibidez: ezin zen dantza tradizionala soilik izan, eta horregatik deitu genituen”.
Etxean beti izan dute bateko eta besteko dantza urratsak uztartzeko joera, Izaskun Oraak esan duenez. “Nahiz eta euskal dantzak dantzatu, beti gustatu izan zaigu beste zerbait sartzea ere. Etxean ere ibili izan gara bestelako musika batzuk jarri eta haien gainean gure urratsak sartzen”.
Martin Etxauri bideogilearen irudiak ere proiektatuko dituzte zuzeneko emanaldietan. “Espektakulu bat da”, laburbildu du Makalak, eta "oso orekatua” da proiektua disko jartzailearen ustez. “Bi emakume eta bi gizon, tradizioa eta musika elektronikoa, irudia eta musika...”. Epe luzera begira jarri da Barandiaran. “Hasiera besterik ez da hau”.