Antzerkia

Traje bat eta bi barne mundu, umorez zipriztinduak

Merkealdiko lehen egunean, gizon bat emakume batekin borrokatu da traje batengatik: hori da 'Trajea' antzezlanaren abiapuntua. Joseba Apaolaza eta Asier Hormaza dira protagonistak, eta, Apaolazaren hitzetan, obra «azkarra, trinkoa eta bitxia» da.

Joseba Apaolaza eta Asier Hormaza 'Trajea' antzezlanaren karteleko irudi batean. TXALO PRODUKZIOAK
Joseba Apaolaza eta Asier Hormaza 'Trajea' antzezlanaren karteleko irudi batean. TXALO PRODUKZIOAK
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
2026ko otsailaren 5a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Noraino irits daiteke presiopean eta muturreko egoera batean dagoen norbait? Zer egiteko gai izan daiteke bizirik irauteko? Horiek dira Trajea antzezlanak sor ditzakeen galderetako batzuk. Juan Cavestany zuzendariarena da jatorrizko testua, gaztelaniazkoa; orain, Txalo Produkzioak taldeak euskaraz taularatu du lana. Urtarrilean estreinatu zuten, eta emanaldiz beterik daukate otsaila ere. Elgoibarren (Gipuzkoa) egingo dute hilabeteko lehen geldialdia, bihar; etzi Gernikan (Bizkaia) izango dira, eta igandean, Lezon (Gipuzkoa).

Joseba Apaolaza eta Asier Hormaza dira istorioko protagonistak. Bata saltoki handi bateko segurtasun arduraduna da, eta bestea, berriz, eroslea. Hauxe da obraren abiapuntua: merkealdiaren lehen eguna da, eta gizon batek —Hormazak—, emakume batekin borrokan ibili ostean, segurtasun arduradunaren bulegoan amaitu du. Ordu eta laurden inguru irauten du antzezlanak, eta hala definitu du Apaolazak: «Azkarra, trinkoa eta bitxia da».

Aktorearen ustez, era askotara uler daiteke obra. Hark, esaterako, hitz joko baten bitartez laburtu du: «Gure neurrira egindako trajekomedia bat da». Ikuslearen ikuspegitik, berriz, beste eragin bat izan dezakeela azaldu du: «Esperimentu bat izan daiteke, galdera asko sor baitiezazkioke ikusleari. Are gehiago, esango nuke erantzunak eman beharrean beste galdera batzuk sortzen dituela amaitzean». Haren hitzetan, komediaz bustitako ikuskizun bat da, baita «intrigaz betea» ere: «Bukatu arte ez baitakizu zer gertatzen ari den benetan». 

«Obra hau esperimentu bat izan daiteke, galdera asko sor baitiezazkioke ikusleari. Are gehiago, esango nuke erantzunak eman beharrean beste galdera batzuk sortzen dituela amaitzean»

JOSEBA APAOLAZA Aktorea

Gaur-gaurko gaiez zipriztinduta dago antzezlana, eta, Apaolazaren ustez, aski ongi islatzen du hori Hormazaren pertsonaiak: «Ikusiko dugu etxean eta lanean hainbat arazo dituela, batzuk larriak, gainera. Eta semearekin ere talka asko ditu. Hori gutxi balitz bezala, liskar horren ondorioz sortu zaion arazo bat ere badu». Bere pertsonaia, berriz, ez da guztiz «normala», esan duenez: «Oso berezia da, baina egoera bera ere bai; ez da guztiz erreala. Segurtasun arduraduna izan daiteke aurrez aipatutako esperimentu horren xaxatzailea». Hain zuzen ere, obrak «surrealista eta zentzugabe» kutsua ere baduela gehitu du. 

Konfiantza oinarrian

Lan honetan erronka nagusi bat izan dute aktoreek: obra hogei egunez prestatzea. «Hori, berez, oso denbora gutxi da, baina udazkenean beste lan eskaintza bat iritsi zitzaidan, eta entseguak atzeratu egin behar izan genituen horregatik». Apaolazak azaldu du obrak elkarrizketa bitxiak dituela; «azkarrak batzuetan, eta oso biziak». Horrek, beraz, «zaildu» egin die lana. 

Hau ez da Apaolaza eta Hormaza oholtzan elkarrekin aritu diren lehen aldia. Are, hainbatetan arituak dira elkarrekin. Urte asko dira elkar ezagutzen dutela, eta Apaolazak aitortu du beti «onerako» dela hori: «Konfiantza daukagu Asierrek [Hormaza] eta biok. Badakigu bakoitza nolakoa den, eta horrek erraztu egiten ditu gauzak beti. Hogei egunez atera behar izan dugu hau aurrera. Elkar ulertzeko dugun gaitasuna faktore garrantzitsua izan da antzezlana hain denbora gutxian aurkeztu ahal izateko».

Umorera ekarria

Hamar urte baino gehiago dira Cavestanyk El traje obra originala estreinatu zuela. Idatzi zuen garaian, 2008ko krisiaren  arrastoak nabari ziren oraindik, eta hori obran ikus daiteke. Zehazki, Apaolazak azaldu du ustelkeria dela gai nagusietako bat. Hori bai, ustelkeria, kontsumismoa eta etxeko arazoak aipatzen badira ere, nabarmendu du lana ez dela «ezertan» zentratzen. 

Javier Gutierrez eta Luis Bermejo dira jatorrizko antzezlaneko aktoreak. Apaolazaren ustez, «puntako» bi aktore horien proposamena «serioagoa» da: «Guri, berriz, nahi gabe ere, askoz umoretsuagoa atera zaigu. Eta gure harrigarri, jendeak ere barre dezente egiten du, asko ez esateagatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.