Makina bat hilabete daramate lanean: dokumentatzen, idazten, sortzen, inprobisatzen, entseatzen, muntatzen... Nahiz eta antzezlan bat sortzeko prozesua taldeko lana den, hein batean bakartia ere bada, emaitza ezin baita erakutsi amaitu arte. Baina, hain zuzen, emaitza erakusteak, hau da, publikoak lana ikusteak ematen dio zentzua ibilbideari. Publikoari «hirugarren hanka» deitzen dio Edurne Azkarate aktore eta antzerkigileak, uste baitu edozein obratan beharrezkoa dela, bai antzerkigileentzat bai aktoreentzat ere. Bi baso bat ur antzezlanean, zuzendari lanetan aritu da Azkarate, Oier Guillanekin batera.
Metrokoadroka kolektiboaren lan berria da Bi baso bat ur, eta tratu txarrak pairatu ondoren datorrenaz hitz egiten du, umorez, baina gaiari pisurik kendu gabe. Intza Alkain, Javier Barandiaran, Marina Suarez eta Iraia Elias dira aktoreak. Geuretik Sortuak bekari esker sortu dute obra. Galdakaon (Bizkaia) egin zituzten proiektua gauzatzeko sormen egonaldiak —bat abuztuan, eta bestea asteon, azken ukituak emateko—, eta Galdakaon bertan egingo dute estreinaldia, gaur: 19:00etan emango dute obra, Torrezabal kultur etxean. Gero, Euskal Herriko beste zenbait herritan izango dituzte emanaldiak.
«Humanizatzen gaituzten gauza horiek plazerari lotutakoak dira: dantza, sexua, laztan bat, besarkada bat...»
OIER GUILLAN Antzerkigilea
Eszenaratze soileko antzezlana izango da. Izan ere, gaiak eszenaratze «gordin eta biluzia» eskatzen duela azaldu du Guillanek. Protagonistak oholtza gainean egongo dira, eta beste pertsonaia baten off ahotsa entzungo da. Ahots horrek tratu txarrak pairatu dituen pertsona baten bizipenak kontatuko ditu, eta lau aktoreek horiek taularatzeko ardura izango dute. Zuzendariaren ustez, eszenan hain gauza gutxi egonda, ikusleek beste elementu batzuetan jarriko dute begirada —«guri ahaztu egiten zaigu apenas dagoela eszenografiarik»—; argietan, arropetan eta musikan, esaterako. Argiteriaz Junki Mayo arduratu da, jantziez Idoia Beratarbide, eta musikaz Ander Fernandez.
Guillanek eta Azkaratek metafora bat sortu dute tratu txarren ondorenari erreferentzia egiteko. «Gorputz bakoitzak, edo norbanako bakoitzak, desberdin pairatzen du gertatu zaion hori», kontatu du Azkaratek. Dantza egin ezinarekin lotu dute momentu hori. Musika egongo da, jendea dantzan ariko da, baina protagonistek ezingo dute dantzarik egin. Guillanen hitzetan, tratu txarrek deshumanizatu egiten dute, eta dantzak, aldiz, humanizatzeko aukera ematen du: «Humanizatzen gaituzten gauza horiek plazerari lotutakoak dira: dantza, sexua, laztan bat, besarkada bat...».
Aipatu beharreko gai bat
Konpainiaren Artxibo biluzia lanak eman zien abiapuntua zuzendariei obra berriaren gaia aukeratzeko. Antzezlan hori publikoari erakutsi ahala, konturatu ziren jendeak tratu txarren inguruan hitz egiteko beharra zuela. «Publikoaren behar hori ikusita, arantza bat geratu zitzaigun sartuta. Bere horretan landu ez genuen zerbait zegoen hor, atera nahian zebilena», azaldu du Guillanek. Nahiz eta abiapuntua topatu, bide egokia aukeratzea egin zitzaien zailena: «Oso leku ilunetan sartzen ginen». Behin, Artxibo biluzia-ren karietara antolatutako antzerki tailer batean, Miren Azkarate kazetari eta liburuzainarekin egin zuten topo, eta hark esandako zerbaitek argitu zien dena. Tratu txarren esperientzia bat bizi izan zuen, eta kontatu zuen, umoreagatik izan ez balitz, ezin izango zuela gainditu gertatutakoa. «Umorea aipatu zuenean, ikusi genuen horrek bat egin zezakeela teatroa egiteko gure moduarekin».
«Arteak modua ematen du edozein gai unibertsali begiratzeko eta hari buruz hausnartzeko»
EDURNE AZKARATE Antzerkigilea
Orduan hasi ziren hasierako ideiari forma ematen. Umorearen mugak noraino iristen diren arakatuz, bi zuzendariek erabaki zuten hizpide hartzea alaitasunak zer funtzio bete dezakeen tratu txarrak jasan dituztenentzat. «Banalizatzeko inongo asmorik gabe, baizik eta ikusteko horrelako trauma baten ostean zer leku betetzen duen umoreak», aipatu du Guillanek. Hain zuzen, Azkaratek kontatu du ez dela hainbeste hitz egiten tratu txarren ondorengo aldi horretaz, eta arteak horretarako bide ematen duela: «Arteak modua ematen du edozein gai unibertsali begiratzeko eta horri buruz hausnartzeko».

Galdakaon egin zuten lehen sormen egonaldian, herriko jendearekin elkarrizketak egin zituzten sortzaileek. Herritarrek euren esperientziak kontatzeko baliatzen zituzten tarte horiek. Miren Azkarate ere egoten zen haiekin, laguntzaile gisa. Elkarrizketa gogorrak izan direla oroitu dute Azkaratek eta Guillanek. Testigantzak baliagarriak izan zitzaizkien, baina ezinezkoa izan zaie antzezlanean guztiak sartzea. Hala ere, modu batera edo bestera elkarrizketatu horiek guztiak obraren parte direla kontatu du Guillanek: «Datuetan, sentimenduetan, begiradetan, esaldietan, ñabarduretan... denetan daude».
Aktoreek egindako lana goraipatu dute bi zuzendariek. Behin betiko testurik izan gabe hasi ziren aktoreekin lanean, haiei ekarpenak egiteko aukera emateko. Guillan: «Haiek ere obraren egile dira, kanpoan gaudenok bezainbeste». Azkaratek «oso ontzat» jo du proiektua. Kontatu duenez, Metrokoadrokak heldutasuna lortuta ekin dio proiektu berriari, eta horrek asko lagundu du prozesuan: «Prozesu artistikoak oso konplikatuak dira, eta badirudi lortu dugula lan bat era arruntean ontzea. Guretzat oso-oso berezia da hori».
hurrengo emanaldiak
- Otsailak 27. Ozeta, Garaion Sorgingunea (Araba).
- Martxoak 3. Errenteria (Gipuzkoa).
- Martxoak 13. Zarautz (Gipuzkoa).
- Martxoak 14. Zigoitia (Araba).
- Martxoak 15. Urnieta (Gipuzkoa).
- Martxoak 21. Donostia (Gipuzkoa).
- Martxoak 27. Getxo (Bizkaia).
- Apirilak 17. Ziortza-Bolibar (Bizkaia).
- Apirilak 18. Hiriburu (Lapurdi).
- Apirilak 19. Lezo (Gipuzkoa).