Inoiz baino sortzaile gehiago, inoiz baino herri gehiago, eta inoiz baino proiektu gehiago. Udalbiltzak antolatzen duen Geuretik Sortuak beka egonkortzen ari da urteen poderioz. Euskal sorkuntza sustatzeko xedez antolatzen den egitasmo horrek hirugarren aldia du, eta ari dira aldi horri esker sortutako proiektuen inguruko informazioa ematen pixkanaka. Denera 30 sortzaile edo konpainiak parte hartu dute —antzerkigileak, zinemagileak, idazleak...—, eta Euskal Herriko 46 herritan egin dituzte edo egingo dituzte sormen egonaldiak, euren proiektua garatzeko. Bi urteko epea du bekak: lehenengo urtean sormen egonaldia egiten dute artistek dagokien herrian, eta bigarrenean, «zirkuitu nazionala» deritzotena egiten dute, proiektuak Udalbiltzako kide diren hainbat herritan aurkezteko.
Aurtengoan bultzada berezia eman nahi izan diote antzerkiari. Orain arte hiru antzerki proiekturi ematen zieten beka, baina, oraingoan, zortziri eman diete. Maria Oses Udalbiltzako kultur teknikariak adierazi du eskaerak ugaritu direlako egin dutela aldaketa: «Aurten inoiz baino herri gehiagok parte hartu dute; hori dela eta, gero eta proiektu gehiago aukeratu behar dira». Are, azaldu duenez, ikusi dute Geuretik Sortuak-en parte hartzeko nahia zabaldu dela, bai sortzaileen bai eta herrien artean ere: «Jendeak parte hartzeko hartxo hori du».
«Prozesu osoa sustatzen dugu, proiektutik hasi eta emanaldiak egin arte, eta horretan bidelagun izatea oso ontzat hartzen dute sortzaileek»
MARIA OSES Udalbiltzako kultur teknikaria
Antzezlanei dagokienez, ez da batere erraza izan jaso dituzten hautagaitza guztietatik zortzi aukeratzea, Osesen esanetan. Diziplina bakoitzerako, balioespen batzorde bat eratzen dute, eta antzerkiaren alorrean Kepa Errasti aktorea izan da buru. «Maila oso handia egon da», gaineratu du Udalbiltzako kideak. Etxebizitzaren gaia, euskara, tratu txarrak, Euskal Herriko erreferenteak eta beste landu dituzte proiektuetan, eta, Osesek kontatu duenez, umorea jorratzen dute lan «dezentek». Hala ere, obren kritikotasunari egin nahi izan die erreferentzia: «Kultura eta antzerkia ere erabiltzen dira gizartean pil-pilean dauden gaien inguruan hitz egiteko, eta uste dut hori interesgarria dela».
Hauek dira bekari esker taularatuko diren lanak: Promesarik txikiena (Infinitudrama), Txondor plaza (Argimalutak), Etxea (AmaHiru), Izeba Txirrita (Zelako Kultur Ideiak), Kolapsoa (Jon Ander Urresti eta Matxalen de Pedro), Bi baso bat ur (Metrokoadroka), Zerbait sartu zait begian (Imanol Epelde) eta Frankopoleon (Kulturarte).
Presentzia herrietan
Aukeratutako zortzi proiektuetako bakoitzari herri bat edo herri multzo bat lotu diote. Bekaldiaren lehen zatian, han egin dute egonaldia konpainiek, eta bigarrenean, herri horretan bertan taularatuko dute estreinakoz obra; urtarriletik martxora bitarte izango dira estreinaldiak. Udalbiltzako kideek propio lotzen dute lan bakoitza herri batekin, proiektuaren ezaugarriak aztertu eta herriaren bereizgarriak kontuan izanda. Gainera, aurtengo aldian egonaldiek herrietan presentzia handiagoa izan zezaten, bekarako izena emateko orduan parte hartzaileetako bakoitzari eskatu zioten aurkez zezala herri batean aurrera eramango lukeen ekintza bat —herri txikietarako eta herri handiagoetarako; bakoitzerako bana—.
Estreinaldia egonaldia egindako herrian egiteaz gain, Udalbiltzak beste hamar saio ere programatuko ditu lan bakoitzarentzat, 2026an. Oses: «Egia da antzerki produkzio handia dagoela, baina zailtasunak daude hura kontsumitzeko eta ikusleak eta programazioa lortzeko». Hori dela eta, sortzaileek behin baino gehiagotan helarazi diote Udalbiltzari beka «borobila» dela: «Prozesu osoa sustatzen dugu, proiektutik hasi eta emanaldiak egin arte, eta horretan bidelagun izatea oso ontzat hartzen dute».
Antzerkiaren alde egin dute oraingoan, baina Udalbiltzako kultur teknikariak aipatu du ez dakitela noiz arte eutsi ahalko dioten apustu horri. Hauek arrazoiak: ez dakite aurrerantzean zenbat herrik parte hartuko duten, ez eta zenbat sortzaile aurkeztuko diren ere. Hala ere, uste dute konpainiek eta publikoak badutela interesa.
'promesarik txikiena'
Konpainia: Infinitudrama. Estreinaldia: urtarrilaren 9an, Leitzan (Nafarroa).
Adarbakarra lanaren ostean, beste proiektu bati ekin dio Infinitudrama konpainiak: Promesarik txikiena. Poesia, performancea eta poesia uztartuko ditu, eta, konpainiaren esanetan, «akats humanoaren komedia garaikidea» da ondu dutena. Aktoreek fikziozko lagun talde bat irudikatuko dute, adiskidetasun erromantikoaren eta taldearen apologiaren inguruan hausnartzeko asmoz. Konpainiak Leitzan (Nafarroa) eta Berastegin (Gipuzkoa) egin zituen egonaldiak. Bi herri horietan, road konfesategia deituriko ekintza antolatu zuten. Furgoneta bat atondu zuten barrutik, herritarrek laguntasunari buruzko anekdotak, kontakizunak, hausnarketak eta konfesioak plazaratzeko.
Konpainiako kideen esanetan, modua izan zuten «harreman polita» sortzeko bai Leitzako bai eta Berastegiko biztanleekin ere, eta ekintza arrakastatsua izan zen. Urriaren 26an egin zuten Promesa txikiena-ren aurrestreinaldia, Berastegin, eta, kontatu dutenez, aretoa lepo bete zen emaitza ikusteko.
'TXONDOR PLAZA'
Konpainia: Argimalutak. Estreinaldia: otsailaren 21ean, Berriatuan (Bizkaia).
Egonaldiaren garaian, ekintza berezi bat egin zuen Argimaluta konpainiak. Berriatuan (Bizkaia) txondor bat piztu zuten, herritarrekin batera. Izan ere, ikazkinen ofizioari omenaldia egin nahi izan diote Txondor plaza antzezlanaren egileek. Txetxu Collado konpainiako kideak Udalbiltzari adierazi zion Tasio filma erabili zutela obraren inspirazio iturritzat. Filmaren unibertsoa egin zitzaion bereziki deigarria Colladori, eta unibertso hori bera antzerkira eramateko asmoz sortu zen proiektua.
Antzerkia eta zirkua uztartzen dituen lana da Txondor plaza. Mendian lan egiten duen ikazkin bat da obrako protagonista, eta muxar bat du lagun. Txotxongilo bat da muxar hori. Ikusgarrian, besteak beste, protagonistek naturarekin duten harremana islatuko da.
'etxea'
Konpainia: AmaHiru. Estreinaldia: urtarrilaren 18an, Hiriburun (Lapurdi).
2024an, Poltsiko Antzerkiko Donostiako Lehiaketa irabazi zuen AmaHiru konpainiak, Igogailu batean amaitu zen mundua lanarekin. Igogailu batean gertatzen zen kontakizun hura, eta, oraingoan, etxebizitzaren gaiari heldu nahi izan diote konpainiako kideek. Etxea norbera hazten ikusi duen logela edo gune hori galtzearen, 30 urtetik gora pisua partekatu ondoren banatzearen, eta askotariko zaintza moten inguruko antzerki obra bat da. «Bikotekiderik gabe eta lan prekario batek ematen dizun soldatarekin, zer pisu erosiko duzu jaio zinen hirian, jakinda guztiz gentrifikatua dagoela?»; horixe jarri dute premisa gisa AmaHirukoek.
Sormen egonaldia Hiriburun (Lapurdi) egitea egokitu zitzaien antzerkigileei, eta hainbat ekinaldi prestatu zituzten: batetik, altzari truke bat antolatu zuten —ikuskizunerako beharko zuten materiala lortze aldera—; herriko hainbat eragilerekin elkartu ziren, etxebizitzaren egoeraz hitz egiteko; eta zahar etxeetako erabiltzaileekin eta jende gaztearekin ere elkartu ziren, gaur egungo eta garai bateko errealitateen berri izateko.

'izeba txirrita'
Konpainia: Zelako Kultur Ideiak. Estreinaldia: urtarrilaren 17an, Astigarragan (Gipuzkoa).
Etxe aldaketa bat da Izeba Txirrita antzezlanaren abiapuntua. Familiaren etxea husten ari direla, bi nerabek eta haien izebak hainbat kutxa topatuko dituzte. Kutxa horiek familiako makina bat oroitzapenez josita daude, eta tartean dira izebak inoiz kontatu ez dituen hainbat sekretu ere. Azken mendeko historia eta Euskal Herriko erreferenteak landu nahi izan dituzte Zelako Kultur Ideiak taldeko kideek. Hain zuzen, azken gai horri tiraka egin zuten jarduera bat Astigarragan (Gipuzkoa). Jendearekin elkarrizketak egin zituzten, jakiteko zer erreferente dituzten. Horren ondoren, herri bozketa bat egin zuten erreferente horietako bat aukeratzeko. Gero, erreferente horri buruzko lanketa bat egin dute konpainiako kideek, antzezlanean txertatu ahal izateko.
'KOLAPSOA'
Konpainia: Jon Ander Urresti eta Matxalen de Pedro. Estreinaldia: martxoaren 1ean, Usurbilen (Gipuzkoa).
Ez da lehen aldia Jon Ander Urrestik Geuretik Sortuak egitasmora proiektu bat aurkeztu eta sormen beka lortu duena. 2023an lortu zuen lehen aldiz, Eukalyptus antzezlanarekin, eta, oraingoan, Kolapsoa-rekin eskuratu du. Matxalen de Pedrorekin landu du proiektua. Egileek antzezlanaren fitxan azaldu dutenez, «desazkundeari buruzko istorio bat» da. Klima larrialdiaren gaia izan dute ardatz sortzaileek; «eskuineko alderdi batzuek kontrakoa pentsarazi nahi badigute ere, munduaren berotze globala eta hondamendi naturalen datu zientifikoak hortxe daude». Kolapsoa gertu ikusten dute Urrestik eta De Pedrok, eta alternatibak bilatzeko deia egiten dute antzezlanean.
Usurbilen (Gipuzkoa) egin zuten egonaldia bi sortzaileek, azaroan, eta klima larrialdiaren inguruko hitzaldi bat antolatu zuten, parte hartzaileen artean elkarrizketa sustatzeko asmoz.
'BI BASO BAT UR'
Konpainia: Metrokoadroka. Estreinaldia: otsailaren 19an, Galdakaon (Bizkaia).
«Tratu txarren alaitasunari buruzko obra», hala definitzen dute Metrokoadrokako kideek Bi baso bat ur lana. Hain zuzen ere, adierazi dute erasotzaileek alaitasuna «ebasten» diotela tratu txarrak pairatzen dituen horri; hori dela eta, alaitasunaren alde sozialari erreparatu nahi izan diote: «Minaren ostean alaitasunaren eta umorearen jabe egitea ezinbesteko tresna da mina gainditzeko eta ahalduntzeko».
Bi zatitan egin dute egonaldia Metrokoadorkakoek —Galdakaon (Bizkaia)—. Lehenengo aldian, abenduaren 10etik 19ra izan ziren han, eta otsailean itzuliko dira, estreinaldia baino lehenago. Konpainiako kideen asmoa izan da herritarrekin biltzea eta haien esperientziak biltzea, gero obran txertatu ahal izateko.

'ZERBAIT SARTU ZAIT BEGIAN'
Konpainia: Imanol Epelde. Estreinaldia: urtarrilaren 23an, Ajangizen (Bizkaia).
Euskararen minorizaziotik tiraka sortu du Imanol Epeldek Zerbait sartu zait begian. Haren esanetan, «poz bat, mezu bat, gogo bat» pizteko asmoz sortu du obra. Gizartearen abiadura salatu nahi izan du, eta bizitza modernoak gaixotua eta medikalizatua duela gaineratu. Gaur egun pairatzen den «noraez indibidual eta kolektiboari» erantzun bat ematea du helburu antzezlanak. Bizkaiko bi herritan egin zuen egonaldia Epeldek, abuztuan eta irailean: Ajangizen eta Muxikan; lehenengoan egingo du estreinaldia. Bi herri horietako biztanleekin bildu da sortzailea, ikusgarrirako materiala biltzeko asmoz.
'FRANKOPOLEON'
Konpainia: Kulturarte. Estreinaldia: urtarrilaren 1ean, Plentzian (Bizkaia).
Urte berriarekin batera taularatuko dute Kulturarte konpainiakoek Frankopoleon antzezlana. Euskal identitateez hausnartzen duen obra bat sortzea izan da taldearen helburua, eta, kulturartekotasunaren ikuspegitik identitate horiek behatzea. Hori dela eta, Euskal Herriko jendearen bizipen, gogoeta eta bestelakoak jaso eta grabatu dituzte, askotariko identitate horiek taula gainera ekartzeko asmoz. Udan egin zuten konpainiako kideek egonaldiaren lehen zatia, Plentzian (Bizkaia), eta bigarrena, hilabete honetan. Euskalduntasunaren inguruan hausnartzeko herri batzar bat antolatu zuten lehen egonaldirako.