Traumaren aukerak

Jon Maia, Garbiñe Ubeda, Joseba Larratxe eta Aitor Etxebarria 'Gernika' koadroak beren memorian eta sorkuntza lanetan izandako eraginaz aritu dira UEUk Eibarren antolatutako jardunaldi batean.

IDOIA ZABALETA / @FOKU.
itziar ugarte irizar
Eibar
2023ko urriaren 7a
00:00
Entzun
«Gernika-k pisu handia dauka». Ezarian esan zuen esaldia Aitor Etxebarria musikari eta konpositoreak, baina pisu horren inguruan aritzeko elkartu ziren, hain justu, Etxebarria, Joseba Larratxe Josevisky marrazkilaria, Garbiñe Ubeda idazle eta BERRIAko kazetaria eta Jon Maia koreografo eta dantzaria, atzo, Eibarren (Gipuzkoa). Joseba Zulaika antropologoaren eta Ismael Manterola arte adituaren ostetik hartu zuten hitza, UEUk antolatutako Gernikak: arte bidezko gorpuzteak eta islak jardunaldian, eta Pablo Picassoren koadroak beren memorian eta sormen lanetan izandako eraginaz aritu ziren.

Etxebarriak, gernikarra sortzez, aitortu zuen «lotsa ez, baina beldur apurra» sentitu zuela Picassok Gernika mundura zabaldu ostean berak gai berari heltzeko. Markak dokumentalarentzako musika sortzea egokitu zitzaion aurrena, 2017an, eta Gernika 85 obra sinfonikoa estreinatu zuen iaz. Azken horretatik, koadroaz haragoko irudi bat hedatzeko nahia oroitu du, batik bat bonbardaketa bizi izan zutenen lekukotzekin lortu nahi izan zuena. «Partituran beste instrumentu bat bezala daude idatzita testigantzak. Japonian, disko denda batean egon daitezke orain; eta nonbaiteko filarmonikaren batek obra jo nahi duen egunean, testigantzak jaurti beharko dituzte».

Larratxek aipatu zuen «betidanik» ezagututako Gernika-k baino gehiago eragin izan diotela berari «zirrara» beste artista batzuek egindako interpretazioek; zehazki, Kortaturen Gernika kantuaren bideoklipak eta 15 urterekin Bilbon aurrenekoz ikusi zuen Juan Luis Zumetaren Gernika koadroak. Katebegitzat ikusten ditu horiek, eta hala ikusten du berak Harkaitz Cano eta Unai Iturriagarekin batera ondutako Ni ez naiz Mikel Laboa komikian (2022) margotutako Gernika ere.

Larratxek etxean entzuna zuen aitonak ihes egin eta familia Iruñera joan zenean bonbardaketa entzun ahal izan zutela, eta komikirako dokumentatzean ohartu zen gauza berbera kontatzen zuela Laboak ere. «Mikelek 2-3 urte zituen orduan; bera ezin zen oroitu, baina bere familian geratu zen trauma da, Lekeitiotik ikusi izana hegazkinak Gernikara bidean. Berak trauma hori erabili zuen motor bezala bere sorkuntzarako». Bada, hori irudikatzeko, koloreak baliatu zituen Larratxek komikian; orrialde gehienetako tonu apalen aldean, Gernika agertzen denean kolore eztanda dator irudietan. «Koloreak, inspirazioa, trauma batetik datoz».

Gernika bera margotzeko, bestalde, «zerotik hasi ordez», Picassoren eta Zumetaren Gernika-k nahastearen alde egin zuen. «Gure kasuan, ikonoa ez zen Picasso, Mikel Laboa baizik. Laboa inspirazio pila bat eman didan pertsona bat da, eta, forma bat emanda, hori itzultzeko aukera bat izan da niretzat. Ikonoak badira errespetatzeko gauzak, baina, agian, sorkuntzan ari garenok errespetu gutxiago diogu ikonoak hartu, moldatu eta gure egiteari. Ulertzen dugu garai batean Picasso eta Zumeta zeuden bezala, eta ez dut neure burua haiekin konparatuko, orain gu gaudela».

Transmisioa eta tabua

Ubedak, bestalde, transmisioaren eta identitatearen eremura eraman zuen koadroa. «Gure etxean beti egon da Gernika bat zintzilik, bai gurasoenean eta bai amonarenean, eta beti izan du balio emozional ikaragarria, Gernika-z harago ikusten genuelako. Nik nire familia ikusten nuen, haren geruza guztiak: Urbasako zulo batetik behera bota zuten birraitona, nobela batera eraman nuen aitona desagertua [Hobe isilik, 2013], anarkismoaren inguruan ibili zen eta neskame amaitu zuen amona, beste amonari 1977an metrailatuta hil zioten semea... Amona hura hil zenean, nik jaso nuen haren koadroa herentzian. Etxean daukat, eta askotan galdetu diot neure buruari zilegi ote den egunero gure miseriari begiratzea, ez litzatekeen hobe lore batzuk jartzea. Baina nire ispilua dela uste dut, eta horri ezin diot uko egin».

Maiak kontatu zuen ezen, Kukai artean sortu gabe zela, lehen lana Gernikako bonbardaketaren inguruan osatu zutela, Mireia Gabilondorekin, eta esanguratsua zaiola iradoki zuen. Harrezkeroztik, 1937ko bonbardaketaren hainbat urtemugatan egokitu zaie dantzatzea, eta 2017koa dute Gernika-Guernica azken pieza. Kontatu zuen nola, Madrilgo Reina Sofian hura prestatzen ari zela, koadroaren aurrean eserita zegoen haur talde baten inguruan jarri zen goiz batez, eta entzundakoak jaso zituen piezarako; koadroa guardia zibilek «zainduta» egoteak sortzen dizkion sentsazioez ere aritu zen, besteak beste. «Geruza pila bat daude, baina esango nuke Gernika-ren sinboloarekin lan egiteak berekin dakarrela gure historiaz eta identitateaz hitz egiteko beharra».

Sinbolo handiak artera eramatearen argi-ilunez galdetuta, «korapiloak aukera» direla defendatu zuen Maiak. Aldeko aukeratzat jo zuen Ubedak ere: «Niri beldurrik ez zidan eman; kontrakoa; nik kontatu nahi nuen horrek bazuen ikonografia bat, eta jendeak hitz handirik erabili gabe ulertu zezakeen funtsa».

Ohartarazi zuen, halaber, koadroaren zentzu ugarietan bat ez dela hainbeste agertzen, haren ustetan: «Zapalketa bortitzarekin lotu izan da, baina, era berean, bada gure herriaren ukazioaren ikonoa ere, eta hori ez da hainbeste azaltzen». Bat etorri ziren besteak. Maia: «Tabu hori beti dago hor; nola hurbiltzen zaren, zer esango duzun... Ikusi behar duzu ate hori irekiko duzun edo ez, badaezpada».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.