Trilogia anarkista utopiko bat

Asel Luzarraga idazleak Askayala izeneko fikziozko herrialdean girotu du 'Esan gabe doa' eleberria. Lana trilogia baten lehen alea da

Asel Luzarraga idazlea, Esan gabe doa eleberriarekin. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2022ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Venezuelaren eta Guyanaren artean dago Sakau izeneko herrialdea. Edo han zegoen, behintzat, harik eta 2016an iraultza piztu, herritarrek herri askeen federazioa sortu, eta lurraldeari izena aldatzea erabaki zuten arte: ordutik aurrera, lurraldeari Askayala izena jarri zioten. Hamar urte joan dira matxinadatik, eta pixkanaka egonkortuz doa sarean osatutako asanblea sistema, baina horrek ez du esan nahi gatazkarik ez dagoenik, eta, gainera, gainean dute nazioarteko aliantzaren inbasio mehatxua ere. Bere utopia anarkista irudikatu ahal izateko asmatu du fikziozko geografia hori Asel Luzarraga idazleak, eta hartan girotu du Esan gabe doa eleberria. Txalaparta argitaletxeak kaleratu du lana, eta egileak iragarri du trilogia baten lehen alea izango dela.

«Iraultza bera zelan gertatzen den kontatzea baino interesgarriagoa zen niretzat jada gizarte horretan bizi direnek dituzten erronkak, ezinegonak eta zailtasunak kontatzea», azaldu du egileak. Horregatik girotu du trilogiako lehen kontakizuna 2026. urtean, esperimentu iraultzaileak jadanik hamar urteko ibilbidea egina duenean. Liburuak lau kapitulu ditu, eta haietako bakoitzak pertsonaia bat du ardatz. Haien bizipenen bidez helduko zaio irakurleari utopia horren nondik norakoen berri. Eta egileak honela laburtu du amets hori: «Liburuan planteatzen dena da etorkizuna gura badugu desazkundea behar dugula. Gizarte iraultzaile hori da desazkundean bizi den gizarte bat, gaur egun hain liluratuta gauzkan teknologiaren munduari uko egin diona, neurri batean, hori jasanezina delako, eta ahalegindu dena naturagaz bizitzen, beste oreka batean».

2009an sortu zitzaion trilogia idazteko ideia, artean Txilen zegoela. Orduan piztu zitzaion aspalditik buruan zerabilen erronka bati aurre egin beharra ere. «Garai batean, liburu guztiz errealistak idatzi nituen, gure gizartean kokatutakoak, nik ezagututako munduan; gero, bide distopikoa hasi nuen, etorkizunera begira, baina askotan izan nuen buruan bueltaka islatu behar nukeela ez egun daukagun gizartea, ez gizarte honek nora garamatzan ere, baizik eta garatu behar nuela nik amesten dudan gizartea. Zelangoa izango zen nik buruan daukadan gizarte anarkista hori».

Hori da argitaratu berri duen eleberriaren muina, eta hori landuko dute hurrengoek ere. Luzarragak fikziozko idazle bat ere sortu du nobelak idazteko: Simun Palsu. Eta, beraz, fikziozko idazle horren eskutik helduko zaio kontakizun osoa irakurleari.

Unibertso propio bat

Berrikuste fasean du jadanik trilogiako bigarren alea. Laburragoa eta umoretsuagoa izango dela aurreratu du, eta iraultza egin aurreko bizimodua kontatuko duela. Bi urte barru espero du kalean Luzarragak, eta, dioenez, buruan du hirugarrena ere, etorkizun are urrunagoan girotua. «Egunkari formatua izango du».

Idazleak bere mundu propioa eraikitzeko duen modua laudatu du Garazi Arrula Txalaparta argitaletxeko editoreak. «Sortzen ari den unibertso hori da haren balio handienetako bat, eleberriz eleberri osatuz doana». 2003an eman zuen argitara bere lehen nobela, eta, Elkar argitaletxearekin argitaratu berri duen Katuak jandakoa gazteentzako eleberriaren ondoren, hamabigarren nobela du Esan gabe doa. Bada, Arrularen ustez, lan horien artean sortzen den erreferentzia sare hori da Luzarragaren lorpenik handienetako bat. «Ez dut ikusten beste inor halako ezertan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.