Tsai Ming-Liang zinemagilearen erakusketa bat ireki du Tabakalerak, ibili ahala inguruari erreparatzeko

Bihartik abenduaren 6ra bitarte Tsai Ming-Liangen hiru pieza ikusi ahal izango dira Donostiako Tabakalerako 'Walker' erakusketan. Bideoetan monje bat ageri da munduan zehar mantso-mantso ibiltzen. Donostian grabaturiko pieza Zinemaldian aurkeztuko dute.

Tsai Ming-Liang zinemagilea gaur, Tabakalerako 'Walker' ikus-entzunezkoa atzean duela. JUAN HERRERO / EFE
Tsai Ming-Liang zinemagilea, gaur, Tabakalerako 'Walker' ikus-entzunezkoa atzean duela. JUAN HERRERO / EFE
Odile Bourguignon Goñi
Donostia
2026ko irailaren 17a
13:54
Entzun 00:00:00 00:00:00

Inertziak kontrakoa agindu arren, gelditu. Gelditu denbora, mantsotu abiadura, begiratu ingurura. Iraileko errutinan murgildu berritan horretarako gonbita egin du Donostiako Tabakalerak: bizitza patxadaz hartzekoa. Eta akaso horrexegatik orain, ikasturte berriko agendan idatzitako eginbeharren zerrendak norbera irentsi ez dezan. Tsai Ming-Liang zinemagile taiwandarraren ikus-entzunezko hiru pieza biltzen dituen Walker (Ibiltaria) erakusketa zabalduko dute bihar, eta Xuazang monje txinatarraren irudia eta eredua ditu ardatz: Lee Kang-Song aktorea ageri da pantailetan, ilea larru-arras moztuta, oinutsik eta tunika gorri bat soinean. Zinemagileak Tabakalerarako berariaz sortu du erakusketa, eta abenduaren 6ra bitarte ikusi ahal izango da, 3. erakusketa aretoan. 

Txinako zibilizazioaren Urrezko Arotzat jotzen den Tang dinastiaren garaian, Xuazang monje txinatarrak milaka kilometro egin zituen Indiara iritsi arte, eskritura budisten bila. Milaka kilometro, pauso bat bestearen atzean. Eta 2011z geroztik, Tsai Ming-Liang zinemagilea geldotasun horren aldeko aldarria egiten dabil Lee Kang-Song aktorearekin batera. Berak gorpuztu du monjea hamar hiri desberdinetan grabatutako filmetan. Baina Tabakaleran ikusiko direnak proiektu horren lehenengo hiru atalak izango dira —No form (2012), Walker (2012) eta Journey to the West (2014)—; zehazki, Hong Kong, Taipei eta Marseilla hirietan grabaturikoak. Pertsonaia hiriko paisaietan barrena ibiliko da oinez, «erabateko introspekzio ariketa betean».

«Abiadura handiegia du gaur egungo garaiak, eta ingurura arretaz eta denboraz begiratzeko aukera gutxi ditugu»

TSAI MING-LIANG Zinemagilea

Walker serieko monjearen begiradak Donostian ere egin du parada, eta ez bakarrik erakusketa aurkezteko. Dust izena du zinemagileak abiatutako proiektuaren azken filmazioak, eta iazko udan grabatu zuten, Donostian, Tabakaleraren laguntzaz. Aurtengo Donostiako Zinemaldian ikusi ahal izango da, Zabaltegi-Tabakalera sailean, hain justu «zinema libreena» erakusten duen sailean, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak esan duenez. Hala adierazi du Rebordinosek: «Donostia ezberdin bat ikusiko duzue. Monjeak ezagutzen dituzuen txokoak zeharkatuko ditu, baina txoko horiek zeharo ezberdin ikusiko dituzue, beste begirada batetik. Lasai ikustea eskatzen du, baita paisaiaz beste modu batera disfrutatzen saiatzea ere». Filma Veneziako Zinemaldian estreinatu zen.

Eta ibili munduan

Donostiako hiria zapaldu, eta etxera itzuli izanaren irudipena izan du Tsai Ming-Liang zinemagileak. Gustuko du hiria, eta iazko filmaketak iraun artean inon baino erlaxatuago sentitu zela adierazi du: «Donostiak duen edertasunari denbora eskaini behar zaio, eta eskaini behar zaio mantso». Hala, zorionekotzat jo ditu Donostian bizi diren biztanle guztiak, eta hiriaren ezaugarri positibo batzuk zerrendatu ditu jarraian: «Paisaia ederrak, janari gozoa eta, gainera, berandu afaltzeko aukera!». Hiriari mantso bizitzeko aukera ere sumatzen dio, gizarteak parada gutxi eman arren: «Abiadura handiegia du gaur egungo garaiak, eta ingurura arretaz eta denboraz begiratzeko aukera gutxi ditugu. Lurrak du edertasunik handiena planeta guztien artean, horregatik, jatorrizko edertasun horri erreparatu behar genioke». Hain zuzen, horretarako aukera ematen du erakusketak.

«Uste dut gaur egun ez dagoela paisaia fisikoaren eta aurpegien arteko dualtasunaren edertasuna horren ondo erakusten duen zinemagilerik»

JOSE LUIS REBORDINOS Zinemaldiko zuzendaria

Hala, Rebordinosek luxuzko gonbidatutzat jo du zinemagilea, eta goraipatu egin du paisaia fisikoak eta humanoak lantzeko duen modua: «Uste dut gaur egun ez dagoela paisaia fisikoaren eta aurpegien arteko dualtasunaren edertasuna horren ondo erakusten duen zinemagilerik». Zinemaldiko zuzendariak uste du dualtasun hori bera Tabakalerako erakusketan islatuko dela. Horrez gain, hiru solasaldi egingo dituzte egitaraua osatzeko: bata irailaren 24an, bestea urriaren 22an, eta azkena azaroaren 19an, Tabakalerako 3. erakusketa aretoan bertan. Gainera, familientzako arte tailer bat antolatu dute urriaren 24rako, baita zuzendari taiwandarraren filmografia bilduko duen zine ziklo bat ere. Lehenengo saioa urriaren 3an egingo dute, eta Vive l'amour (1994) filma proiektatuko dute.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA