David Truebaren Vivir es fácil con los ojos cerrados eta Bertrand Tavernierren Quai d'Orsay filmak, Sail Ofizialean lehiatuko direnak, gogoz jarraitu ditu publikoak, tartean-tartean barre algararen bat edo beste eginez, eta amaieran txalo joz.
Vivir es fácil con los ojos cerrados Almerian kokatzen da, 60ko hamarkadan. Ingelesa The Beatles taldearen hitzetan oinarrituz irakasten duen irakasle bat Almeriara autoz abiatuko da John Lennon film bat grabatzen ari dela-eta, harekin egoteko asmoz. Bidean, autostop egiten ari diren neska bat eta mutiko bat jasoko ditu. Bidaian, hiru ezezagun horien artean laguntasun harreman sendo bat eraikiko da, hainbat abentura bizitzeaz gain. "Pertsona ororen erronka konplexuei aurre eginez harro sentitzeko zerbait egitea da", esan du Truebak.
Frantziako Atzerri ministroaren eta haren lantaldearen arteko gorabeherak biltzen ditu Quai d'Orsay filmak. Politika munduaren satira egiten duen lanak ministroaren hitzaldiak idazteko kontratatu duten gaztearen esperientzia du abiapuntu. Umore puntuak ditu, eta izen bereko komikian oinarritzen da. Tavernierren hitzetan, komedia ona tonu dramatikoan ere egin daitekeena da.