«Ilusioa dakart/ urtero antzeko/ ahal dala txapeletik/ gertu bukatzeko». Erran, eta egin. Abadiñon jokatu dute gaur Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa, eta Aitor Etxebarriazarraga Gabiolak batu du puntu gehien: 651,5, zehazki. Txapela eskuraxeago du, beraz, eta bigarren itzulirako sailkatu da; Bermeon izanen da, azaroaren 15ean. Txaber Altube Sarrionandiak egin du bigarren, 607,5 punturekin, eta gibeletik sartu dira Gorka Pagonabarraga Agorria (604,5 puntu), Unai Mendiburu Valor (600 puntu), Maite Sarasola Isazelaia (562 puntu) eta Enare Muniategi Etxabe (552 puntu). Heldu den igandean zehaztuko da finalaurrekoen bigarren itzulian kantatuko duten bertsolarien zerrenda osoa, Barakaldoko saioaren ondotik. Hemezortzi bertsolarietatik hamabi pasatuko dira bigarren fasera.
Arratsaldeko bortzak jotzean, Igor Menika gai jartzailearen gibeletik sartu dira sei bertsolariak, eta goxo-goxo agurtu. Lan puntuagarriak zein izanen diren esplikatu du gidariak: hiruna bertso hamarreko txikian, hiruna bertso zortziko txikian, bertze hainbertze Iparragirre abila dela doinuan, eta ganbara.
Azkeneko lan puntuagarri horrek utzi ditu alerik ederrenak, baina bidean ere izan da lagin politik. Etxebarriazarraga eta Altube, erraterako, urte luzez kartzela berean egon diren bi preso izan dira hamarreko txikian. Etxeberriazarraga kanpoan da jada, eta kide ohia bisitatzera joan da gaur. Hala galdetu dio kartzela barrutik: «Baina zer aurkitzen da/ irteterakoan/ esperantza izpirik/ ba al dago kanpoan». Zalantzati erantzun dio Etxebarriazarragak: «Gazteak banatuta/ aberria lotan/ eta neu be nabil neu/ topatu asmotan/ ezebez ez dot egin/ hilebeteotan».
Lapurrak, klasekideak eta telefonistak
Arin eta umoretsu jardun dira seiak zortziko txikian. Muniategi telefonia enpresa bateko langilea izan da, eta Mendibururi telefonoz deitu dio eskaintza baten berri emateko; Mendiburu ezin isildu hasi zaio kontu kontari. «Lan hontan arratsalde/ bat be ezta berbera/ zoratu eingo nozu/ atzera aurrera/ gurozunean pasa/ zeiz movistarrera». Buelta eman dio Mendiburuk: «Nahita egin dut zabiltza/ esan eta esan/ guk zer sentitzen dugun/ ikasi zenezan».
Kantatzen hurrenak Sarasola eta Etxebarriazarraga izan dira, eta barre eragin diete entzule denei. Bi lapurren rola jokatu dute, eta Guggenheim museoan lapurreta bat egitea proposatu dio Sarasolak kideari. Hala erran dio saioaren irabazleak: «Ez da ondo urtengo/ ta mesedez aitu/ kanpoko txakurrak be/ harrapauko gaitu». Baiezkoan zen Sarasola: «Louvren ja egin dute/ ta bikainki froga/ bigarren aldian ere/ ondo irtengo da». Kidea konbentzitu egin du azkenean, eta Etxebarriazarragak txalo zaparrada beroa jaso du bukaera honekin: «Zeba ez gara egingo/ bi koadroren jabe/ eurek biosfera bat/ ostuko badabe».

Altube eta Pagonabarraga bi klasekideren ahotik aritu dira bertsotan, graduazio egunean. Txandala jantzita joan da Altube, eta dotore-dotore, aldiz, Pagonabarraga. Notarekin hitz jokoa eginez, hala erran dio Pagonabarragak: «Holan egun handirik/ ezin da ospatu/ beti erdipurdiko/ ez baju ez altu/ lau urtean ez zara/ bostetik pasatu». Utzikeria dela ukatu, eta erantzun egin dio Altubek: «Arte ederretakoak/ jende fina gara/ rebotean sartuak/ gure karrera/ horregatixe hala/ etorri naiz hala/ ez da utzikeria/ performatzea da».
Iparragirre abila dela doinuan fin aritu dira seiak, eta agudo-agudo lortu dute lana bukatzea. Adin bereko nerabeen guraso izan dira Etxebarriazarraga eta Pagonabarraga; seme-alabak lagunak dira, eta gurasoek bikote harreman bat hasi berri dute. Kontatzeko erabakia hartu dute, eta Pagonabarragak konbentzituta bota du: «Entzun beharko dute/ beren gurasoen berba/ nerabezaro bete-betean/ drama bat gehiago zer da». Alde on bat atera dio Etxebarriazarragak: «Lehenengoak izan direla/ familia aukeratzen».
Norberaren harrotasuna
Eta iritsi da ganbara. Honela zioen bakarka hiru bertso osatzeko gaiak: «Azkenean lortu duzu amaitzea; oso harro zaude zeure buruagaz». Lana josten lehena Sarasola izan da, eta abiadura bizian egin ditu lanak; bai bakarka, bai ofiziotan ere. Ama baten rola hartuta kantatu du, eta azaldu du etorkizun idiliko baten bila aritu izan dela beti. Pelikuletan kontatzen dena, baina, ez da erreala izaten gehienetan, eta horixe bera gertatu zaio Sarasolari: «Ta uste bezain superguaia/ ez denez amatasuna/ umeen zaintza nekeza/ gaixotasun ta bakuna/ nik ezin nuen gehiago/ ta sentituz erruduna/ prozesu bat hasi nuen/ hobetzeko etorkizuna/ eta talde terapian/ gaur da nire azken eguna». Lasai begiratzen dio, orain, egungo bizitzari: «Baina behingoz kendu dut ja/ nire aurpegitik maskara/ pertsona normal bat naiz ta/ larregi da beharbada/ baina honaino iristea/ harro egotekoa da».
Mendiburuk ere talde terapian kokatu du bere burua, baina bertzelakoa zuen hor egoteko arrazoia: unibertsitatean matrikulatu arren ez zen sekula aurkeztu, eta, zenbait bide oker hartuta, ludopatia garatu zuen azkenerako. «Zortean sinetsi nahian/ handian nuen amestu / nola ez nintzen egongo/ itolarrian ta estu/ etorkizuna uztean/ bola txiki baten esku». Errima fin-finez josi du bertso hori; esker onez ondu du bukaerako bertsoa: «Konponbidea baneukan/ ta gertu zen parez pare/ gertukoen bultzada ta/ osteko terapia talde/ halaxe urte hauetan/ ezer ez da joan debalde/ azkenik iritsi baita/ azkenik egin dut alde/ behin apustu egitean/ nire buruan alde».
Muniategiren eta Pagonabarragaren kontakizunek ere izan dute antzekotasunik. Lehen aldiz hamar kilometro egin ditu Muniategik Bilboko lasterketan. «Hasieran lerro batean jarrita/ eta pistolatxoak gora/ besteentzako igual ez baina/ hau niretzako asko da». Helmugara iritsi denean lagunak eta familia ikusi, eta zera pentsatu du, azkenerako: «Bizi honetan ni neure kontra/ eta besterik ez dago / maite bi neuke neure burua/ ta apurtxu bet gehiago».

Urrunxeago joan da Pagonabarraga: «Eta kolpean sentitu nahi dut/ amaituko dela lana/ nahiz ta bidean ahaztu lagunak/ bikotea eta ama/ hamairu ordu eta erdian/ bukatu dut Ironmana».
Azken eta azken-aurren abestu dute Altubek eta Etxebarriazarragak, eta haiek osatu dituzte bertsoaldirik borobilenak. Bikote harreman bat irudikatu du Altubek, zeina lau urteren ondotik eten egin den. Zer gertatu den ez jakinagatik ere, badaki alde egitea zela aukerarik onena: «Nahiz eta utzi behar nuela/ maiz ez zaidan iruditzen/ hori tristura besterik ez da/ bere papera kunplitzen/ ta bukaera eman behar zen/ biok joan errenditzen/ ta nola min gehiegi zen/ apenas ausartu nintzen/ orain ikasi beharko dugu/ besterik ez da gelditzen/ lehen elkarrekin ikasi legez/ elkarren faltaz bizitzen». Ederki josi ditu hiru bertsoak, bai abiadurari dagokionez, bai edukiari dagokionez ere.
Hasieratik bukaeraraino asmatu du bertsotan Etxebarriazarragak, baina ganbaran jo du goia, zalantzarik gabe. Seme baten rola hartuta kantatu du; aitarekin ongi moldatu ez eta handik ihesi joan zen amarekin batera. «Joan ginen momentuz/ aldaturik tentuz/ instiz, bizilekuz/ harremana lehertuz/ baina ez zan amaitu/ gu desagertuz». Salaketa jarri zuen aitaren kontra, eta gaur etorri zaio erantzuna: «Epaitegitan pasa/ dot urte andana/ hoba sartu baneutzo/ tripan labana/ azkenean heldu da/ epaia nigana/ lortu dot amaitzea/ gure harremana/ nahiz joan ez orbana/ badogu zor bana/ gozatzea dana/ harro nago ama/ ez dalako itzuliko/ barriz gugana».
Txalo zaparrada artean esan dute agur bertsolariek, eta jaitsi dira oholtzatik. Bertsozaleek igandean ikusiko dute elkar, Barakaldon. Finalaurrekoaren lehen itzuliko azken sei bertsolariak arituko dira han: Ibai Amillategi Omaetxebarria, Irune Basagoiti Agirre, Lurdes Ondaro Mallea, Mikel Goiriena Larrazabal, Onintza Enbeita Maguregi eta Xabat Galletebeitia Abaroa.