Literatura

'Txerriak eta loreak': txistorren atzean dauden krimenak

Toure detektibea albo batera utzita, Jon Arretxek Downen sindromea duen pertsonaia bat jarri du protagonista bere azken nobela beltzean. Gasteizen, Arbizun eta Basaurin girotu du kontakizuna idazleak.

Jon Arretxe, azaroaren 25ean, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Jon Arretxe, azaroaren 25ean, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Amaia Jimenez Larrea.
Donostia
2025eko abenduaren 2a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Toure detektibearen 11 eleberri idatzi ditu orotara Jon Arretxe idazleak. «Ez zaitez tontoa izan, idatzi Toureren liburu gehiago», esaten dio jendeak, sagak lortu duen arrakasta ikusita —liburuak gaztelaniara itzuli dituzte, eta telesail bat ere egin dute nobeletan oinarrituta—. «Ba, ni tontoa izan naiz», adierazi du Arretxek, barre artean. Jakin badaki Toureren liburuek irakurleen artean ongi funtzionatzen dutela, baina aldatzeko beharra sumatzen zuela aitortu du: «Nobela beltzetik atera gabe, zerbait desberdina egin nahi nuen». Bada, aldaketa horren emaitza izan da Txerriak eta loreak liburua. Erein argitaletxearekin kaleratu du.

Arbizun (Nafarroa) hasten da istorioa: txistorrak egiten dituen lantegi batean lapurreta egin dute. «Gertaera xume batek jende asko mugitu dezake», azaldu du Inazio Mujika Ereineko editoreak. Izan ere, haren hitzetan, txistorra bezalako elementu «arrunt» batek errealitate oso bat astintzea lortuko du. Lapurreta horren atzetik etorriko dira heriotza, mafia eta ustelkeria, besteak beste. Idazleak esan du kosta egin zitzaiola eleberria nola hasi asmatzea —«itsua naiz», gaineratu du—, eta lagun duen idazle kanariar batek eman ziola abiapuntua.

«Oso erritmo bizia du, elkarrizketa asko, umore beltza, bortxakeria handia eta hildako asko»

JON ARRETXE Idazlea

Mujikaren ustez, pertsonaia sare zabala du Txerriak eta loreak-ek. Hala ere, bada garrantzi handiagoa duen pertsonaia bat: Zuriñe Ruiz de Gordoa. Enkargu bat jasoko du Ruiz de Gordoak; txistorren lapurretarekin lotutakoa. Downen sindromea du protagonistak, eta judoka profesionala izandakoa da. Orain arte beste inon ikusi ez duen protagonista bat sortu nahi izan du Arretxek: «Idazle batek originaltasuna bilatzen du; garai batean Tourerekin bilatu nuena, hain zuzen».

«Kolpe handiko» hasiera duen arren, kontakizunaren erritmoa ez da apaltzen; Ereineko editorearen ustez, «tentsioa progresiboa da». Arretxe: «Oso erritmo bizia du, elkarrizketa asko, umore beltza, bortxakeria handia eta hildako asko». Toureren sagako lanetan kritika sozialari leku nabarmena egiten zion idazleak, baina aitortu du bere liburuen artean Txerriak eta loreak dela kritika sozial gutxien duena. Hori irakurlea dibertitzeko asmoz egin duela esan du, nahiz eta, hala ere, badiren kritika zertzelada batzuk. 

Txistorgintzan trebatu

Hiru kokaleku nagusi ditu eleberriak: Basauri (Bizkaia), Gasteiz eta Arbizu (Nafarroa); eta lotura berezia dute hirurek Arretxerekin. Lehenengoa bere jaioterria da; bigarrenean egin zituen unibertsitate ikasketak, eta han bizi izan zen hamabost urtez; eta hirugarrena bere egungo bizitokia da. Istorioa kokapen horietan garatzeak euskararen erregistroekin jokatzeko aukera eman dio egileari. Basauriko pertsonaien kasuan, baserritar ingurukoak direnez, bertako euskalkia erabili du —«nahiz eta gaur egun asko entzuten ez den»—; Gasteizko pertsonaiak euskara batuan jaso ditu; eta Arbizukoei dagokienez, Sakanako euskaran. Horrek liburuari «freskotasuna eta sinesgarritasuna» emango diola uste du idazleak.

Bere lanean ahalik eta ondoen islatzeko, Arretxek txistorra nola egiten den ikustera joan behar izan du. Arbizuko txistorgile batek lagundu dio horretan; Patxi Goikoetxeak, hain zuzen.

Egileak ez daki Zuriñe Ruiz de Gordoaren pertsonaiak zer-nolako erantzuna izango duen irakurleen artean, baina argi du beste liburu batzuetarako materiala eman dezakeela. Tourerekin egin bezala, irakurleen iritziak jaso nahi ditu, haiek gabe ezer ez dela argudiatuta. Arretxe: «Liburua nigandik ateratako zerbait da, baina garrantzitsua da irakurleak gustura irakurtzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.