Iazko otsailean plazaratu zuen Anarik Giza zarata diskoa, eta geroztik makina bat kontzertu eman ditu lan berria aurkezteko. Birako azken kontzertua azaroaren 27an emango du, Bilboko Kafe Antzokian —sarrera guztiak saldu dira—, baina, hala ere, bere zaleei poz txiki bat eman nahi izan die. Txikizio hau dena abestia kaleratu du gaur 11:00etan, eta plataformetan dago entzungai.
Bost minutu irauten duen kantu horretan, behor bat irudikatu du Anarik, eta gaur egungo gizartearekin alderatu. Hala adierazi du abeslariak berak, hedabideei bidalitako oharrean: «Zaldia dago globalizazioaren, merkataritzaren, migrazioaren eta, ondorioz, aldaketa soziologiko handienen jatorrian». Halaber, zaldia, besteak beste, boterearen «ikur» irudikatu izan dela ere aipatu du, baina gizarteak atzean utzi duela «progresioaren izenean».
Anarik berak jarri dizkio ahotsa eta gitarra Txikizio hau dena-ri; Rudigerren esku geratu dira gitarra elektrikoa, teklatuak eta ekoizpen lanak. Grabazioa eta nahasketak Johannes Buffek egin ditu.