'Txillida/Balentziaga. Forma tolesten' erakusketa ireki dute Balentziagan

Eskultorearen eta diseinatzailearen berrogei lanetik gora elkartu dituzte —Txillidak Balentziagaren omenez egindako pieza barne—, eta biak lotzen dituzten oinarri biografiko, filosofiko eta artistikoetan arreta jarri. Urtarrilera arte egongo da ikusgai.

Balentziagaren obra bat eta Txillidaren beste bat, Getariako Balentziaga museoan. JON URBE / FOKU
Balentziagaren obra bat eta Txillidaren beste bat, Getariako Balentziaga museoan. JON URBE / FOKU
itziar ugarte irizar
2024ko martxoaren 21a
16:30
Entzun

Eduardo Txillidak Escritos (Idatziak) liburuan jasotako gogoetetako bat da: «Zer dira tolesak? Agian, ehun batek bere ezaugarriak adierazteko duen modua. Argia eta grabitatea hartzeko duen modua, estaltzen duenari egokitzeko duen modua. Beso bat estaltzen badu, besoaren egituraren mugimenduen ondoriozko tolesak sortzen ditu. Toles horiek ez dira inoiz berdinak, bizitzaren mugimenduak ere ez baitira berdinak. Erantzunen aberastasun hori izan liteke tolesek artista batentzat dituzten erakargarritasunetako bat». Eskulturaren mundutik begiratu zien horiei Txillidak, eta jantzigintzatik egin zuen Cristobal Balentziagak. Baina bi-biak izan zituzten presente euren lanetan argia, grabitatea, espazioa, hutsunea eta gisako beste ardatz batzuk, eta horiek bistaratu nahi ditu orain Txillida/Balentziaga. Forma tolesten erakusketak. Balentziaga museoan ireki dute, Getarian (Gipuzkoa), eta luze egongo da bertan, urtarrilaren 5era arte.

Txillidaren mendeurrenaren harira heldu da erakusketa. 1924an jaio zen Txillida, aurten duela ehun urte, Donostian, eta hiru hamarkada atzerago jaio zen Balentziaga handik hurbil, Getarian, 1895ean. «Sustraiek» batzen dituzte, bada, baita funtsezko bi urratsek ere: Paristik igaro izana, batetik —biak izan ziren Aime eta Marguerite Maeghten zirkuluaren parte gerraosteko Parisen—, eta ondoren Euskal Herrira itzuli izana, bestetik. Alderdi biografiko hori izan daiteke, lehen begi-kolpean, bien arteko elkargune agerikoena, eta badu garrantzia erakusketan. Baina bestelakoak ere badira loturak, Igor Uriaren, hau da, Balentziaga museoko bilduma zuzendariaren eta erakusketako komisarioaren esanetan, eta horietan jarri izan dute, batik bat, indarra.

Guztira, bi sortzaileen berrogei lan baino gehiago bildu dituzte —Txillidaren 27 pieza eta Balentziagaren hamabost—, eta, denen artetik, leku berezia gorde diote bati: Txillidak 1990ean egindako Balentziagari omenaldia obrari. Bi metro eta erdi garai da, eta lau tona eta erdiko pisua du, Cortez altzairuz eginda dago, eta miresten zituen artista eta pentsalariei eskainitako sail baten barruan sortu zuen eskultoreak. Txillida Lekuko zelaian egon ohi da normalean, eta Balentziaga museoko atarian jarri dute orain. Miren Vives Almandoz Balentziaga museoko zuzendariaren esanetan, Txillidari ordainetan egindako omenaldi bat da orain hura Getariara eraman izana.

Ilunpetan jiraka

Erakusketako pieza nabarmen hori ez beste guztiak areto bakarrean bildu dituzte —duela gutxi, museoko ibilbidea berrantolatu dute, eta ibilbide berri horren barruko geraleku bat da orain Txillidaren obrak hartu dituena—. Diseinatzailearen lanen artetik, jantzi zuri-beltzak soilik hautatu dituzte, askotariko materialez jositakoak, eta irizpide berbera erabili dute Txillidaren lanekin ere; haren lan grafikoak eta eskulturak bildu dituzte, material ugariz egindakoak horiek ere.

Ilunpetan ikusiko ditu denak bisitariak, eta ardatz birakarien inguruan jiraka topatuko ditu ia obra guztiak. «Hutsaren eta mugimenduaren arkitektoak izan ziren, eta uste dugu bai argi-ilun atlantikoak eta bai mugimendu birakariak edertasuna eta beste perspektiba bat gehitzen dizkiotela proposamenari», azaldu du Uriak. Elkarrizketa zabalago baten barruko elkarrizketa zehatzagoak balira bezala, bi-hiruko multzo txikietan antolatu dituzte piezak, eta horiek behatzeko «leku jakin bat» topatzera gonbidatu bisitariak.

Bistaratu daitezkeen lotura posibleen artetan, bi azpimarratu ditu komisarioak. Lehena, biek materialari zioten errespetua. «Piezen taupada propioa entzuten zekiten materialena. Pieza bakoitzaren ezaugarriak ulertzen zekiten, eta horrek eraman zituen beren diziplinen mugak ikertzera eta berritzaile izatera; ia-ia formak haien desiretara tolestu zitezen lortu arte». Eta bigarrena, ezabapenak biengan izan zuen garrantzia. «Balentziagaren adierazpen oso gutxi heldu zaizkigu, baina 'elegantzia ezabapenean datza' da horietako bat. Bai harentzat eta bai Txillidarentzat, funtsezkoa izan zen kentze lana, formen depurazioa».

Txillidaren 'Homenaje a Balenciaga' eskultura, Balentziaga museoan. JON URBE / FOKU
Txillidaren 'Balentziagari omenaldia' eskultura, Balentziaga museoan. JON URBE / FOKU

Txillidaren grabitazioak eta Balentziagaren soinekoak «inguratzaileak» direla aipatu du Uriak adibide argitzat. «Begiratuz gero, ohartuko gara argiak eta espazioak oso modu harmoniatsuan parte hartzen dutela bien lanetan».

Lotura biografikoak agerian uzten dituen aparteko txoko bat ere badago aretoan. Txillida familiak Balentziagarekin izan zuen harremana amaren aldeko amonarekin hasi zen, Juana Egurenekin; hark jantzi zituen Balentziagaren jantziak lehenengo, eta eskultorearen emazte Pilar Belzunze ere izan zen ondoren diseinatzailearen bezero. Balentziagak hari jositako soineko bat eta Txillidak egindako bi erretratu elkartu dituzte orain. Uria: «Txillidak esaten zuen argiak habitatzen duela masa. Gauza bera gertatzen da jantziekin: argirik ezean, ez zen posible izango soinekoaren gorpuztasunik».

«Bi izen handi»

Txillida Lekuk eta Balentziaga museoak elkarlanean eta instituzioen babesarekin antolatu dute erakusketa, eta ordezkari ugari bildu dira, hala, aurkezpenean. «Bi izen handiren arteko topaketa bat» dela esan du Miren Vives Almandoz Balentziaga museoko zuzendariak, eta antzera hitz egin dute Mireia Massague Txillida Lekuko zuzendariak, Mikel Txillida Eduardo Txillida-Pilar Belzunze fundazioko kideak eta Bingen Zupiria Kultura sailburuak ere. «Molde berekoak izan ziren haien jardunak: oso zintzoak eta zorrotzak izan ziren egin zuten artearekin, eta haien obra, gainera, mundu guztian dago, eta Euskal Herria ere badago haien obretan. Omenaldia egingo diegu, beraz, bi sortzaile handiri», esan du Zupiriak.

Datozen hilabeteetan, musika, dantza, haurrentzako ekitaldiak eta beste hartuko dituen programa bat ere izango da, erakusketaren osagarri, eta, bestalde, eskaintza berezia izango dute bai Txillida Leku eta bai Balentziaga museoa bisitatu nahi dituzten herritarrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.