Txillidaren AEBetako esperientzia

Eduardo Txillidaren jaiotzaren mendeurrenaren programaren barruan, 85 artelan biltzen dituen erakusketa bat zabaldu du AEBetako San Diegoko museoak. Edonola ere, artista 60ko hamarkadan hasi zen herrialde hartan lekua topatzen.

Emakume bat Eduardo Txillidaren mural bati begira, San Diegoko museoan (AEB). EDUARDO TXILLIDA 100 URTE
Emakume bat Eduardo Txillidaren mural bati begira, San Diegoko museoan (AEB). EDUARDO TXILLIDA 100 URTE
Inigo Astiz
2025eko irailaren 2a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Berez, 2024ko urtarrilean bete ziren ehun urte Eduardo Txillida jaio zenetik, baina 2023an abiatu zuten mendeurrena ospatzeko programa, eta oraindik ere abian dirau. Hain zuzen ere, egunotan heldu da egitarauko beste mugarri nagusietako bat. Euskal artistari eskainitako atzera begirako zabala ireki du AEBetako museo batek, San Diegoko Arte Museoak: Eduardo Chillida: Convergence. Haren ibilbide artistiko osoa biltzen du erakusketak, eta, horretarako, 85 artelan jarri dituzte ikusgai. Azken 50 urteetan herrialde horretan Txillidari eskainitako erakusketarik esanguratsuena da, eta otsailaren 8ra arte egongo da ikusgai. Eta bere hartan albiste den arren, 1950eko hamarkadaren amaieraz geroztik Txillidaren lanak AEBetan izan zuen harrera beroaren oroitarazle moduko bat ere bada San Diegoko erakusketa. Espainiarekin, Frantziarekin eta Alemaniarekin batera, AEBak izan baitziren artistaren beste hedapen gune nagusietako bat.

Gutxienez, Txillidaren hamazazpi obra topa daitezke egun AEBetako museo, kale eta bildumetan. Esaterako, Chicagoko Arte Institutuan 1964ko obra bat dute, eta New Yorkeko Guggenheim museoaren bildumaren, Pittsburgheko Carnegie museoaren eta Houstongo Arte Ederren Museoaren bildumaren parte dira beste batzuk. Horrez gainera, gune publiko esanguratsuetan ere badaude Txillidaren lan batzuk. Esaterako, Munduko Bankuaren Washingtongo eraikinaren barrualdean jarri zuten Hutsunearen inguruan V izeneko burdinazko eskultura. Erakundeak berak egin zion enkargua artistari, eta 1970ean jarri zuten ikusgai aurrenekoz. 2003an lekuz aldatu, eta 19. kaleak eta H kaleak bat egiten duten inguruan dago egun. Dallasen, Morton H zentro sinfonikoaren aurrean daude oraindik Musikaz, Dallas XV obra osatzen duten zutabe itxurako eskultura erraldoiak.

Eta, hain zuzen ere, lan horietako batzuk dira orain San Diegon ikusi daitezkeenak. Baina Europa jatorri duten beste hainbat lan ere batu dizkiote erakusketari.

(ID_17546630100485) ‘Hutsunearen inguruan V\' eskultura. Eduardo Txillidak Washington
Hutsunearen inguruan V eskultura, 1970ean, Washingtonen. EDUARDO TXILLIDA PILAR BELZUNZE FUNDAZIOA

Txillida 1940an joan zen Parisera, Espainiako Eskolaren beka baten babespean. Hainbat erakusketa kolektibotan parte hartu zuen han, eta 1950eko uztailean heldu zitzaion Maeght galeriaren gonbidapena. Bere lanak haienean erakusteko proposamena egin zion Louis Clayeux galeriako orduko zuzendari artistikoak, eta hor hasi zen Txillidaren benetako zabalkundea. 1956an erakutsi zituen bere lehen lanak bertan, erakusketa kolektibo batean. Ordurako Madrilen ere eskainia zioten bakarkako erakusketa bat, eta Alemanian ere izan zuen beste erakusketa bat, baina, 1958an Veneziako 29. Biurtekoan eskultura arloko sari nagusia irabaztearekin batera, Parisko galeriak nabarmen lagundu zuen Txillidaren sona zabaltzen.

«Handicap bat»

Edonola ere, Susana Txillidak bere gurasoei eskainitako Una vida para el arte memoria liburuan gogoratzen duenez (Galaxia Gutenberg, 2024), Maeght galeriakoak ez zeuden guztiz eroso AEBetan. «Beti pentsatu dut —gure aitak hori adierazten zidalako— Aime Maeghtek ingelesik ez jakiteak eragin egin ziola gure aitak Atlantikoaren beste aldean izan zuen ibilbideari». Nahi bezala komunikatu ezin zenez, galeriako burua ezeroso zegoen AEBetan. Baina detaile horretaz gainera, alabak gogoratzen duenez, ordurako Europako museo eta bildumagileek «azkar» eskuratzen zituzten artistaren lanak, eta obra handiak izateak ere zaildu egiten zuen itsasoaz bestaldera garraiatzea. «Handicap bat zen».

1950eko hamarkadaren amaieran, dena den, Txillida jada hasia zen bere txokoa topatzen AEBetako arte sisteman. 1958an, haren hainbat lan egon zien ikusgai Pittsburgheko nazioarteko arte erakusketan, bai eta New Yorkeko Guggenheim museoak antolatutako Sculptures and Drawings from Seven Sculptors erakusketan (Zazpi eskultoreren eskulturak eta marrazkiak) eta European art today: 35 Painters and Sculptors erakusketan ere (Europako artea gaur: 35 pintore eta eskultore), zeina ikusgai egon zen AEBetako eta Kanadako hainbat hiritan. Eta hurrengo urteetan, bata bestearen ondoren datoz haren lanak ere biltzen dituzten AEBetako erakusketen aipamenak.

Hain zuzen ere, artistaren goraldi horren hasieraren erretratu bat eskaintzen du Beñat Sarasolaren Coca-cola bat zurekin liburuak (Susa, 2024). Frank O’Hara poeta eta arte komisarioa da liburuko protagonista nagusia, eta, fikziozko lana den arren, idazleak dokumentazio lan sakona egin du hura osatzeko. Besteak beste, 1960ko hamarkadan euskal artista esanguratsu gutxi batzuek AEBetan izandako harreraren berri ematen da eleberrian, eta Txillida da artista horien arteko figura nabarmenetako bat.

1960koa da O’Harak antolatutako erakusketa kolektiboa. New Spanish Painting and Sculpture izenarekin (Espainiako pintura eta eskultura berria), hainbat artistaren lanak bildu zituen New Yorkeko MOMA museo ezagunean. Bertan ziren, besteak beste, Antonio Saura, Antoni Tapies, Rafael Canogar, bai eta Jorge Oteiza eta Eduardo Txillida ere. Eta, besteak beste, erakusketa hura antolatzeko izandako gorabeheren eta tirabiren berri ematen da nobelan.

«Ez dio hainbeste ardura»

Izan ere, artea kontu politikoa ere bazen. Sarasolak nobelaren harira BERRIAri emandako elkarrizketan gogoratzen zuenez, sasoi hartan Francoren erregimena nazioartean bere burua legitimatzen saiatzen ari zen arte garaikidearen bidez, eta, era berean, Amerikako Estatu Batuek nazioartean eskuratzen ari ziren hegemonia artistikoa indartu nahi zuten. Eta, idazleak aipatzen duenez, O'Hara da estatubatuarren plan hori ulertzeko «pieza klabeetako bat», MOMAk AEBetako artistak nazioartekotzeko egindako programaren parte izan baitzen. Baina, liburuan kontatzen den moduan, O'Hara bera izan zen AEBetan Txillidari txoko bat hautatzeaz arduratu zena ere.

Fikzionatuta, baina O’Harak Txillidarekin Donostian izandako enkontruaren berri ematen da nobelan, esaterako. Hala deskribatzen du enkontrua: «Ondo hartu gaitu; hala ere, bistan da ez diola gure erakusketak hainbeste ardura. Artista askori ez diot besterik nabaritu, kosta ahala kosta sartu nahi dute gure erakusketan, baina ez da hori Chillidaren kasua. Ondo kokatuta dago nazioartean, eta bakarkako erakusketak prestatzen dihardu. Ez da harritzekoa».

Fikziozko pasarteak ez ezik, hainbat dokumentu historiko ere baditu nobelak. Eta aipatutako enkontruaren pasartetik orri gutxi batzuetara, esaterako, Txillidak eskuz eta ingelesez O’Harari 1962an bidalitako eskutitzaren kopia bat agertzen da. «Oso pozik nago erakusketan parte hartu izateagatik. Espero dut ez dela azken aldia izango».

(ID_17546641843065) Bi bisitari San Diegoko museoan Eduardo Txillidari eskainitako e
Bi bisitari San Diegon Eduardo Txillidari eskainitako erakusketan. EDUARDO TXILLIDA 100 URTE

Gurasoei eskainitako memoria liburuan, Susana Txillidak gogora ekartzen du aitak AEBetan jarri zuen lehen eskultura publiko handia ere. 1966an izan zen, Houstongo Arte Ederren Museoan. Artistari AEBetan eskainitako lehen atzera begirakoaren parte zen; eraikinaren lorategian jarri zuten orain San Diegoko erakusketan ere ikusgai dagoen Abesti gogorra V lana.

«Iraindua sentitu zen»

Alabak oroitzen du Txillidak osasun arazoren bat izan zuela, eta, horregatik, Pilar Belzunzek —Susana Txillidaren amak— egin behar izan zituela ordezkari lanak. Hura arduratu zen eskultura ongi iritsi zela ziurtatzeaz, eta, alabak gogoratzen duenez, hark hitz egin zuen erakusketaren irekieran. Halere, piezak ez ziren behar bezala heldu, nonbait, eta tirabirak izan ziren. Baita gurasoen artean ere.

Susana Txillidak zehazten duenez, Txillidak lankide izan zuen hargina ere joan zen bidaia hartan —liburuan ez da haren izenik aipatzen— Belzunzerekin batera, eta bizikidetza ez zen erraza izan. Alabak dioenez, hargin hura «matxista trauskiltzat» zeukan amak, eta Belzunze behin baino gehiagotan lotsarazi zuela ere aipatzen du. «Dirudienez, obra hura muntatzeko orduan, harginak eta amak ez zuten iritzi bera, eta aitak —telefono bidez izango zela pentsatzen dut— harginaren iritziaren alde egin zuen, amarena baztertuta, eta datu askorik ere eskatu gabe. Texasera bakarrik joan eta hainbeste erronkari aurre egitera ausartu ostean, gure ama iraindua sentitu zen».

1971n Harvard Unibertsitatean irakasle aritu zen Txillida, eta alabak ordukoak ere ekartzen ditu gogora memoria liburuan. «Lehenengoz harengana jo zutenean, beste hainbestetan emana zuen erantzun bera eman zien haiei ere: ez zuela artearen irakaskuntzan sinisten. Bitxiena da Harvardekoak tematu egin zirela, eta argudiatu zuten hain zuzen ere horregatik nahi zutela. Erronka hori gustatu zitzaion. (…) Hasieratik argi geratu zen programarik ez izatea izango zela haren programa, eta ikasle haiei —guztiak ere graduondoko ikasleak— nola ikasten zuen besterik ezingo ziela irakatsi». Nonbait, Txillidak uko egin zion notak jartzeari ere, eta ikasleek eurek baloratu zuten euren jarduna. Eta, alabak aipatzen duenez, izan zen bere buruari ikasgaia suspenditu zionik ere, argudiatuta artistak eskainitako askatasun hura ez zuela behar bezala baliatu.

Narratiba zabalagoak

Azken urteetan ere hainbat galeriak antolatu dituzte erakusketak Txillidaren lanekin. New Yorkeko Hauser & Wirth galeriak, esaterako, haren hainbat eskultura biltzen zituen erakusketa bat zabaldu zuen 2018an. Baina, orokorrean, azken hamarkadetan artistak presentzia nabarmen apalagoa izan du herrialde horretan 60ko eta 70eko hamarkadekin alderatuta. Bai, behintzat, San Diegoko erakusketa heldu den arte.

Arteari buruzko orain arteko narratibak zabaltzeko bilaketa aipatu dute Txillida Lekuko ordezkariek horretarako motiboen artean. Hala azaldu dio bere iritzia Mikel Txillida Txillida Lekuko Garapen Batzordeko kide eta urteurrenaren antolakuntzaz arduratu den taldeko kideak El Diario Vasco egunkariari. «AEBetan ere moden arabera mugitzen dira, eta badira urte batzuk maisu garaikide handien dinamikatik atera zirela, 'gizon zuri kaukasiarrenetik', ikusgaitasun txikiagoa izan duten talde sozialei eta emakumezko artistei lekua egiteko, eta hori oso ongi dago». Orain Txillidak leku gehiago izango duen esperantza azaldu du Mikel Txillidak, eta San Diegoko erakusketa mugarri izan daitekeela adierazi.

Ikusi gehiago

Iazko urtarrilean, artista baten nazioarteko harrera gorabeheratsua izan daitekeela gogoratu zuen Pello Irazu artistak BERRIAn. Eta, zehaztu zuenez, hori gertatu zitzaion Txillidari ere. Artistaren jaiotzaren mendeurrenaren harira, BERRIAk hainbat sortzaile garaikideri eskatu zien artistaren alderdi esanguratsuren bat nabarmentzeko, eta Irazuk, hain zuzen ere, aipatu zuen Txillida garai historiko eta artistiko oso jakin bati lotuta dagoela. «Munduan Txillida nola ikusten den, nik uste dut horrek gorabeherak izango dituela. Artista klasiko bat da, merkatua dauka, museo askotan ditu lanak, baina jende asko dago orain, eta haren ingurukoek lan egin beharko dute haren lanak ikusgai jarrai dezan. Gauza hauek buelta asko ematen dituzte».

Eta orain Txillidaren ibilbide osoko 85 artelan daude San Diegon ikusgai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.