Artea

Txillidaren ‘Burdinaren gorazarrea III’ Bilbon jarri dute berriz

Lau metro luze da eskultura, eta hemezortzi tona pisatzen ditu. 2018az geroztik hiritik kanpo egon ondoren, berriro ikusgai dago Arte Ederren Museoaren atarian, herritarren eta bisitarien begien bistan.

Eduardo Txillidaren 'Burdinaren gorazarrea III', Bilboko Arte Ederren Museoaren kanpoaldean. BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOA
Eduardo Txillidaren 'Burdinaren gorazarrea III', Bilboko Arte Ederren Museoaren kanpoaldean. BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOA
Leire Rodero
Bilbo
2025eko irailaren 12a
17:28
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko airean burdina usaina zabaldu da gaur, baina ez edozein burdinarena, Eduardo Txillidaren sinadura daraman piezarena baizik. Eskultorearen Burdinaren gorazarrea III Bizkaiko hiriburuan da berriz, zazpi urtez Txillida Leku museoan (Hernani, Gipuzkoa) egon ondoren. Obra 1991n sortu zuen artistak, BBVAren enkarguz, eta, urte batzuk geroago, 1998an, Plaza Biribilean kokatu zuten. 2018an, berriz, Txillida Lekura eraman zuten, kontserbazio arrazoiak tarteko. Eta orain, espazio publikoan ikusgai dago atzera.

Zehazki, Eduardo Txillida izena daraman plazan jarri dute, Bilboko Arte Ederren Museoaren atarian. Itzulerako bidea kontu eta arreta handiz egin dute, eta poliki-poliki kokatu dute espazio berrian. Hala, lau metro luze den eta hemezortzi tonako pisua duen artelana Bilbon da berriro.

Eskultorearen seme eta Txillida-Belzunze fundazioko presidente Luis Txillidak azaldu du pieza ez zela museo batean gordetzeko sortu, baizik eta kalean jartzeko. «Obra hau Bilbon egoteko pentsatuta dago», zehaztu du, eta gogorarazi du bere aita «oso pozik» egongo litzatekeela obra Bilbon eta espazio publikoan delako berriro.

Obra, «agertoki ezin hobean»

Obraren aurrean gelditzea nahikoa da haren indarra eta presentzia ulertzeko. Mikel Onandia historialariak azaldu duenez, «Bilboko tradizio metalurgikoari omenaldia egiteko sortu zen obra, 1991n, baina 1997ko ekainaren 18an aurkeztu ahal izan zuten, metroaren lanak amaitu zirenean». Historialariak nabarmendu du gaur egun ere indar berezia gordetzen duela: «Ia hamar urte igaro ondoren, Bilbora itzuli da, eta badirudi Txillida plazarako berariaz sortua dela».

Onandiaren hitzetan, piezak «bertikaltasuna du bere ezaugarri nagusia. Hemezortzi tonako pisua izan arren, beheko oinarri estuak bizitasuna ematen dio, eta agerian uzten du pisuaren eta grabitatearen arteko borroka. Bestalde, goiko lau besoek airea eta espazioa harrapatzen dituzte, eta Bizkaiko garabien eta Labe Garaien mundura garamatzate». Onandiak laburbildu bezala, «benetan obra bikaina da, eta leku honetan agertoki ezin hobea du».

Plaza Biribilean ikusi zuenak badaki eskultura hiriko egunerokoaren parte izan zela hogei urtez. 2018an handik eraman zutenean, hutsune arraroa utzi zuen Bilbon. Gaur, baina, kokaleku berrian dagoeneko, Arte Ederren Museoarekin eta Fosterren eta Uriarteren eraikinekin mintzatzen da, arduradunek nabarmendu dutenez. Burdina eta kristala, memoria eta modernitatea, tradizioa eta etorkizuna, aurrez aurre. Sinbolo baten berreskuratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.