Bi ekitaldi nagusi antolatu ditu Donostiako Musika Hamabostaldiak gaurko Haurren Egunerako; biak ere «bertako izaera» dutenak, Patrick Alfaya zuzendariak nabarmendu duenez. Alde batetik, Mozarten Txirula magikoa opera ezagunaren haurrentzako egokitzapena emango du Getxoko Opera Divertimento taldeak Viktoria Eugenia antzokian; bestetik, ostera, Musikaz Bai udalekuetan parte hartu duten umeek ikuskizun bat prestatu dute Okendo plazan, besteak beste kantua, dantza eta antzerkia nahasten dituena.
Txirula magiko txikia deitu diote Viktoria Eugeniako operari, eta Andoni Martinez Opera Divertimentoko bultzatzaileetako baten arabera, «arina, dibertigarria eta azkarra» izango da. Gainera, azpimarratu du oraingoak ez duela zerikusirik orain lau urte ziklo beraren barruan antolatu zutenarekin eta ekoizpena Getxon osatu duten arren konpainiako kideak nazioartekoak direla. Jatorrizko lanak bi ordu eta erdi irauten du, baina ordu eta laurden ingurura jaistea deliberatu dute, eta kantu guztietatik zortzi besterik ez dute emango. Hori bai, etengabe ikusleekiko hartu-emana lortzen saiatuko dira. Tartean, badira helduentzako gag batzuk, haiek ere opera munduarekin zaletzen hasteko aitzakian. Zati batzuetan, abestu egingo dute, eta beste batzuetan, hitz egin; Mozarten pertsonaiak egingo ditu bizkarrezur lanak. Agertokian, berriz, garai hartako eszenografia ipiniko dute, fantasiazkoa eta haur ipuinen estetikaren trazakoa. Bi emanaldi izango dira orotara: 18:00etan, euskaraz, eta 20:00etan, gaztelaniaz. Sarrerak hiru eta sei euro bitartean daude salgai.
Udalekuetan ikasia erakusten
Okendo plaza hautatu dute, berriz, agertoki moduan Musika Bai udalekuetako kideek, han ibilitako haurrek prestatu duten emanaldia eskaintzeko. 4 eta 16 urte bitarteko 58 umek musika, dantza eta antzerkia uztartuko dituzte 17:30ean. Francisco Escuderoren piano eta orkestrarako kontzertuarekin hasiko dira, eta segidan musika klasiko eta modernoko piezak dantzatuko dituzte, ikasitako kantu batzuk abestearekin batera. «Udalekuotan, umeek taldean lan egiten, elkarri entzuten eta koreografiak batera asmatzen ikasten dute», azaldu du Xabier Lizasok, udalekuen koordinatzaileak.
Bestalde, Hamabostaldiak jakinarazi du Christoph von Dohnanyi zuzendariak ezingo duela Parisko Orkestra gidatu hilaren 23 eta 24an, osasunez pattal delako.
Donostiako 73. Musika Hamabostaldia
'Txirula magikoa' opera haurrentzat egokituta emango dute gaur
Musika Bai udalekuetan ibilitako umeek ikuskizun bat emango dute Okendo plazan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu