Bilboko Azkuna zentroko Administrazio Kontseiluak Txomin Olabarri Legarreta izendatu du zentro horretako zuzendari. Bilbon jaio zen 1976an, eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziatua da EHUn. Legarreta Bizkaia Arenako zuzendari izan da 2010etik.
Bilboko Azkuna zentroak abenduaren 12an jakinarazi zuen Fernando Perez ordura arteko zuzendariak kargua uztea erabaki zuela. Ohar bidez eman zuen berria, eta adierazi Perezek «borondatez» erabaki zuela postuari uko egitea eta hori bera adierazi ziola Juan Mari Aburto Bilboko alkateari. Handik egun batzuetara, Azkuna zentroak beste ohar baten bitartez iragarri zuen Perezek karguan segituko zuela urtarrilaren 13ra arte, eta hortik aurrera Javier Riaño Bilboarteko orduko zuzendariak hartuko zuela haren lekua, «aldi batez».
Ikusi gehiago
Orduko hartan, Gonzalo Olabarria administrazio kontseiluko presidenteak jakinarazi zuen Bilboko Udalak urtarrilean abiaraziko zuela beste zuzendari bat kontratatzeko prozesua. Bada, urtarrilean ez, apirilaren 13an hasi zuten prozesua, eta gaur amaitu dute ezohiko kontseilu batean. Batzar horretan erabaki dute Olabarri izendatzea Azkuna zentroko zuzendari, «elkarrizketa pertsonalak eta hautagaitzak baloratu ondoren», administrazio kontseiluak ohar batean azaldu duenez.
Hain justu ere, adierazi dute «prestakuntzari, gaitasunari eta esperientzia pertsonalari buruzko irizpide objektiboen» arabera ebatzi dutela Olabarri izendatzea.