Txuspo Poyoren orain arteko erakusketarik zabalena aurkeztu dute Bilbon

Artistak 1993tik gaur egun arte sortutako lan gehienak jarri ditu ikusgai Azkuna zentroak. Ikus-entzunezko baliabideek garrantzi handia dute haren ibilbidean.

Txuspo Poyo artista, 'Gorpu bikainak' obraren aurrean, Bilboko Azkuna zentroan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Txuspo Poyo artista, 'Gorpu bikainak' obraren aurrean, Bilboko Azkuna zentroan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
June Montero
2026ko otsailaren 19a
18:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtebetetze ospakizunen grabazioak eta, ondoan, heriotza oharrak. Bi elementu horiek osatzen dute Txuspo Poyo artistaren Gorpu bikainak obra. 2001ean hasi zen artelana lantzen, iaz eman zuen amaitutzat, eta sortu duen azken artelana da. Egilearen hitzetan, «bizitzaren ondareaz» dihardu obrak, eta, hain zuzen ere, pieza horrekin abiatu nahi izan du bere bizitza artistikoaren ondarea biltzen duen erakusketa. AnĂ³nima deitu du bilduma, eta Bilboko Azkuna zentroan jarri dute ikusgai. Orain arte sekula eskaini dioten erakusketarik handiena da, eta, guztira, 1993tik orain arte sortutako ehun lan baino gehiago biltzen ditu. Alvaro de los Angeles idazle eta ikertzaileak egin ditu komisario lanak. Maiatzaren 17ra arte egongo da zabalik.

Poyoren instalazio, bideo, eskultura, irudi, film eta argazkiek osatzen dute erakusketa. Eta artelanak multzotan sailkatu dituzte, hamabost titulu orokorren aterkipean. Poyok 1993. eta 1996. urteen artean sortu zuen Zeluloideak instalazioa da bildumako piezarik zaharrena. 35 milimetroko eta 16 milimetroko zinemarako filmez sortutako irudiek osatzen dute. Elkarri gainjartzen zaizkio film horiek, elkarrekin ehunduz, eta panel itxura hartzen dute horrela. Horman zintzilik jarri dituzte.

Horiez gain, badira ikus-entzunezko lanak ere. Izaro izeneko saiakera dokumentala da haietako bat. 2012-2018 urteen bitartean grabatu zuen artistak, eta hainbat kontakizun biltzen ditu. Besteak beste, elementu hauekin jolasten da egilea bertan: lurralde jurisdikzioarekin, Madalena eguneko tradizioarekin, Izaro Films ekoiztetxearen historiarekin eta Seychelleetako bandera duen atunontzi batekin.

(ID_15814028) (Oskar Matxin Edesa/@FOKU) 2026-02-19, Bilbo. \

Txuspo Poyoren Zeluloideak instalazioa, 35 milimetroko eta 16 milimetroko zinemarako filmez egina.  OSKAR MATXIN EDESA / FOKU) 

Erakusketak hiru gela nagusi ditu. Denbora eta espazioa dira lehen gelaren ardatzak, bertan daude urtebetetzeei eta hilberriei eskainitako Gorpu bikainak instalazioa eta Zeruko gorputzak instalazioa ere, tartean, burezur bat, benetako meteorito bat eta Vaticanoko meteoritoen bildumako ilargiaren irudiak ere badituena. Bi obra horiek egiten dute sarbide lana.

Bigarrena da aretoko gelarik zabalena. Ikus-entzunezko baliabideak dituzten artelanak daude bertan; bost guztira. Bertan, bisitari bakoitzak aukera du entzungailu bat hartu eta, erakusketa ikusi bitartean, bigarren gelako bost bideoen audioak nahi duen ordenan eta lekuan entzuteko. Poyok azaldu duenez, aukera «paregabea» da hori: «Erakusketaren bizipenik onenetarikoa da irudia eta soinua bereizi ahal izatea. Soinua soinean eraman daiteke pantailak aztertu bitartean». 

Hirugarren gelan dago, baina, De los Angelesen arabera, proiektuaren «bihotza», Estudioa deitu dutena, hain zuzen ere. Zehaztu dutenez, ez da artistaren tailerraren emulazio zehatz bat, haren estudioaren irudikapen bat baizik. Alegia, ez da Poyoren benetako tailerra. Ez haren maketa bat ere. Arteak ezkutatzen duenaz hitz egiteko sortu dute gune hori. Poyo: «Ohituta gaude objektua ikustera, baina, horren atzean, sorkuntzan igarotako denbora eta lan handia daude». Eta, hain justu, denbora eta lan hori aretora eramateko modu bat da Estudioa harentzat. 

«Erakusketaren bizipenik onenetarikoa da irudia eta soinua bereizi ahal izatea. Soinua soinean eraman daiteke pantailak aztertu bitartean»

TXUSPO POYO Artista

Baina, era berean, estudioarena ez da simulazio hutsa. Poyoren benetako estudioa zuzenean ikusteko aukera ere izango baitu bisitariak erakusketan. Tailerreko irudiak zuzenean emititzen dituen telebista bat jarri dute horretarako. Eta umore tanta batekin osatu du azalpena artistak, erakusketan zegoen bitartean: «Begira, atea itxita dago».

Estudioari eskainitako gunearen erdialdean daude artistaren piezarik zaharrenak: 1980ko hamarkadaren amaieran eta 1990eko hamarkadaren hasieran Arte Ederrak ikasten ari zela egin zituen eskulturak dira. Haien ondoan dago Poyok bere amaren ezkontza eraztunarekin sortutako pieza. Eraztunaren jatorrizko forma mantentzen du lanak oraindik ere, baina artistak luzatu eta tenkatu ostean, zabaldutako esku baten neurrikoa da egun, eta koadro txiki baten barruan ikus daiteke. «Bizitzaren haria» deitu dio artistak obrari.

Estudioa leku «oso intimoa» dela aitortu du Poyok: «Espazio honen barnean dago porrota, baita probak eginez berreskuratzeko indarra ere». 

Egunkari orriak eta mailuak

Eta zergatik AnĂ³nima titulua? De los Angelesen aburuz, izenburuak ez du zerikusirik egilea ezkutatu nahi izatearekin, erakusketak agerian jartzen baitu, haren hitzetan, ibilbide «oso sendoa» izan duen artistaren lana. Poyok obrak sortzeko erabiltzen dituen materialekin harremana du anonimotasunak, komisarioak azaldu duenez: «Artistak gure gizartean ohikoak diren edo ohikoak izan diren materialekin egiten du lan, eta lehengai horiei beste esanahi bat eman die». Besteak beste, egunkari orriak, mailuak, postalak eta natur zientzietako kabineteak dira material horiek. 

Artistaren bizitzaren eta ibilbidearen isla ere bada erakusketa. 1963. urtean jaio zen, Altsasun (Nafarroa), baina Euskal Herritik kanpo egin du bere ibilbidearen parte handi bat. Ia hamar urte egin ditu New Yorken, eta Erroma da bere bizitzako beste leku garrantzitsuetako bat. Eta, artistaren hitzetan, inportantea da erakusketako piezetako asko han sortu zituela ulertzea ere. «Erakusketa hau Alvaroren [De Los Angelesen] eta bion arteko elkarrizketaren fruitua izan da. Urte eta erdi egon gara lanean. Une ezberdinetan sortu ziren artelanak bateratu ditugu. Beraz, oso garrantzitsua iruditzen zaigu argi izatea nondik jarduten ari garen, norantz goazen eta zelan egiten dugun. Hori lortzeko gakoa da testuingurua». 

«Obretan elementu asko nahasten dira: ikerketa etnologikoa eta soziologikoa, hezkuntza, erlijioa, politika, artearen historia eta historia unibertsala. Poyoren lana gai horiek lotzen dituen ehuna da»

ALVARO DE LOS ANGELES Komisarioa

Hala ere, Poyok nabarmendu du egindako lana ez dela «atzerako begirada» bat, bere ibilbidean egindako lanak «berraktibatzeko» modu bat baizik. Erakusketan dauden piezetako askok 30 urte baino gehiago zeramaten kutxetan sartuta, eta artistak aitortu du kutxa horiek irekitzerakoan «harritu» egin dela. «Oso interesgarria da nola kutsatzen duten elkar». Komisarioak erantsi du artelanen hautaketa egiteko orduan konturatu dela piezen muntaketa «antzekoa» dela: «Obretan elementu asko nahasten dira: ikerketa etnologikoa eta soziologikoa, hezkuntza, erlijioa, politika, artearen historia eta historia unibertsala. Poyoren lana gai horiek lotzen dituen ehuna da». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.