Bilboko Karmela gune okupatu eta autogestionatuan erein zuten Bestiak izeneko liburutegia, 2015ean. Eta, hamar urte pasatxoren ondoren, ereindakoa loratu egingo da ekainean: Udaberri bestiala lelopean, literatur jaialdia egingo dute ekainaren 19tik 21era bitarte. Jaialdia antolatzen duten hirugarren aldia da, eta «herri borroken begiradatik pentsamendu kritikoa» sortzeko asmoa dute, bai eta, aldi berean, pentsamendu kritiko horretatik abiatuta «elkarrekin gozatzeko» asmoa ere. Hala, ostiraletik igandera bitarteko egitaraua osatu dute, baita, tartean, bazkari herrikoi bat antolatu ere —bazkaldu nahi dutenek aurrez eman behar dute izena—.
Irati Majuelo itzultzaileak botako du egitasmoa loratzeko lehen hazia. Izan ere, Itsaso Larramendi arkitektoarekin elkarrizketan ariko da ostiralean, «hiriko paseatzaile errebeldeekin» batera. Biek ala biek, aukera izango dute hiriari, feminismoari eta literaturari buruz hitz egiteko, Bilboko karrikak presente dituztela. 18:00etan izango da hori, eta 19:30ean Hogeitabat film laburra proiektatuko dute Karmelan. Proiekzioaren ondoren, Elene Mengyu dokumentalgilea eta Sara Fantova zinemagilea ariko dira solasean.
Aldiz, gogoetarako saio bat eginda ekingo diote larunbatari. Bertaratzen direnek, Izanenga eta Arkatza kolektiboekin batera, idazketa kolektiboez hausnartzeko aukera izango dute, 11:30ean. Eta eguerdian ipuin «kantaketa» batek girotuko du tokia, 13:00etan: saio horretan, Eider Rodriguez eta Anari ariko dira eskuz esku. Arratsaldean, berriz, gai jakin bati helduko diote Mari Luz Esteban antropologoak eta Oihana Arana bertsolari eta idazleak: heriotzari. Hain zuzen, Aranak martxoan argitaratu zuen bere bigarren poema liburua, Zerua hemen, eta aitaren heriotzak eragindako dolua izan zuen idazteko abiapuntu. Azkenik, Etxepareren poesiarekin egingo dute bat Ibon RG eta Garazi Navas musikariek, 19:00etan, Çucen henbilqueyen izena jarri dioten kontzertuan.
Poesia errezital batek itxiko du literatur udaberria. Devenir Seiba liburua izango dute esku artean, eta, Amaiur Macias aktorearekin batera, liburuaren beraren egilea ere bertan izango da: Tfarrah idazle sahararra.
Liburutegietako piztiak
2015etik martxan egonik ere, azken urteetan egindako lanari esker, Bestiak liburutegiak 2.000 ale inguruko bilduma osatu du, «norbanakoek, banatzaile antikomertzialek eta hurbileko argitaletxe eta liburu dendek» egindako dohaintzei esker. Hain zuzen ere, liburuak «pentsamendu bakarraren kontrako tresna ordezkaezinak» direla uste dute, eta, horregatik, askotariko gaiek hartzen dute leku Bilboko Karmelan. Hiru arlotan bereizten dituzte apalak: fikzioa, ez fikzioa eta hemeroteka. Fikzioaren atalean poesia, antzerkia eta eleberriak dituzte, ez fikzioaren alorrean, berriz, kartzelari, feminismoari, diktadurei, antiespezismoari edota independentismoari buruzkoak. Maileguen epea lau astekoa da, eta ale bakarra har dezake erabiltzaile bakoitzak.
Jaialdia iragartzeko kartela osatzean, «omenaldi txiki bat» egin nahi izan diote Josu Landa eta Joxemi Zumalaberen Ipurtargi beltza liburuari. Kartela eskuz eta kolektiboki egin dutela adierazi dute: «Maite ditugu patxadaz egindako diseinu artisauak». Eta, noski, Bestia liburutegiaren bilduman eskuragarri dute liburua, maileguan nork hartuko zain.
EGITARAUA