'Udaberriaren sagaratzea' obrarekin hasiko du EOSek denboraldia

Igor Stravinskiren lana duela ehun urte estreinatu zen, Parisen, eta horrek ardaztuko du 2013-2014ko aldia

117 laguneko orkestra izango da Stravinskiren obra interpretatzen. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Araitz Muguruza.
Donostia
2013ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Ia arnasarik hartzeko denborarik gabe, jo eta su ari ziren entseatzen atzo 117 lagun, EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren egoitzan, Donostian. Izan ere, gainean dute aurtengo denboraldiko lehenengo kontzertua; etzi, zehatzago esanda, Gasteizko Antzoki Nagusian. Hostoak erortzen ari diren garaian, udaberria aldarrikatuko dute, Igor Stravinski konpositorearen erara. Haren Udaberriaren sagaratzea obra izango da 2013-2014ko aldiko ardatz nagusia.

Duela ehun urte estreinatu zuten Udaberriaren sagaratzea, Parisen. Ez zen nolanahiko estreinaldia izan, lehenengo entzunaldian bederen jendeak ez baitzuen gustuko izan. «Iskanbila ikaragarria sortu zen; jendeak aulkiak- eta bota zituen protesta moduan», gogoratu du Iñigo Alberdi zuzendari nagusiak. Egun hartan bizi izandakoa testu batean bildu zuen Stravinskik, eta kontzertuaren hasieran irakurriko dutela adierazi du zuzendariak. Hitzek ordezkatuko dute musika, baina, hori bai, «musika da benetako hizkuntza unibertsala». Hori da denboraldiko leloa ere, Hizkuntza unibertsala. Errusieraz idatzi zuen Stravinskik, eta hala irakurriko du Andrei Boreiko EOSeko zuzendari gonbidatuak. Testuen irakurketa urte osoan egingo dute; besteak beste, Harkaitz Cano eta Ramon Barea izango dira irakurleak.

Udaberriaren sagaratzea XX. mendeko historiako «mugarri» izan dela gogoratu du Boreikok.«Ez zuen harrera ona izan lehendabizikoz, ez, baina geroko konpositoreek beren obretan sartu dituzte haren kontakizun musikala, umorea... Izan ere, obra hau groteskoa ere bada». Konpositore errusiarrak ibilbide berri bati ekin zion.

Asko entseatu beharreko obra da Udaberriaren sagaratzea. 1913an estreinatu aurretik ehun aldiz entseatu zutela gogoratu du Boreikok. «Garai batean esaten zuten ezin zitekeela jo, zailegia zelako; gaur egun, ordea, musikari gazteek, daukaten prestakuntzari esker, erraz jotzen dute». Musikeneko ikasleei egin die erreferentzia: «Benetan, ikaragarri maila handia dute, eta ongi sartu dira orkestrako lantaldean».

Patricio Goialde Musikeneko ikasketa buruak hitz egin du ikasleen ahotik. «Bigarren aldiz ari gara elkarlanean, eta, egia esan, aurten irrikan zeuden, iazko esperientzia ikaragarri aberatsa izan baitzen». Musikari eta ikasleen artean harreman estua sortzen dela gaineratu du. «Ikasleek kontatzen dute musikari modura tratatu zituztela, eta, batez ere, musikarien aldetik laguntza handia jaso zutela. Horrek berriro ere parte hartzera animatu ditu». Aldi honetarako, barne aukeraketa bat egin behar izan dutela gaineratu du Goialdek.

Judith Jauregi bakarka

Baina ez dute Stravinskiren obra bakarrik interpretatuko asteleheneko kontzertuan. Judith Jauregi pianistak Ludwig van Beethovenen obra bat joko du. Pozik dago artista; «berriz ere nire orkestran joko dut», adierazi du. «Txikitatik nire ametsa izan da EOSeko partaide izatea, lortu nuen amets hura betetzea; orain berriz ere parte hartzea ohorea da niretzat». Ezaguna zaio interpretazioa, 15 urterekin jo baitzuen. Orkestrarekin jotzen zuen bigarren kontzertua du. «Obra hau, gainera, argia da, garbitasuna da, jolasa da...».

Pablo Sorozabal musikagilearen Dos apuntes vascos obra ere joko dute. Hain justu, 25 urte bete dira aurten konpositorea hil zela. Boreikoren arabera, deskriptiboak dira obraren bi zatiak. «Nostalgia idealizatu moduko bat islatzen dute». Mendian zatiak «misterioz betetako melodia pastorala» erakusten du, Euskal Herriko paisaiaren «handitasunari» erreferentzia eginez.

Alabaina, jatetxe onenetako menu batekin parekatu duEOSen programa Boreiko zuzendariak. «Sarrerakoetan, Sorozabal; bigarrengoan, Beethoven; eta postrean, jakirik garrantzitsuenean, Stravinski».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.