Udakoak festibala antolatu dute Kanbon, «euskal kultura gehiago balioztatzeko» xedearekin

Uztailaren 23tik 25era, Kanboko Herriko Etxeak musikan eta antzerkian oinarritutako egitaraua eskainiko du Arnaga Etxearen lorategietan.

Ezkerretik hasita, Matthieu Aranburu, Jean Marie Ekai eta Peio Etxeleku gaur, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Ezkerretik hasita, Matthieu Aranburu, Jean Marie Ekai eta Peio Etxeleku gaur, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Donostia
2026ko uztailaren 13a
18:39
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Lurralde erroztatzea indartzea», «euskal kultura gehiago balioztatzea» eta «tokiko artisten eta nazioarteko talentu ezagunen arteko topaketak sustatzea». Xede horiekin antolatu du Kanboko Herriko Etxeak Udakoak jaialdia, uztailaren 23tik 25era, Kanboko Arnaga Etxearen lorategian (Lapurdi). Musika eta antzerkia uztartu dituzte aurtengo egitarauan, eta gaur aurkeztu dute jaialdia, Donostian. Horren guztiaren berri emateko, aurkezpenean izan dira Peio Etxeleku Kanboko auzapeza, Matthieu Aranburu hautetsia eta Jean Marie Ekai gitarrista.

Etxelekuk gogora ekarri duenez, herriko elkarte batek duela 30 urte baino gehiago sortu zuen «Arnagako festibala deitzen zutena, bereziki antzerkiaren inguruan». Geroago, Herriko Etxeak bere gain hartu zuen handik aurrera festibala antolatzeko ardura, baina denbora horretan guztian frantsesari eman zitzaion lehentasuna, auzapezaren hitzetan: «Bazen heren bat euskaraz eta bi heren frantsesez».

Aurten, baina, antolatzaileek jaialdiaren norabidea aldatu nahi izan dute, eta xede horrekin eman diote Udakoak izena. Aranburu: «Gure gogoa da festibala eta Kanboko bizia ahal bezainbeste euskalduntzea». Hala, antolatzaileek balio eta indar berezia eman nahi izan diete euskarari eta euskal kulturari.

«Gure gogoa da festibala eta Kanboko bizia ahal bezainbeste euskalduntzea»

MATTHIEU ARANBURUKanboko hautetsia

Eta, hain zuzen ere, euskal kultura ardatz duen Kalakan taldearen gaualdi batekin ekingo dio jaialdiak bere jardunari. Hiru zati izango ditu emanaldiak. Lehenik, bikotea bakarrik ariko da. Bigarren zatian, berriz, Berzaitz anaiak gonbidatuko dituzte oholtzara, eta lau artistek «familiako mahai handien inguruan entzun, ikasi eta kantatu» dituzten kantuekiko maitasuna erakutsiko dute, antolatzaileen arabera. Eta azken zatian Kanboko Harmonia taldea ere ariko da zuzenean.

Uztailaren 24an, berriz, Okzitaniako Agen udalerriko Les Comediens du Chene konpainiak antzezlan bat egingo du, frantsesez: 1928an Rosemonde Gerard poeta eta dramagileak idatzitako Les Papillotes, hain zuzen ere.

«Azken gaualdia gure gonbidatu biziki bereziarekin eta biziki maitearekin pasatuko dugu», aurreratu du Aranburuk. Izan ere, uztailaren 25eko emanaldia elkarlan baten emaitza izango da. Jean Marie Ekai gitarrista Hendaiako (Lapurdi) Guitaralde jaialdia antolatzen aritu da azken urteetan —2023an bukatu zuen ibilbidea festibalak—, eta gaur egun Guitaraldia izenekoa sustatzen dabil. Hain justu ere, jaialdi hori Kanbora eraman nahi izan dute aurten, azken gaualdian, eta hari buruz mintzatu da Ekai: «Ideia gitarra sustatzea da. Mota guztietako gitarren jaialdi bat da». Besteak beste Ekai bera eta Marc Berthoumieux akordeoi jotzailea arituko dira oholtza gainean. 

Kanboko auzapezak nabarmendu du Udakoak jaialdiari «mugaz gaindiko irudi eta itxaropen azkar bat» eman nahi diotela, eta euskal herritarren topagune bihurtu: «Udakoak festibala izaten ahalko litzateke gure Hegoaldeko anai-arrebentzat parada ezin hobea Iparraldera etortzeko, Kanbo deskubritzeko eta gure artean, anai-arreba artean, momentu goxo bat elkarrekin igarotzeko».

Hiru gaualdietarako sarrerak eskuragarri daude dagoeneko Kanboko Herriko Etxearen webgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA