Bertsolaritza

Udazkenean egingo dituzte Bizkaiko, Nafarroako eta Xilaba bertso txapelketak

Azaroaren 13an eta 27an eta abenduaren 18an jokatuko dituzte Xilabako, Nafarroako eta Bizkaiko finalak, hurrenez hurren. Ekainean hasiko da kanporaketa aurrekoa Nafarroan.

Onintza Enbeita da egungo Bizkaiko txapelduna. ARITZ LOIOLA / FOKU
Andoni Imaz.
2021eko ekainaren 1a
12:33
Entzun

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa eta Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako Xilaba amaitu gabe utzi zituzten iaz, COVID-19ak eragindako egoera zela-eta. Nafarroakoa, berriz, urte honen hasieran zen abiatzekoa. Egoerak hobera egin duela ikusita, hirurak aurtengo udazkenean egitea erabaki dute Bertsularien Lagunak Elkarteak eta Bizkaiko eta Nafarroako Bertsozale elkarteek.

Bizkaiko txapelketak hamar saio izango ditu; Nafarroakoak eta Xilabak, berriz, zortzina. Batzuetan, egun berean saio bat baino gehiago egingo dituzte, baina, zaleen mesedetan, egutegian txapelketak elkarren artean ahalik eta modurik onenean uztartu dituela esan du Bertsozale Elkarteak.

Irailean egoera aztertuko dute berriz, eta beharrezkoak diren nuerriak hartuko dituzte txapelketetarako.

Sailkapen fasea egina dute Bizkaiko Bertsolari Txapelketan. Iazko udaberrian egin behar zuten, baina irailera atzeratu zen azkenean. Txapelketa urriaren 3an hasiko da, eta abenduaren 18an jokatuko dute finala.

Xilaba, berriz, final-laurdenetan zela eten zen iaz, Frantziako Gobernuak ezarritako neurri murritzaileen ondorioz. Irailaren 18an ekingo diote berriz lehiaketari, eta azaroaren 13an izango da finala.

Txapelketetako lehen saioak ekainean bertan egingo dituzte, Nafarroako kanporaketa aurrekoan. Laster zabalduko dute horiei buruzko informazioa. Txapelketa, aldiz, urriaren 2an abiatuko da, eta azaroaren 27an egingo dute finala.

Urtearen hasieran ziren egitekoak Arabako eta Nafarroako bertsolari txapelketak. Araban, ohiko txapelketaren ordez, binakakoa egin zuten. Joan den maiatzean amaitu zen, eta Manex Agirrek eta Martin Abarrategik jantzi zioten txapela elkarri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.