UEMAk gida batean bildu ditu udalerri euskaldunetan kultur ekitaldiak programatzeko hizkuntza irizpideak

Mankomunitatearen iritziz, udalerri euskaldunen izaera eta errealitate soziolinguistikoa «ezinbestean islatu behar da udalak antolatutako, diruz lagundutako eta baimendutako ekitaldietan». Ekainean igorri zien gida UEMA osatzen duten 120 udalerriei.

Oiartzungo Poesia Eguna, iaz. MENDI URRUZUNO
Oiartzungo Poesia Eguna, iaz. MENDI URRUZUNO
mikel lizarralde
2026ko uztailaren 21a
16:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak gida bat osatu du udalerri euskaldunetan kultur ekitaldiak eta gainerakoak programatzeko hizkuntza irizpideak jasotzen dituena. Mankomunitateak ohar baten bidez azaldu duenez, «hizkuntza baten transmisioa, egunerokotasuna eta biziraupena bermatzeko funtsezko euskarria da kultura», eta hori dela-eta, haren ustez, udalek ardura handia dute ekitaldiak programatzeko orduan. «Kulturak iruditeria kolektiboa eta identitate partekatua eraikitzen ditu, eta berebiziko eragina du belaunaldi berrien hizkuntza ohituretan, bereziki ahozkotasuna eta jariotasuna lantzeko orduan». UEMAk ekainean helarazi zien gida mankomunitateko kide diren 120 udalei, «bertako udal arduradunek eta teknikariek kontuan har dezaten».

Kultur programaziorako hizkuntza irizpideak biltzen dituen gidak hamalau orrialde ditu, eta testu soil gisa biltzen ditu irizpideak eta gainerakoak. Horren osagarri, berriz, beste dokumentu bat ere prestatu du UEMAk udalentzat: Euskaraz programatzeko gida. Bigarren horrek, testu soila baztertuta, hizkuntza irizpideak eta gainerakoak «labur, zehatz eta modu ikusgarrian» erakusten ditu.

Kultur programaziorako gidaren helburua udalerri euskaldunetako hautetsi eta teknikariei irizpideak eta tresna praktikoak ematea da. Izan ere, UEMAren iritziz, kultura euskaraz sustatzea «ez da hautu bat, komunitatea elikatzeko eta etorkizunari begira hizkuntza biziberritzeko estrategiarik eraginkorrena baizik».

Gidaren arabera, udalak jarduera euskaraz programatzeko aukera duenean, ez du beste hizkuntza batean egingo

Udalak zuzenean kontratatu edo programatutako ekitaldiei eta jarduerei dagokienez, esaterako, gidak esaten du udalerriko euskalduntze indizea baino %10 handiagoa izan beharko lukeela euskarazko ekitaldien proportzioak. Haur eta gazteentzako programatutako kultur eskaintza osoak, berriz, euskarazkoa izan beharko luke. Gainera, gidaren arabera, udalak jarduera euskaraz programatzeko aukera duenean, ez du beste hizkuntza batean egingo.

UEMAren gidak zehazten du salbuespena izango dela euskara ez den beste hizkuntza bat erabiltzea. Halakoetan, jarduera erdaraz izan arren, ekintzaren propaganda euskaraz egingo da, eta berariaz aipatuko da ekintza ez dela euskaraz izango. Halaber, herritarrei ez zaie inolako mugarik jarriko euskaraz jarduteko, eta hizkuntza eskubideak bermatzeko bitartekoak jarriko dira.

Udalak diruz lagundutako ekitaldi eta jardueretarako ere irizpide berberak ezarri beharko lirateke, gidaren arabera.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA