Taqbir taldeko abeslaria

Nao: «Ulertezina zait punk eszenako musikari batek basakeriaren kontrako jarrerarik ez hartzea»

Punk eta hardcore doinu bortitzen gainean kritika zorrotzak emanez plazaratzen du bere mezua Marokoko Taqbir bandak. Nao abeslariaren esanetan, hori dute «agindu patriarkal eta arrazistei» erantzuteko bidezidorra. Urriaren 10ean Lazkaon joko dute.

Taqbir taldeko Nao abeslaria, promoziorako irudi batean. ROCIO MADRID
Taqbir taldeko Nao abeslaria, promoziorako irudi batean. ROCIO MADRID
Uxue Rey Gorraiz.
2026ko urriaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pandemia garaian du ernamuina Taqbir musika bandak, itxialdian, eta, ordutik, nazioarteko hainbat festibaletan oholtzaratu du hardcore garratzez eta punk doinuz ardaztutako bere proposamena, 2021ean sarean argitaratutako Victory belongs to those who fight for a right cause izeneko EPari tiraka gehienbat. Halakoetan, Nao kantariaren (Tanger, Maroko) ahotsa gailentzen da tarteka, darija hizkuntzan beti; erdi kantuan, erdi garrasika. 

Urriaren 10ean Lazkaoko (Gipuzkoa) Aho Lehor jaialdian joko du Taqbirrek, eta hori izanen du lehenbiziko aldia Euskal Herrian. Hamar egun falta direnean hartu du Naok BERRIArekin hitz egiteko tartea, eta, ohi duenez, abizena eta adina ez zehazteko eskatu du, «segurtasunagatik». 

Izuak zenbateraino baldintzatzen du zuen jardun artistikoa?

Lehen, izugarri. Hasi ginenean %100 eusten genion anonimotasunari; ez genuen guri buruzko batere daturik ematen, eta estalita aritzen ginen. Niri  2024an AEBetan bira bat egiten ari ginela izandako esperientzia batek aldarazi zidan jokabidea. Testuinguru islamikoko artista asko ezagutu genituen, punk eszenakoak haiek ere, eta normal-edo jokatzen zuten. Zera pentsatu nuen: «Jende hau aurpegia ematen ari da, hain zuzen AEBetan eta preseski New Yorken egonda, jakinik islamaren irudia eta musulmanen kontrako epaia nolakoa den, eta ni oraindik ere beldur honekin?». Hori ikusteak ahaldundu egin ninduen, eta pentsatu nuen aski zela. Orain unean-unean nahi dudan bezala jokatzen dut: batzuetan, estalita aritzen naiz; beste batzuetan, ez; edo kontzertua maskararekin hasi, eta erantzi egiten dut gero. 

Bereziki zerk mugatzen dizu askatasuna halakoetan?

Fundamentalistenengandik babestu nahi dugu, estremismo erlijiosotik. Mehatxutzat dauzkat. 

Halako amorru batek eskatuta da zuen proposamena den bezalakoa? Suminezko kantaera bat, erritmo bizia eta soinu saturatuak dituzue osagai nagusiak. 

Proiektua jaio zen frustrazio handia neukan une batean; hala sentitzen nintzen nire identitateari lotuta, edo sinets nezakeen edo sinetsi ezin nuenarekin lotuta. Zerbait izan nahi eta ezinak piztutako amorrutik sortu zen Taqbir. Uste dut horregatik garela hain biolentoak, horregatik dugula estetika hau, eta punka oinarrian.

«Darija hizkuntzan aritzen naiz kantuetan, sortzez daukadan horretan, eta esaten dudana garrantzitsua zait, batez ere, hitz guztiek kokatzen nautelako bizitzan izan dudan batailaren batean»

Spoken word-etik hurbil den molde bat darabilzue. Idazketak zer pisu du kantuak egiteko orduan?

Niretzat hori da inportanteena. Darija hizkuntzan aritzen naiz, Marokon hitz egiten den hizkuntzan, sortzez daukadan horretan, eta esaten dudana garrantzitsua zait, batez ere, hitz guztiek kokatzen nautelako bizitzan izan dudan batailaren batean. Ez dira izaten kontakizun garatuegiak ere, aski da paragrafo bat edo bi izatea, eta errepika bat ondotik, baina gauzak diren bezala kontatu nahi ditut haien bidez. Adibidez, Sma3 kantuan familia barreneko presioaz mintzo naiz, nik jasandakoaz, eta, aldiz, Aisha Qandisha abestian kaleko jazarpenaz hitz egiten dut; Marokoko mitologiako Aisha Qandisha figura mendekuaren patroi izendatuta.

Albumaren izenburuan bertan ere bistara dago zuen proiektuaren karga politiko handia: Victory belongs to those who fight for a right cause. Eta hori bai, ingelesez jaso zenuten.

Nahi genuen denek izatea proiektuaren karga politikoaren berri.

Borrokarako zer kausa sentitzen duzu zeureen? 

Feminismoa, antirrazismoa eta LGTBIQ+ komunitatearen aldeko borroka aipa nitzake, baina, esaldi bakarrean azaldu beharko banu, esanen nuke Taqbirrek izan nahi duela baztertuentzako eta marjinatuentzako aterpe bat.

Oholtza toki segurutzat duzu?

Segun. Batetik, han ni izan naiteke, aske, kantatu dezaket nahi bezala, eta oihukatu, eta mugitu naiteke, eta dantzatu. Kontua da oholtzan sentitzen naizela zaurgarrien ere: jomuga bat naiz.

Noiz sentitu zara horrela?

Askotariko anekdotak ditut. Jendea niri eraso egitera etorri izan da kontzertuetara, eta, inoiz, segurtasun agenteei esker izan dut aukera eroso sentitzeko. Eta, begira, ezta hori ere: behin problema handi bat izan nuen Erresuma Batuko jaialdi batean, eta preseski segurtasuneko langileak oldartu zitzaizkidan; naizen bezalakoa izatea eta nire performancea ez omen zitzaizkien gustatu, eta backstage-ean gordea egon behar izan nuen giroa lasaitu arte.

Batzuetan segurua da, eta beste batzuetan ez. Nik ahalegina egiten dut halakoak ahazteko, ez sentitzeko pisu zaizkidala, eta neure buruari esaten diot halakoak ez daudela nire kontrolpean.

«Behin problema handi bat izan nuen Erresuma Batuko jaialdi batean, eta preseski segurtasuneko langileak oldartu zitzaizkidan; naizen bezalakoa izatea eta nire performancea ez omen zitzaizkien gustatu» 

Palestinaren aldeko posizio argia erakusten duzue hala sareetan nola zuzenekoetan. Azkenaldian asko dira halakoak plazaratzeagatik zigorturiko artistak. Nola bizi duzue?

Kezkaz, baina uste dut mundu guztiak hartu behar lukeela jarrera argi bat genozidio baten aurka. Popa egiten duen eta esku artean kontratu asko dituen pertsona bati igual ez zaio hain erraza pauso batzuk ematea; uler dezaket, enpatizatu dezaket, baina ez dut harekin bat egiten. Baina, batez ere, geureari dagokionez, ezin dut ulertu punk eszenako musikari batek basakeriaren aurkako jarrerarik ez hartzea. Gurea eszena politiko eta abangoardista da, ezin da bestela jokatu. Guk beti eginen dugu; berdin zait jaialdi batean horregatik kontratatuko ez bagaituzte. Historiaren alde onean egon nahi dut, eta ez konplize izan. 

bost banda aho lehor fest jaialdian

Urriaren 10ean, Lazkaoko skate parkean eginen dute, zehazki, Aho Lehor Fest jaialdia. 19:00etan hasiko dute kontzertu errenkada, eta, Taqbir taldeaz gain, beste hauek oholtzaratuko dira: The Prize (Australia), Sick Shooters (Herbehereak), eta Euskal Herriko Orsin eta Barrrk. Haien guztien emanaldiak bukatuta, Malantza tabernan jarraituko du gaualdiak, Rocky Violencia eta Esnupi DJen saioekin. Sarrera doakoa da denerako. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA