Asier Hernandez. Antzezlan laburren sariduna

«Umoreak beti laguntzen du gauzak beste leku batetik ikusi eta sendatzen»

ARITZ LOIOLA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2021eko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Kilker baten inguruko ipuin bat kontatzeko helburua dute obraren hasieran Killek eta Kerrak, baina, bigarrenaren haserrealdiaren ondorioz, hainbat gaiz arituko dira azkenean. Oroz gain, obra «umoreari eta maitasunari egindako kantua» da, Asier Hernandezen hitzetan (Donostia, 1971).

Absurdoa erabili duzu gai serioez aritzeko. Zein da ekarpena?

Gaiak erlatibizatzeko balio du, oro har, eta gehiago garai aldakor hauetan. Umoreak beti laguntzen du gauzak beste leku batetik ikusten, eta baita sendatzen ere.

Protagonisten hasierako xedea zapuztu egiten da. Idazketa prozesua ere istorioa bezain aurreikusiezina izan da?

Saiatu nintzen modu konkretu batean adierazten, baina, idazten zoazen heinean, bat-batean, askatasun handiagoz idazten saiatzen zara, eta pertsonaiek beren bidea hartzen dute. Prozesuaren erdian edo, ez nekien oso ondo nondik joan, beste bide bat hartu nuen, atzera egin nuen...

Zer-nolako estiloa erabili duzu?

Euskara batuan idatzi dut, baina erdarakadekin ere umorezko pintzelkada batzuk egin ditut, kritika txiki batzuk egiteko. Horrekin adierazi nahi izan dut zuzentasunak nola mugatzen digun euskararen esentzia.

Antzeztua izateko aukerak nola eragiten du idazteko estiloan?

Lengoaia ahalik eta zuzenena erabili dut, egunerokotasunean oinarritua. Egitekotan formatu txikian egingo denez, hau da, taberna batean edo antzoki oso txiki batean, publikoarekiko gertutasuna kontuan izanda idatzi dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.