Unai Elorriagak eta Pello Otxotekok jaso dute Espainiako Kritika Saria

Narratiban 'Iturria' eleberria saritu du Espainiako Literatur Kritikarien Elkarteak. Poesian, 'Itsas bizimina' poema bilduma hautatu du

Unai Elorriaga idazlea, Iturria liburua argitaratu ostean emandako elkarrizketa batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Inigo Astiz
2020ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Unai Elorriagaren Iturria (Susa) izan da iaz euskaraz argitaratutako narratiba lanik onena, Espainiako Literatur Kritikarien Elkarteko kideen ustez. Pello Otxotekoren Itsas bizimina poema bilduma (Balea Zuria) ere nabarmendu du epaimahai berak poesiaren alorrean. Espainiako Kritika Saria jaso dute bi lanek horregatik. Euskarazko, gaztelerazko, galizierazko eta katalanezko lanak saritzen ditu urtero elkarteak, eta egileak ez du aipamenaz aparteko sari ekonomikorik jasotzen.

Iazko urrian aurkeztu zuen liburua Elorriagak, eta nobelaren eta ipuin liburuaren artean dabil lana, eta «nobelaz mozorrotutako ipuin-liburu» deitu zuen egileak berak ere aurkezpenean. Europako hainbat herrialde eta hizkuntzatan ipuin bana argitara eman duen Pedro Iturria izeneko idazlearen ipuinek, eta haren atzetik dabiltzan Soro Barturen eta Erroman pertsonaien nondik norakoek osatzen dute.

Bigarrenez saritua

Itsasoa da Otxotekoren poema bildumaren ardatz nagusia, izenburutik beretik argi dagoenez, eta bigarren saria du oraingoa. Aurrez ere, Bizkaiko Foru Aldundiaren Lauaxeta saria jaso baitzuten Itsas bizimina poema bildumak iaz.

Guztira, hogei kritikarik osatu dute epaimahaia. Katalanez, Jordi Lararen Sis nits d'agost lana saritu dute narratiban, eta Dolors Miquel poetaren Ictiosaure poesian. Galizieraz, Berta Davilaren Carrusel eta Olga Novo poetaren Feliz idade. Espainieraz, Mariana Enriquez idazlearen Nuestra parte de noche eleberria, eta Juan Antonio Gonzalez Iglesias poetaren Jardín Gulbenkian saritu ditu epaimahaiak.

Berez, apirilean ziren saria ematekoak kritikariak, baina, pandemiaren eraginez, igandean eman dute sarituen berri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.