Unai Mendiburu gailendu da Mungian, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hirugarren saioan

464 puntu lortu ditu Mendiburuk, eta zuzenean sailkatu da azaroaren 2an Abadiñon egingo duten finalaurrekorako. Imanol Uria eta Maite Sarasola izan dira hurrengo sailkatuak, biek 458 puntu lortuta.

Atzo jokatu zen Bizkaiko Txapelketa Nagusiko hirugarren saioa, Mungian. BERTSOZALE ELKARTEA
Atzo jokatu zen Bizkaiko Txapelketa Nagusiko hirugarren saioa, Mungian. BERTSOZALE ELKARTEA
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
2025eko urriaren 6a
11:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako final nagusia gerturatuz doa pixkanaka —abenduaren 20an izango da, Bilbon—, eta aurrera doaz finalaurrekorako sailkapenak ere. Atzo jokatu zen lehenengo faseko hirugarren saioa, Mungian, eta Unai Mendiburu nagusitu zen, 464 puntu bilduta. Hurrengo sailkatuak Imanol Uria eta Maite Sarasola izan ziren, biak 458 punturekin. Azaroaren 2an Abadiñon jokatuko den finalaurrekorako sailkatu da zuzenean Mendiburu.

Sei bertsolari ibili ziren lehian, eta honela gelditu zen saioko sailkapena:

Unai Mendiburu Valor: 464 puntu.
Imanol Uria Albizuri: 458.
Maite Sarasola Isazelaia: 458.
Josune Aramendi Perez: 425,5.
Ander Ucelay Aristi: 418,5.
Peru Vidal Gurrutxaga: 417,5.

Jon Amezaga aritu zen gai jartzaile.

Larunbatean jokatu zen lehenengo faseko bigarren saioa, Lekeition, eta Txaber Altube nagusitu zen, 450 punturekin. Larunbatean bertan, Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen kanporaketa ere izan zen, Auritzen; Eneko Lazkoz gailendu zen, 357,5 puntu lortuta. 

Hurrengo saioak

Hurrengo asteburuetan ere egongo da lehiarik. Urriaren 11n jokatuko da Bizkaiko txapelketako lehenengo faseko laugarren saioa, 17:00etan, Galdakaon. Bertan izango dira sei bertsolari hauek: Araitz Katarain Mugarza, Asier Galarza Garai, Bittor Altube Sarrionandia, Enare Muniategi Etxabe, Irune Basagoiti Agirre eta Paule Ixiar Loizaga Legarra. Urriaren 12an, berriz, Getxon lehiatuko dira Aitor Esteban Etxebarria, Ibai Amillategi Omaetxebarria, Janire Arrizabalaga Munduate, Koldo Muñiz Etxebarria, Mikel Goiriena Larrazabal eta Peio Molinuevo Martin.

Nafarroako Bertsolari Txapelketako hurrengo saioa larunbatean izango da, Mutiloan.

Bi txapelketetako saioetarako sarrerak eskuragarri daude Bertsosarrerak.eus atarian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.