Unai Ruiz ilustratzaileak eta Naroa Martinez idazleak lau eskutara ondutako Afonia albumak irabazi du 2026ko Etxepare saria. Nafarroako hainbat udalerri eta mankomunitatek elkarrekin antolatzen dute lehiaketa, Pamiela argitaletxearen eta Galtzagorri elkartearen laguntzarekin eta Nafarroako Gobernuaren babesletzarekin, eta 5.000 euroko saria jasotzen du irabazleak. Hain zuzen ere, Pamielak udazkenean argitaratuko du albuma. Aurten 26 lan aurkeztu dituzte sariketara. Aitziber Akerreta ilustratzaileak, Idoia Sobrino liburuzainak eta Patxi Zubizarreta idazleak osatu dute epaimahaia.
Ohar baten bidez jakinarazi dutenez, «tradizioaren aztarnei segika», istorioak dolua du oinarri: «Galtzen ari garen horren inguruko pena kontatzen du ipuinak, baina aldi berean, memoriaren bitartez oraindik ere ondoan dugunaren aldeko aldarria egin nahi dute istorioaren bidez. Ezer ez da galtzen norbaitek oraindik oroitzen badu, eta ezkila jotzeek bizirik diraute, aitonaren transmisioari eta tradizioari eutsi nahi dion ilobari esker».
Albumaren izenburuak isiltzen ari den, baina, adi erreparatuz gero, oraindik ere entzuten den ahotsari egiten dio erreferentzia: «Ezkila jotze bat, klon-klon, eta bertze bat, klap-klap, urrunean, aldiz, kulun-kulun... Entzuten ditugu kanpaien hotsak? Aitonak ilobari kontatzekoak zizkion soinu bakoitzaren erranahiak, baina haren ahotsa oihartzun bilakatuta, amonaren eta lagunen bitartez iristen dira orain notiziak». Hain zuzen ere, onomatopeia eta errepikapenak erabili dituzte egileek albuma sortzean, eta «ezkilen sokari segika bezala» irakurtzen den ipuina osatu dute.
Albumaren alderdi grafikoari dagokionez, irudi eta kolore soilek osatzen dute. Irudi ilunak dira, detaile txikiei baino gehiago, egoera eta istantari erreparatzen diotenak. «Giro lasai eta xamurra sortzen dute, baina, aldi berean, tristea, gordina eta isila».
Unai Ruiz (Bera, Nafarroa, 1983) Arte Ederretan lizentziatua da, baita hezitzailea eta margolaria ere. Naroa Martinez (Gasteiz, 1987), berriz, psikopedagogoa eta irakaslea da. Galeran eta doluan aditua da, eta Heriotza haurrekin egitasmoaren sortzailea ere bai.