Artista

Maider Lopez: «Unibertsaltasunera iristeko, zehaztasunaz interesatu behar duzu»

Itxurazko normaltasuna auzitan jarri eta ingurua bestela behatzera gonbidatzen du Lopezen lanak. Artea pertsonak ukitzeko eta eraldatzeko gai dela uste du. Hortik datorkio izena Donostian bisitagai izan duen azken erakusketari; astebete barru itxiko dute.

Maider Lopez artista, Pasaian egindako 'Aquí, ahí, allí' (2023) arte ekintzaren horma argazkiaren aurrean. GORKA RUBIO / FOKU
Maider Lopez artista, Pasaian egindako 'Aquí, ahí, allí' (2023) arte-ekintzaren horma-argazkiaren aurrean. GORKA RUBIO / FOKU
itziar ugarte irizar
Donostia
2026ko urtarrilaren 25a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kontrastea da deigarria. Aztarrika ibiliz gero, errealitatea deitzen zaion horren geruza ugariak ukitzeko aukera ematen dute Maider Lopez artistaren (Donostia, 1975) lanek. Hizketarakoan, baina, diskurtsoetan askorik urrundu gabe, garai bakoitzean eta toki bakoitzean garatutako lanen ezaugarrietatik hurbil geratzen da artista, bestelako gogoetetarako eremua bisitariari utzi nahiko balio bezala ia osorik. 

Lekuan lekuko errealitatea behatuz garatzen du Lopezek bere jardun artistikoa, gizakiak gizakiekin eta gizakiak bere ingurunearekin dituen harreman naturalizatuak auzitan jarriz. Joko arauak aldatzera gonbidatuz. Urri amaieratik hona, azken urteetan nazioartean egin dituen lanetako asko bisitatu ahal izan dira Donostian, Ukitu erakusketan, eta erakusketa bakarra eta aldi berean bikoitza izan da, Tabakaleran eta Kutxa Kubo aretoan ikusgai jarria —Aimar Arriola izan da komisarioa—. «Nire hirian dagoenez, feedback handia jaso dut», kontatu du, pozik. «Lagun batek esan zidan orain gehiago ezagutzen nauela, adibidez, eta polita egin zitzaidan». Otsailaren 1era bitarte egongo da ikusgai erakusketa; beraz, badira bisitan joateko egun batzuk oraindik.

Egindako hainbat lan berrikustea eskatuko zizun erakusketak. Nolako ariketa izan da hori zuretzat?

Oso polita. Erakusketak, batez ere, azken hamar urteetan egindako lanari begiratzen dio sakonki, eta oso aberatsa izan da. Nik nola site-specific-a lantzen dudan, leku jakinetarako eta testuinguru jakinetarako, aldiro ibiltzen naiz zerbait berriaren bila, eta horrek balio izan dit ohartzeko lan asko daudela eginda eta bata bestearen ondoan jar daitezkeela; pentsatu behar da nola. Zeren proiektu batzuk oso garatuta erakutsi ditugu, baina beste batzuk, argazki bakarrarekin. Eta hori emozionantea izan da. Nire lanetan oso inportantea da espazioa bera berrikustea, eta hemen ere bi eraikinetako espazioek agindu dute zer erakutsi eta nola. Adibidez, Kubo aretoan, 327x1383 [2001/2025] pieza jarri dugu [Veneziako Biurtekoan erakutsi zuen, 2005ean], eta lan horrek espazioa bera erakusten du. Espazio bat bere burua aurkezten, eta esaten: «Ni espazioa naiz, erakusketa aretoa. Normalean, obrak zintzilikatzeko bakarrik erabiltzen naute, baina izaera propioa daukat, eta begiratu, ibili espazio horri begira».

Antzera Tabakalerako zoruan jarritako Lurra (2001/2025) instalazioarekin ere.

Hori da. Kasu horretan, parket moduko bat osatzen duten taulak dira, eta ez daude lurrean finkatuta. Lurraren kolore bera dute, ertzek izan ezik, fosforitoak baitira horiek. Eta haren gainetik oinez ibili ahala, lurra mugituz joaten da, eta piezak gure mugimenduen araberako forma hartzen du. Pausoei ere soinua ematen die, eta horrek espaziora ekartzen gaitu: beste nonbait gertatutako zerbait ikusteaz gain, nonbait gaude. Gure gorputzaren kontzientzia ere pizten du horrek.

Ataskoa - Maider Lopez
Lurra (2001-2025) —zoruan— eta Ataskoa (2005) hormetan. 
Zure lanean aspalditik ageri diren ideietako bat da pertsonek ingurua eraldatzeko duten gaitasunaz jabetzea. 2005eko Hondartza lanean ikusten da, baina baita Belarra mugimenduan (2021) lan berriagoan ere, adibidez. Ardatz bat da oraindik ere?

Bai. Espazio publikoa bera eta pertsonok espazioa eraldatzeko dugun gaitasuna funtsezkoak iruditzen zaizkit. Beraz, bai, konstante bat da. Hori hor zegoen Hondartza-n [Zumaian (Gipuzkoa) egindako ekintza bat izan zen; udako igande batez, Itzurungo hondartzara joan ziren guztiei eskuoihal gorri bana eman zieten, eta, hala, pasaia eraldatu, 2005ean], eta Ataskoa-n [hiriguneko auto pilaketa bat birsortu zuten landagunean, Intzan (Nafarroa), 2005ean], baina hainbat urte igaro eta gero ere mantentzen da, eraldaketa txikiekin. Esango nuke naturaren erritmoa sartu dela gehiago jokoan orain; naturaren erritmoa bera gai modura, eta ez hainbeste gizakiok harekin erlazionatzen. Hori ikus dezakegu, adibidez, Belarraren arkeologia [2023-2025] lanean. Karrantzan [Bizkaia] egindako proiektu bat izan zen, erakusten duena gizakion jardunak, animaliek eta naturak berak, klimak, zer aldaketa eragiten duten larrean. Animalien morfologia zein den, adibidez, bakoitzak diferente jaten du belarra, eta forma aldatzen da.

Izan ere, badago zerbait inportantea nire lanean. Badaude proiektu handiak, pertsona asko mugitzen dutenak, adibidez Moving Garden [2022], non 750 pertsona mobilizatu genituen Alemanian baso mugikor bat sortzeko hirian zehar. Baina batzuetan jestu txikien bidez egiten dut lan, eta txikiaren eta handiaren arteko harreman hori, hain justu, oso presente dago. Belarraren arkeologia hori da: elementu oso txikiei atentzio handia jartzea.

Eta nola egiten duzu interes konstante horiekin ez aspertzeko, ez errepikatzeko?

Nahiz eta konstantzia izan tartean, nik ia beti zerotik hasi behar dut. Nire interesa da gero guztiak batuko dituena. Demagun Turkiara noala; testuingurua ulertu, ikasi, paseatu, zer gertatzen ari den entzun, argazki asko atera, eta, gero, proiektua lantzen dut. Han pertsona talde bat egon daiteke naturaren ertzak eskuekin marrazten [Ertzak, 2024], eta Danimarkan, berriz, pertsona talde bat olatuen erritmoari jarraitzen [Olatuak itxuratuz txoriak itxuratuz, 2021]. Askotariko testuinguruetan egiten dut lan, eta, bakoitzarekin zehatza izanda, forma oso ezberdinak ateratzen dira.

Belarra mugimenduan' (2021).
Belarra mugimenduan (2022).
Kasu gehienetan, jendea batu ohi duzu proiektua gauzatzeko. Zer garrantzi ematen diozu horri?

Handia. Pertsonak dira proiektua garatzen dutenak. Ikusleak desagertu, eta parte hartzaileak agertzen dira. Aukera bat izan daiteke jada existitzen den kolektibitate batekin lan egitea, baina nire lanek beste kolektibitate bat sortzen dute, behin-behinekoa. Kolektibitate hori elkarrekin egin beharreko hori egiteko sortzen da, eta, gero, bakoitza bere etxera. Halakoetan, interesgarria da askotan interes ezberdineko pertsonak biltzen direla proiektuetan. Ataskoa proiektura, adibidez, ekologista batzuk etorri ziren, baina baita Seat 600 elkarteko jendea ere. Eta hori ez da gertatzen egunerokoan.

Polarizazioaz eta indibidualizazioaz hainbeste hitz egiten den garaiotan, are indar handiagoa hartu du, akaso, jendea biltzeko keinu horrek?

Argi dagoena da gure eguneroko xumean ere gure ideologia bera duten pertsonekin baino ez garela erlazionatzen normalean.

«Hiriaren diseinuak markatzen du nola mugitzen eta erlazionatzen garen, eta nire proiektuek kontrakoa proposatzen dute»

Eta espazio publikoaren gaineko politikei erreparatuz, zer gertatu da espazio horrekin lan egin duzun urte hauetan, zure ustez?

Hasi nintzenean, arretagunea zen nola ari ziren espazio publikoa gero eta gehiago arautzen, eta nola ari zen gailentzen espazioaren banaketa jakin bat ere, eremu bakoitza erabilera bakar batera mugatzen zuena. Eta joera horiek indartu egin dira. Hemen gurutzatzen dugu kalea, hemen ibiltzen gara oinez, belarretan eseri gaitezke segun eta non... Hiriaren diseinuak markatzen du nola mugitzen eta erlazionatzen garen, eta nire proiektuek kontrakoa proposatzen dute: izan daitezela gure mugimenduak eta harremanak espazioa sortu eta diseinatzen dutenak.

Seinaletika (2003/2015) lanak agerian uzten ditu ez ikusteko jarrita dauden hainbat gailu; kamerak, su itzalgailuak eta beste. Izan daiteke hori artearen funtzio behinena? Etxekotutakoa arroztea?

Bai, ikusten ez dugun hori azaleratzea. Agerikoegia delako ikusten ez duguna, edo ez ikusteko egina dagoelako ikusten ez duguna, hain justu. Hori da Seinaletika-ren kasua; museoa beti saiatzen da aretoaren parte diren hainbat elementu ezkutatzen, eta hemen kontrakoa egiten da, pertsonen kontagailua ikusteko seinale bat jarri, adibidez.

'Koloretako 120 arkatzen kutxa' (2017-2025).
Koloretako 120 arkatzen kutxa (2017-2025).
Kubo aretoan, bada beste lan deigarri bat: Koloretako 120 arkatzen kutxa (2017-2025). 120 arkatz erabat gastatu arte marraztutako folioz osatuta dago. Zure lanen artean denbora gehien hartu duena da, eta denbora ikusgai egiteko modu bat ere bai.

Bai. Pieza hori osatzen duten marrazkiak etxean egin ditut, leku diferenteetan, beste proiektu batzuk egin ahala. Arkatzarekin denbora markatzen dut, denbora neurtzen dut, eta pieza orduak, egunak, hilabeteak eta urteak pasatu ondoren baino ez da bukatzen. Bederatzi urte iraun duen proiektu bat da, neure kabuz egina.

Denbora ere beti da inportantea nire lanetan. Costa Rican egin genuen proiektuan [Ur garbia ibaira (2024-2025)], denboraren eraginez bete ziren baldeak euri tantaz. Zenbat denbora behar zen? Ezin aurrez jakin. Nahiz eta ekintza egin genuenean euri garaia izan, ez zen iristen euririk, eta itxaron egin behar. Hor ere badago denboraren garrantzia. Badira, aldi berean, badira egun jakin batean gertatu diren proiektuak, eta hogei urteren buruan bizirik irauten dutenak. Tenporalitate oso ezberdinak daude proiektuetan.

«Norbaitek zera esan zuen nire lanari buruz, eta gustatzen zait: 'Makropolitikan gertatuko den edozein aldaketa mikropolitikatik eragindakoa izango da'»

Koloretako 120 arkatzen kutxa-n ere ageri da handiaren eta txikiaren arteko harremana; orriek sekulako horma hartzen dute orain erakusketan, baina trazu txiki-txikiz eginda daude.

Hori da. Hainbat proiektutara jo dezakegu hori ikusteko. Pertsonaia (2021), adibidez: emakume bat da, egunero etxetik ordu berean aterat eta ibilbide berbera egiten duena, oinez, landare batekin. Ekintza txikia da, baina 30 egunez eginda, errepikapenaren bitartez, ekintza eraldatu egiten da; kasu horretan, proiektuak hirian txertatutako pertsonaia bat sortzen du. Norbaitek zera esan zuen nire lanari buruz, eta gustatzen zait: «Makropolitikan gertatuko den edozein aldaketa mikropolitikatik eragindakoa izango da». Gure esku dagoena hori da, gainera.

Koloreak ere oso presente daude hainbat lanetan. Pinturan aritua zarelako, besteak beste?

Agian. Nire lana, esan dugunez, giza harremanetan oinarritzen da —arte soziala edo arte erlazionala deitzen zaio horri—, baina, gero, niretzat oso inportantea da horrek zer forma hartzen duen, lana nola dagoen eginda edukiaz harago. Eta hor sartzen da, besteak beste, kolorea. Beti izan da inportantea nire lanean: kolorearen eta pertzepzioaren arteko harreman hori.

'Zoom in' (2016).
Zoom in (2016).
Badago lan bat, Zoom in (2016), non naturaren koloreak atzematen saiatu zineten.

Bai, Kapadozian. Hain zen ikusgarria paisaia, ez bainuen lortzen arreta ezertan jartzea. Arreta naturaren kolore jakinetan jarriz, bailara horren koloreen katalogoa egin genuen. Mendi hori batera igo, adibidez, eta haren horitasuna harrapatu. Kolorea modu bat zen zehaztasunari garrantzia emateko, konkretua den horri. Zeren, txikiaren eta handiaren arteko harremana bezala, zehatzaren eta orokorraren arteko harremana ere badago beti nire lanean. Horretaz konturatzea interesgarria izan da nire ibilbidean: unibertsaltasunera iristeko, leku bakoitzeko zehaztasun muturrekoenaz interesatu behar duzu. Modu horretan, posible da leku horretatik oso urruti ere ulertuko den oihartzun bat sortzea. Oraindik harritzen nau horrek.

Nola egiten duzu testuinguru bakoitzean lur hartzeko? Nola ulertzen duzu zure lekua hor?

Normalean, obra bat egiteko gonbidapenak izaten dira. Museo batetik deitzen didate, adibidez, erakusketa baterako edo jaialdi baterako proiektu bat garatu dezadan —erakusketan dauden lan asko horrela sortu dira, salbu eta Ataskoa eta Hondartza, neurez eginak—. Gonbita jaso ondoren, bidaia bat egiten dut, eta... bidaia horretan, begiratu, paseatu, hitz egin... Gehienetan, bueltatu baino lehen, ez dut jakiten zer egingo dudan. Saiatzen naiz leku jakin horretan gertatzen den oinarrizko zerbaitetaz jabetzen, eta, normalean, hori izaten da abiapuntu bat.

Lekua entzutea?

Bai, nolabait.

'Artxipielagoa' (2019).
Artxipelagoa (2019).
Lanik berrienetan, presenteago daude lehen aipatu dituzun naturaren erritmoak. Urak, esaterako, pisu handia du Tabakaleran jarritako lanetan. Horrek lotura du krisi ekosozialarekin?

Bai, bai. Artxipelagoa-n [2019] badago isolatuta geratzearen ideia, adibidez, eta Basoa-n [2017], ikusten dugu nola bat-batean arbola bat mugitzen hasi eta planotik ateratzen den. Eta hor niri burura datorkit arbolak zera esaten duela: «Listo, horrela ezin dugu, ni banoa». Naturaren erritmoekin lan egiteak ere ekartzen ditu zailtasunak lanerako. Belarra mugimenduan-en, adibidez, belarraren lanak artzain batek egin zituen, eta ni artzainari galdezka ibili nintzen ea noiz egin genezakeen ekintza, eta hark aldiro, «ba segun eta euria egiten duen edo ez, edo zelako eguzkia dagoen...», eta, noski, nik aurretik jakin beharra nuen, hainbat jende nahastu behar nuen eta. Frustrazioa sortzen dute halakoek, baina ikasketa oso handiak dira.

«Lehenago gehiago lantzen nuen guk nola eraldatu genitzakeen gauzak, baina orain beste norabidea ere sartu da: nola arteak ere eralda gaitzakeen gu»

Ukimena ere bada zure lanik berrienetan pisua hartu duen zentzumen bat. Partez, hortik datorkio izenburua erakusketari; eta, partez, artearen dimentsio afektiboago bati egin nahi izan diozun aipamenetik. Nola ulertzen duzu bigarrena?

Arteak gu ukitzeko daukan gaitasunaren ikuspegitik. Kontua da, hori gertatzeko, utzi egin behar diogula gu ukitzen. Ataskoa behin gertatu zen, baina espazio hori ukituta geratu da ja, eta parte hartu zuten pertsonak ere bai. Edo orain Lurra-ren gainean ibiltzen bazara, edo Koloretako 120 arkatzen kutxa-ko margoak ikusteko gerturatzen eta atzeratzen bazara, detailea eta orokortasuna aztertzeko, esperientzia hori zure gorputzean mantentzen duzu. Arteak gaitasuna dauka gu eraldatzeko, eta ez bakarrik gu, baita gure testuingurua ere. Igual, lehenago gehiago lantzen nuen guk nola eraldatu genitzakeen gauzak, baina orain beste norabidea ere sartu da: nola arteak ere eralda gaitzakeen gu, edo nola egokitu gaitezkeen gu naturaren erritmora.

Erakusketa ixtear den honetan, zer duzu ikusmiran?

Erakusketarekin batera bi proiektu handi egin ditut. Bat Bruselan —bere garaian hiri hartan egon zen ibai bat ekarri dugu, ehun pertsonak ibaiaren soinuak garraiatuz bafleetan—, eta bestea Bordelen. Bigarrenaren bideoarekin nabil orain, eta proiektu berriekin lanean ere bai jada. Amsterdamen gonbidapen bat daukat, eta proiektua bilatu behar dut. Ikerketa lanean nabil, beraz.

Sarri-sarri jasotzen dituzu lanerako gonbidapenak?

Azken urteetan bai. Nire lana testuinguru ezberdinetan garatuz joateko aukerak dira, baina lehen esan dizut: nahiz eta hainbat urte eraman honetan, zerotik hastearen irudipena izaten da aldiro. Ezinezkoa da, baina badago momentu bat beldurra pizten dena: zer egingo dut, topatuko ote dut... Oraindik ere, beti izaten da hustasun une hori.

Kanpoan hainbeste ibilita, baduzu harremana Euskal Herriko arte mugimenduarekin?

Bai, bai. Hemen bizi naiz, eta honen parte naiz. Belaunaldi gazteagoekin harremana izatea oso aberatsa da niretzat, adibidez. Eta mugimendua badago, dudarik gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA