Urbasako basotik Banishantara

Argazkigintza garaikidearen molde berriak, basoaren natur indarra eta amona baten egunerokoaren adierazkortasun poetikoa bildu ditu Zarauzko Bilerak aurten, hiru gunetan

Urbasa, Photomuseumen dagoen lanetako bat. MARIA ANTONIA GARCIA DE LA VEGA.
gorka erostarbe leunda
2016ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Hilabete oso batez hiru argazki erakusketa ikusteko modua izango da Zarauzko Bileran (Gipuzkoa), urteroko ohiturari jarraikiz. Naturak, eguneroko istorioek eta begirada berriek izango dute presentzia indartsuena.

BEGIRADA BERRIAK

'Nazioarteko argazkigintza berria XXI. mendean'

Egilea: Kolektiboa.

Lekua:Zarauzko Sanz Enea kultur etxea.

Noiz arte: Maiatzaren 1era arte.

Ordutegia: Egunero, 18:00etatik 20:00etara.

Aurtengo Zarauzko Bilerak erakusketa indartsuena Sanz Enea kultur etxean bildu du. Indartsuena da lan kopuruari erreparatuz gero, eta aberatsena da gai eta formatu aniztasunari begiratuta ere. 28 egileren 107 obra biltzen ditu erakusketak; guztiak dira azken hiruzpalau urteetan egindako argazkiak. Ez da artista talde honek elkarrekin egin duen lehen lana, lehenago Contemporáneos. Treinta fotógrafos de hoy argitalpena plazaratu baitzuten elkarrekin, Ruben Garcia argazkilari espainiarrak bultzatu eta La Fabrica editorialak plazaratua.

Nazioarteko argazkigintza berria XXI. mendean erakusketa kolektiboa da, baita ibiltaria ere. Harantz-honantz baitabil azken hilabeteotan. Bost aretotan banaturik dago Zarauzko erakusketa. Lehenengoan, Olivier Haupt alemaniarraren —Madrilen bizi da— Isilatsuna serieko bi lan eta Nature Morte-ko beste bi nabarmentzen dira, adibidez, Robert Harding Pittman alemaniarraren Albari makrourbanizazioa-rekin batera, zeinean Dubaiko kanpoaldeko eremu idor bat ageri den, erdian zuhaitz bat eta besaulki abandonatu bat daudelarik. Mariani Diambra italiarraren Venetoko paisaiak obrak, Lucia Ybarra menorcarraren (Herrialde Katalanak) Sukaldea eta Iluntzea lanek, Juan Sande madrildarraren Argi naturala-k, Alfonso Zubiagaren Islandia-k eta Ely Sanchezen beste lan batek osatzen dute erakusketari sarrera egiten dion aretoko bilduma.

Bigarren aretoan, bi serie luzek hartzen dute indarra: Marta Arecesen Oraindik lurra izeneko serieko zazpi lan ikus daitezke, batez ere landa guneko lan jarduerak biltzen dituena; eta, bestetik, Manel Quirosen Bakardadean bizi serieko —2015 urtekoa da—bederatzi argazki indartsu ikus daitezke, koloretan eginak. Banishanta irlako (Bangladesh) neskato ahantziak erretratatu ditu —100 bat emakume gazte baino ez dira bizi han, bakartuak, guztiak prostituzioaren mende—. Andrejs Kovalovsen Umezurtza, Manuel Zamoraren Farenheit 451, eta Nicolas Haroren Equma. Zaldien latitudea lanek osatzen dute bigarren zatia.

Hirugarren aretoa da txikiena. Han Alejandra Carles-Tolra katalanaren Fall In seriea —2013ko da eta emakume militarrak agertzen ditu— eta Carlos Folgoso galiziarraren The Ghost Ship serieko bi argazki handi biltzen ditu.

Laugarren aretoan, Ruben Garciaren Mendebalde zaharreko espezialistak seriea (Almeriako Tabernas herrian egindako argazkiak, 2013) eta Veronika Marquezen Azken afaria lana nabarmentzen dira. Ruben Plasencia, Cristina Calvo, Pedro Galisteo, eta Georges Pacheco dira gainerakoak. Bosgarren aretoa da azkena eta handiena. Honako artista hauen lanak ikus daitezke: Oscar Vazquez Chambo, Javier Ayuso, Emilio Rosello, Cesar Blay, Gabri Solera, Fernanda Ramos, Juan Rodriguez eta Jesus Labandeira. Azpimarratzekoak dira Cesar Blayren Joku izkutuak eta Victor and Luis, biak ala biak, panpina txikiz eginak.

AMONAREN TALAIATIK

'Itsasoen artean'

Egilea: Diego Aldasoro.

Lekua: Zazpi galeria.

Noiz arte: Apirilaren 24ra arte.

Ordutegia: Lanegunetan, 18:00etatik 20:00etara.Igande eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.

Sorian jaio zen duela 32 urte Diego Aldasoro, eta Bilbon bizi da egun. Filosofian lizentziaduna izanagatik, ikus-entzunezko ikasketak ere burutu zituen eta masterduna da arte garaikide teknologiko eta performatiboan. Zarauzko Zazpi galerian ikus daiteke haren Itsasoen artean argazki erakusketa. Egunerokotasun irudiak, poetikotasunarekin uztartzen ditu argazkiotan Aldasorok.

Batetik, haren amonak egiten duen askari baten argazki sekuentzia dago. Bestetik, hainbat diptiko eta triptiko ageri dira, eta haiek ere amonaz mintzo dira. Eta baita itsasoei buruz ere. Itsaso horien artean jaio, bizi eta zendu baitzen amona. Honela dio Aldasorok berak lanari buruz: «Itsasoa bizitza eta heriotzaren metafora da. Itsasoa paisaia eta esperientzia da. Nire amona, Isidra, itsasoa eta memoria da. Eta askari batean hilezkortuta geratu da. Arratsalde batean bizitza guztia sar daiteke, keinu segida batean izaeraren funtsa destilatzen da. Eta objektu serie txiki batean zirrara asko kontzentra daitezke. Xehetasunetan kontenplazioa kontzentratzen da».

ZUHAITZAK ETA BASOA

'Memorandumnatura'

Egilea: Maria Antonia Garcia de la Vega.

Lekua: Photomuseum (Zarautz).

Noiz arte: Maiatzaren 1era arte.

Ordutegia: Asteartetik igandera, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

Photomuseuma da Zarauzko Argazki Bileraren erdigunea, kokaleku naturala. Han ikus liteke Maria Antonia Garcia de la Vega argazkilariaren (Madril, 1956) Memorandumnatura bilduma. Naturari erreparatzen dio halako begirada poetiko batez; bereziki basoei erreparatzen die, zuhaitz multzoei, zuhaitz bakanei eta haien inguruneari. Virginia de la Cruz Lichet arte adituak «panteismo natural» batekin parekatzen du haren lana: «Irudi xumeak, delikatuak eta leunak dira. Natura bere intimitatean begiztatzen uzten digutenak. Haren keinuak, mugimenduak. Elementu hauetan guztietan halako gandu malenkoniatsu bat ageri da, igarotako denborarena».

30 argazki ikus daitezke Photomuseumeko beheko solairuko aretoan, tamaina erdikoak denak. Zuri-beltzean eginak, eta uneko instantearen baretasuna islatzen dutenak, edota haiku poesiaren mistikotasun moduko bat biltzen dutenak dira. Azken hiru urteetan ateratako argazkiak dira guztiak, Espainiako, Euskal Herriko, Galiziako eta Portugalgo hainbat naturgune eta basotan ateratakoak. Urbasa inguruko hiru argazki daude erakusketan,eta Irati (Nafarroa) inguruko beste hiru, eta haiei batzen zaizkie El Tiemblokoak (Avila, Espainia), Sintrakoak (Portugal), Santo Estevokoak (Ourense, Galizia) eta Fragas do Eumekoak (Coruña, Galizia). Hiru erakusketen ibilbidea modu kontenplatibo eta patxadatsuan hasteko moduko bilduma da Memorandumnatura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.