Tabakalerako lehenengo solairurantz naramaten eskailerak igo bitartean, soinu ozen bat entzuten dut: bum, bum, bum, bum… erritmo zehatz bat markatzen duena eta, hein batean, nire desplazamendua horretara egoki dadin lortzen duena. Oliver Laxen HU / هُو – Bailad como si nadie os viera instalazio murgiltzailea da soinu horren emisorea. Gela hura atzean utzi eta alboko erakusketa aretoan barneratzen naiz, Carla Filipe eta Taxio Ardanazen lanak biltzen dituen Kooperatiba erakusketa ikustera.
Mostra hainbat espaziotan banatuta dago, eta aurkitzen dudan lehenengoa nolabaiteko hall bat da, mahaiz eta baldaz hornituta dagoena. Hala, mahai eta baldei biltegi funtzioa ematen dieten objektu ugari daude: bideoak, idatziak, portzelanazko figuratxoak, edalontziak, biniloak, argazkiak… tailer edo biltegi baten antolaketa gogorarazten dit horien distribuzioak, artisten lan espazioa izango balitz bezala. Objektuek ezaugarri estetiko bateratuak dauzkate, eta, era berean, elkar ezberdintzen dituzten elementuak ere azaleratzen dituzte, eta, horri buruz hausnartzean, ohartzen naiz estimulu estetikoak abiarazteko baliatzen diren piezak izan daitezkeela; beren ikusizko artxiboa garatzeko giltzarriak dira, agian?
Objektuak iraganekoak dira, eta hain zuzen, iragan horri heltzen diote Ardanazek eta Filipek erakusketan aurkezten dituzten artelanetan. Eta, nolabait, puntu komun hori da erakusketaren abiapuntua, zeinaren bitartez agerian geratzen den bertatik abiatuta artista bakoitzak bere bide plastiko propioa hartzen duela helburu berdin bati erantzun bat eskaintzeko.
Zehazki, helburu komun horrek memoria historikoari egiten dio erreferentzia eta XX. mendean gauzatu ziren erregimen politiko ezberdinak ditu ardatz. Kasu honetan, ardatza hall-eko biltegia da, eta alboetan dauden bi gelak artista bakoitzak hartzen duen bidearen adierazleak dira. Batak Taxio Ardanazen piezak biltzen ditu, eta besteak Carla Filiperenak. Antzekotasunak daude bien artean, baina euskarria ez da berdina: Ardanazek pintura eta eskultura erabiltzen ditu; Filipek, berriz, brodatua eta collagea.
Filiperen ardatzak artxiboari ematen dio zentralitatea. Espresuki Portugalgo diktaduraren aztarnak arakatu eta iruditeria bat eskaintzen dei. Hala, artistaren lana biltzen duen gela honetan sartzean landa eremuko emakumeen rola aztertzen duten oihalak daude sabaian zintzilik: oihalean inprimatutako collageak, emakume langile ezberdinen jardunak irudikatzen dituzten brodatu koloretsuak… kolore eta irudi ezberdinez osatzen diren irudi bigun horiek dira espazioaren desplazamendua baldintzatu eta ikusleon erritmoa moteltzen dutenak. Hatz artean eusten dugun orratzaren hariak oihala zeharkatu eta marrazten duen era berean markatzen den erritmoa, azkarregi irakurri ezin den historiaren erritmoa dela sentitzen dugu.
Bada, prozesua ez da hor amaitzen. Hurrengo gelan Ardanazen mihise monumental bat eta igeltsuzko eskultura bat aurkezten zaizkigulako. Instalazioak Filiperen oihalak islatzen ditu, sabaitik zintzilikatutako pintura erraldoiak espazioa bitan zatitzen duen heinean. Bertan, artistak XX. mendeko hainbat ideologiaren eszenografia lantzen du, ideologia eta irudikapenaren arteko tentsio horren bidez ikonografia politikoaren mekanismoak bistaratzeko asmoz.
Horrela, azkenengo gela hori biltegiaren beste aldean aurkezten denaren oihartzuntzat har genezake. Izan ere, beste aldean Ardanazen tamaina handiko pinturak aurkezten baitzaizkigu. Baina, kasu honetan ez dago espazioa zatikatzen duen elementurik. Pinturak hormara egokitzen dira, eta eraikinean bertan integratzean eraikinaren handitasuna biderkatzen dute. Ikuslearentzat, orduan, pintura bakoitza eszena ezberdin baten leiho bihurtzen da: gorputzak, eskuak, begiak, zuhaitzak… bakoitzak bere istorio propioa kontatzen du, baina guztiak izan daitezke istorio berdinaren parte ere.
Amaieran, beste espazio bat irekitzen da, kontrako aretoan gertatzen den moduan. Carla Filiperen lana biltzen du honek berriz. Hormetan eskegita daude eskuz idatzitako gainazalak, margotuak… diktaduran zehar zein ondorengo prozesu iraultzailean bazterreko identitateek pairatu zuten errepresioa biltzen duten kontakizun multzoak dira. Dokumentu historikoen zurruntasun estetikoa eraldatu, eta collagearen bitartez sortzen duen horrekin haren dimentsio subjektiboa ere azaleratzen du artistak.
Atzera egin eta aurretik ikusitako gelak zeharkatzen ditut berriro. Neure urratsei erreparatzen diet lehenik; gero, begirada inguratzen nauten artelanetarantz zuzentzen dut, eta artista bakoitzaren lengoaiaz hausnartzen hasten naiz. Carla Filipek iragana harilkatzeko duen gaitasun narratiboaz, alde batetik; eta Ardanazek pentsamenduaren eta irudiaren arteko tentsioak azaleratzen dituzten formen dimentsio politikoaz, bestetik. Bi artista hauen lanak konbinatuz, erakusketak bakoitzaren sorkuntza-ereduaren kontzientzia ematen digu; gai komun bati erantzun konpartitu bat eskaintzen dioten adierazpen ezberdinen bitartez.
'Kooperatiba'