Hilaren 16an abiatuko da Bizkaiko Bertsozale Elkartearen Udabarria Bertsotan egitasmoa: urtaroek aurrera egin duten arren, elkarteak Bizkaiko Txapelketako sailkapen faseari eusteko apustua egin du. Udazkenean lehiatzea ez da egitasmoak jasango duen aldaketa bakarra. Izan ere, osasun larrialdiak ekarritako neurrietara egokitzeko, antolatzaileek hainbat moldaketa egin behar izan dituzte.
«Martxoan konfinamendua agindu zutenean, Udabarria Bertsotan mantendu ahalko genuela pentsatu genuen. Gerora, bilakaera ikusita, irailera atzeratzea erabaki genuen. Ez genekien oso ondo zein izango zen egoera, baina fasearen ezaugarriak ikusita, mantentzeko aukerak zeudela uste genuen», azaldu du Ione Narbaiza txapelketako antolatzaile taldekoak
«Garrantzi handia ematen diogu segurtasunari, eta, batez ere, parte hartzaile guztien osasunari». Bertsolariak, gai jartzaileak, publikoa eta, oro har, saioetan ibiltzen den jende guztia kontuan hartuta, sailkapen fasea segurtasunez egiteko baldintzak betetzen direla nabarmendu du Narbaizak. Horregatik, eta oraindik Bizkaiko Txapelketa antolatzeko aukerarik izango den jakin gabe, erabaki dute sailkapen fasearekin aurrera egitea. «Oraingoz, fase honi eustea erabaki dugu, eskaintza kultural bat egin daitekeelako segurtasuna mantenduz. Saioak baldintza egokietan egin daitezke. Aurrerago ikusiko da txapelketarekin zer egin beharko den».
Datorren asteazkenean hasiko da Udabarria Bertsotan sailkapen fasea, eta hilaren 24ra arte iraungo du. 60 bertsolarik eman dute izena, eta azpimarratzekoa da Bizkaiko eskualde guztiak egongo direla ordezkatuta. Sei bertsolariz osatutako hamar saio egingo dira, beraz, eta fase horretan lortutako puntuen arabera sailkatuko dira bertsolariak Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako.
Plazak eskaini
«Txapelketaren helburuetako bat bertsolariei plazak eskaintzea da; bertsolari berriak ikusaraztea eta bertsolaritzaren munduan jauzia egiteko aukera ematea», esan du Narbaizak. Bertso eskolek ere era autonomoan plazak eskaintzen dituzten arren, Narbaizak ohartarazi du txapelketa izaten dela bertsolari gazte askok izaten duten lehenengo plazatako bat. Alde horretatik, aurten ere aukera hori bermatu nahi izan dute. Batez ere, ikusita gero eta gehiago direla eskoletan aritzen diren eta txapelketan izena ematen duten gazteak Bizkaian.
«Azken urteetan asko hazi da bertsolari kopurua, eta horri erantzuteko hasi ginen fase hau antolatzen». Hala ere, aurten hainbat aldaketa izango ditu. Batetik, osasun larrialdia baino lehen aurreikusitako zenbait moldaketa egin dituzte: sailkapen faseko hamar saioak bost egunetan jokatuko dira, egun eta ordu berean, herri bitan saio bana eginez.
Era berean, osasun larrialdiari egokitzeko hainbat neurri ere hartuko dira saioetan. «Batez ere, saioetako edukiera jendearen arteko distantziak mantendu ahal izateko egokituta egongo da, eta pazientzia beharko da sartzeko zein irteteko, toki desberdinetatik eta era ordenatuan egin beharko delako». Horrekin batera, saio osoan zehar maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da. «Aldaketa nagusia bertsolariei lotuta egongo da». Izan ere, azaldu duenez, oholtzak txikiegiak dira bertsolarien eta gai jartzailearen arteko distantziak mantentzeko. Hori dela eta, bertsolariak publikoan egongo dira jesarrita, eta soilik abesteko igoko dira oholtzara. «Hori izango da berritasunik handiena, bestela saioak normal joatea espero dugu».
Azkenik, hartu-emanak eragozteko, sarrerak Internetez baino ezingo dira erosi, Bertsosarrerak.eus atarian.